Joakin Arostegi apaizaren artikuluak liburu batean

Gillermo Etxeberria, Joakin Arostegi eta Mikel Atxaga aurkezpenean./
Gillermo Etxeberria, Joakin Arostegi eta Mikel Atxaga aurkezpenean.

ORIO. DV. Joakin Arostegi apaiz oriotarra bere garaian lan asko egindako gizona da. Bere ideia eta pentsamenduak 70. hamarkadan 'Zeruko-Argia' aldizkarian kaleratu ohi zituen, ausardiaz gainera. Artikulu haietako batzuk orain liburu batean kaleratuak izan dira, 'Elizaren lehioak zabaltzen' izenburupean Mikel Atxaga kazetariak eta Gillermo Etxeberriak, hau Euskal Idazleen Elkarteko partaide eta Egan aldizkariko zuzendaria, bere gain hartutako lanari esker. Liburu honetan garai haietako elizaren kontuak, ideiak, kezka eta itxaropenak agertzen ditu Joakinek. Gaur egun 93 urte baditu ere, orain 35-40 urte idatzitako artikuluak dira, nahiz Mikel Atxagak esan zuen bezala, «gai oso aktualak gaur egun ere, elizak bere borrokaren barruan dituenak».

Garai hartako eliza eta frankismoari aurre egiteko peripeziak azaltzen ditu, zentsurari nola ihes egin... Joakinek, hori bai, bere pentsamenduak 'On Koxme' berak asmatu zuen pertsonai baten ahotan jartzen zituen, beraz, diximulu handiarekin idazten zituen. Euskara aldetik oso hizkuntza bikaina erabiltzen zuela eta expresioak ere oso egokiak zituela, adierazi zuen Gillermo Etxeberriak. Unai Manterola, Orio eta Aiako apaiz gazteak ere asko ikasi duela liburua irakurritakoan gaineratu zuen.