Borrar
AlDia

Erabileran eragiteko bideak aztertuko ditu Topaguneak

'Euskara Elkarteak ibilian' Jardunaldiak egingo ditu ostiralean Donostian

N. AZURMENDI

Miércoles, 21 de noviembre 2007, 08:55

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

DONOSTIA. DV. 1997an hasi ziren Euskal Herriko euskara elkarteak, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren bitartez, elkarrekin lanean. Hainbat ekitaldi antolatu ditu urtean zehar Topaguneak urteurrena ospatzeko. Etzi Donostian egingo dituzten VII. Jardunaldiak ere urtemugaren ingurukoetan kokatu behar dira, Jasone Mendizabal Topagunea Federazioko zuzendariak atzo Jardunaldien aurkezpenean azaldu zuenez egutegiak finkatzen dituen mugarriak «gogoeta egiteko eta asmoak finkatzeko» une egokiak baitira.

Euskararen erabilera sustatzeak duen garrantzia azpimarratu zuten Euskadiko Kutxako ordezkari Arantxa Olaizola eta Donostiako Euskara zinegotzi Ainhoa Beolarekin batera aurkeztu zituen Euskara Elkarteak Ibilian jardunaldiak Jasone Mendizabalek. Izan ere, horien laguntza izan du Topaguneak Jardunaldiak antolatzeko; babesleen artean daude halaber Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Fagor eta Gertu. Jardunaldietan ez ezik, hurrengo hilabeteetan Euskal Herrian barrena ibiliko den E3i erakusketa ibiltariaren osaketan ere izan dituzte lagun. Hilaren 24tik abenduaren 4ra egongo da erakusketa Donostian, Udal Liburutegiak San Jeronimo kalean duen aretoan.

Erabileran eragin

47 elkarte, 1.400 boluntario, 19.000 bazkide, 350 langile, 10 milioi eurotik gorako aurrekontua... Zifra horiek ematen dute gaur egun euskara elkarteek duten tamainaren neurria. Lan arlo nagusiak, berriz, ohikoak dituzte: aisialdirako programak garatu euskaraz; entitateak euskaldundu; mintzalagunaren motako mintza praktika egitasmoak abian jarri; kulturgintzako programak sustatu; tokian tokiko hedabideei (35 herri aldizkari baino gehiago kudeatzen dituzte egun) eutsi...

Milaka erabiltzaile dituzte gizartearen esparru ez formaletan euskararen presentzia areagotzea eta normalizatzea helburu duten ekimen horiek guztiek. Jasone Mendizabalen ustez, «euskaldunek ondo baliatu dituzte» eskaini zaizkien aukerak baina, era berean, «aztertu beharko litzateke zein eragin duten euskararen erabileran». Eta horretarako «gogoeta eta autokritika egin behar da» eta, batez ere «gehiago findu norbanakoaren motibazioen» ingurukoetan.

«Ekintzaileak izan dira gehienbat euskara elkarteak -azaldu zuen Mendizabalek- eta intuizioz sortu dira eta antolatu dituzte ekintzak». Ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka euskararen inguruko edozein gogoetaren muin-muinean dagoen honetan, «euskera erabiltzeko aukerak sortzen jarraitu behar dugu, baina ezin dugu intuizioan oinarritu soilik, eta gogoeta egin behar dugu euskararen erabileran nola eragin asmatzeko. Ekintza ez da nahikoa, ikuspegi berriekin egin behar dugu lan».

Eta horretan emango dute ostirala, goiz eta arratsaldeko saioetan, Miramon Parkean bilduko direnek. Egitarauan, norbanakoen hizkuntzarekiko jarrerari buruzko esperientziak; motibazioan nola eragin emozioen bidetik; coaching-ak alor honetan eskaintzen dituen aukerak; sentiberatzearen eta komunikazioaren garrantzia...

Matrikula egiteko epea itxita badago ere, azken orduko interesaturik balego 944 751 618 telefonoan eman daiteke oraindik izena, eta www.e2ibilian.org gunean lortu informazio zabalagoa.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios