TXORTAN

JESUS MARI MENDIZABAL

Jakina da, antzina, gure kostako arrantzaleak urrutira ibiltzen zirela, oso urrutira, bakailaoetara-eta. Ternuara, Gran Solera, Eskoziara Jakina den bezala, hilabeteak eta hilabeteak igarotzen zituztela uretan etxetik kanpo, egun luze eta gau luzeagoetan, olatuen borondatearen kulunkan senper gaiztoa ikusiz. Gizon gordinak izaki, haragizko gutizia harrotzen zitzaien maiz, sexu-grina, eta hamabiak jota bero-bero, beharko kanpaia jo, anaia txikia mantsotuko bazen.

Itsasoak ere, jo eta jo, badu bere muga. Eta lehorra jotzen zuten aldiro, ez dago pentsa-tzen jarri beharrik asmatzeko, norako bidea hartzen zuten, txopa galduta, abioan: pute- txera, txikili-txakala egitera; izorrategira, odolkia eltzean sartzera. Eta hemen, puntu honetan, ez datoz bat nire notizien iturriak: batzuek omen diote, patroiak denbora gutxiko baimena ematen zietela; beste gehienek, berriz, patrikan diru gutxi eraman ohi zutela arraina saldu eta manta egin bitartean, zorriak baino ere pobreago omen zebiltzala Gauza da (euskara ezinbestean barkuan utzia, ingelesa pittin bat derrigorrean ikasia), gauza da, sartu orduko, burdeleko señoritek honako eskaintza egiten zutela: «Short time!». Esan nahi baitu, asti labur edo denbora motza. Agudoago eta merkeago, alegia. Bistako denez, ez zuten eskopeta garbitzen denbora askorik pasatzen koarto ilunean. «Dit-dau, egina zagok hau. Pagau!», adieraziko zieten nolabait larru motzeko potota haiek gure mutil zakilei.

Short time, partida motza, xorta(i)m ahoskatzen omen dena. Hortik dator, agidanean, gure oraingo txortan egitearena. Egi-egia ote den? Hala dirudi bederen. Si non e vero, e ben trovato. Bide onean doa Egiako mandoa.