Basoko hitzen muga beroetan (I)

PATZIKU PERURENA
Pagoak udazkenean./
Pagoak udazkenean.

«Horixe baita zugaitza, erdiko gia zuzen eta tente, gora hazi dadin, aurrerako uzten den arbola. Hori da 'zugaitz' hitzaren esanahi jatorra; eta ez da, inondik ere, orotariko 'arbola' hitzaren sinonimoa»

Basoko hitz batzuen inguruan jardutea otu zait oraingoan. Goizueta eta Leitza alde honetan en-tzundako hitz batzuen misterioa argitzea ez da lan erraza izango hala ere!

Zugaitza. Zu(r) gaitza, zuraje egoki eta altuko arbola, alegia. Haundia baino gehiago, altuan bere zuzentasun egokia duena baita gaitza testubarren horretan. Horrexegatik esaten dugu gero, metafora bidez edo, esate bateko, R.M.Azkue segail eta dotorea, zuraje gaitzeko gizona zela. Eta tratatu ere, halaxe egin zuen hitz hau, geroztikako euskalari guziek baino garaiago eta dotoreago: «árbol bravío, arbre sauvage»; «árbol de maderamen, bois de construction, lit.: bois de charpente». Horixe baita zugaitza, erdiko gia zuzen eta tente, gora hazi dadin, aurrerako uzten den arbola; gero edozein zurajetarako erabiltzeko. Hori da zugaitz hitzaren esanahi jatorra. Eta ez da inondik ere, orotariko arbola hitzaren sinonimoa.

Eta, deusek bada eta, oraindik leku askotan batez ere iratze metak egiteko erabiltzen den zugatz horretxek berak erakusten du hori ederki. Mitxelenak bildurka esan bazuen ere, deus izatekotan, árbol bravo, bravío besterik ez dela gure usarioko zugaitza alegia. Eta berdin dio haritza, pagoa, pinua, altza edo lizarra izan, baldin eta gaztetatik azpiadarrak kenduz, eta erdiko gia zuzen eta lerden zainduz, aurrerako uzten den arbola baldin bada, zugaitza baita beti. Gaitz hitzaren eremu semantiko ugaritik, zehatz mehatz, horixe duzu hemengoa.

Berastegiko Javier Salbarredik esana dakit guk Goizuetan metaziri esaten diogunari han zuatza esaten diotela. Baita beste leku askotan ere. Eginkizun berbera dute: edozein meta klase egitekoan erdi erdiko ardatz izatearena; baina, ez dira gauza bera. Metaziria: tantai moztu eta bi muturretatik zorroztua da, gero muturrik lodienaz beheiti lurrean ongi sartu eta tinkotzen dena. Eta zuga(i)tza, tantai horixe berbera izan liteke, batere errotik mugitu gabe edo moztu gabe, lurrean bere horretantxe heze hezean dagoela, erdiko gia xuxena lurretik hasita bosten bat metrotan gora kimatu, soildu, eta haren bueltan iratzea edo belarra edo dena delakoa metatzeko baliatzen dena. Horixe da zugatza: azpiadarrak jo eta gia leundu batekin aurrerako tente uzten den arbola gaztea; nahiz bidenabar, edozein gauza bere gerriondo lehunean metatzeko erabili. Bestela esan, metaziri ordez leku askotan erabili ohi den zugatza hitza, funtsean, zurajetarako uzten zen zugaitz gazte hartatik gelditu den esanahi berria besterik ez dela, alegia.

Eta esan beharrik ba ote da ahozkotasuna dela edozein hizkuntzaren oinarri sakratu? Zergatik da bestela, latineko saccus, espaiñolez saco, euskaraz zaku , frantsesez sac ?... Baina ez bakarrik kanpoko lexikoa etxekotzekoan, baita, etxe barnekoa arautzekoan ere. Orduan, zu(r) + gaitz baldin bada hitzaren osaera nabari baino nabariago hori, zergatik jo da zuhaitz, hitz markagabetzat? eta gainera, semantikan, arbola orotarikoaren sinonimotzat? Ez naiz hasiko ni, zorioneko 'h' horren aurka, ez? Ongi maite baititut euskararen doinu guziak. Eta badakit ongi zehaztu beharko dela zuhamu, zuhain, zuhatz eta ahaideko beste hamaikaren esanahia ere. Baina, aurren aurreneko, zalagarda lotsagarri honetan, Agirre Asteasuko haren zentzu ederrean esateko, ezaguera zuzen gutisko sumatzen dut, eta anabas pedante gehisko elkarren gainka pilatua. Testubarren honetako -(g)aitz honek ez du deus ikustekorikez ez -aritz (Bizk. arbola) ez -gaitz (gaizto) ez besterekin. Esanahi hagitz zehatza eta jakina du, eta horixe azaltzen saiatu naiz, ustez, ona arte. Eta norbaitek uste badu oker nabilela, emaidala kontesta.

Motz, morro, desmotxo... Goizuetan ezagun askia da «Aixmoxta» leku izena. Eta badakizu zer esan nahi duen? «Haritz Mo-tzeta». Zenbat lekutan ote daude lo, horren antzeko toponimoak? Pago Motzeta, Lizar Motzeta...

Horrek esan nahi du, behiala, erdarak ere, euskaratik moldatu zuela bere lexikoa. Nondik, bestenaz, «desmochar» edo «trasmochar» aditzak? Ikus Álvaro Aragón Ruano ikerlearen El bosque guipuzcoano en la Edad Moderna liburua: «Lo que aquí se plantea es que un 'trasmocho' es un árbol 'desmocho' al que se le deja 'horca y pendón'». Bai. Baina ez beti.

Badirudi, «desmocho», Donostiako Ordenantzetan 1498rako ageri dena, zaharragoa dela «trasmocho» baino. Orohar «lepatu» esan ohi zaio euskaraz, erdarazko «desmochar» horri. Bere bizi guzian basoan aritua den aita nereak hala esaten dio benpe. Besterik da «trasmochar»: behin tantaia lepatu ondoren, handik urte batzutara lepagainetik atera zaizkion adarretatik bizpahiru hobenskoenak aurrerako uztea, alegia. Baina, arbola berez zalkor eta adartzabal badator, aldez aurretik batere «lepatu» gabe ere, hirulau metro altuko adaburutik adarrik kaxkarrenak moztu eta, utzi liteke bisardean edo hirusardean behitik goiti tantaitzen. Eta era batera edo bestera egin, horrixe esaten zitzaion, «trasmochar con horca y pendón» erdaraz. Hala eta guzi, «desmochar» eta «trasmochar» aditzek esanahi berbera dizute testu zahar askotan, non eta azkeneko honi «dejar con horca y pendón» garbi erasten ez zaion. Ez dakit, ordea, «dejar con horca y perdón» kastillanozko hori nola esan izanen den lehenagotik euskaraz. Eta jakinen nuke pozik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos