Andoni Aizpuruk eguneroko magazina gidatuko du eta Anjel Alkainek umore saio berria izango du

Fikzioaren arloan, 'Pilotari' telesaila izango da ETBko nobedade nagusia

Andoni Aizpuru./
Andoni Aizpuru.

DONOSTIA. DV. Fikzioa da ETB-1ek denboraldi berrirako prestatu duen programazioaren ardatz nagusietako bat. Goenkale eta Martin telesail beteranoekin batera, Balbemendi-ren bigarren denboraldia eta Pilotari proiektu berria estreinatuko dira. Eguneroko saio baten aldeko apustua ere egingo da: Horrelakoa da bizi-tza, iluntzeko Gaur egun albistegiaren aurretik Andoni Aizpuruk gidatuko duen magazina. Eta umoreak ere bere tartea izango du. Anjel Alkain izango da oraindik labean dagoen saio berriaren arduraduna.

Lehendik ezagunak diren saioekin batera, beste lau estreinaldi nabarmendu daitezke: Zeure esku, gizarteko arazoen aurrean lagun-tza eskainiko duen tartea, Klaudio Landarekin; Edo zu, edo ni edo nor auto filmaketa saioa; Udazken loreak, perretxikoei buruzkoa, eta Baserria 1907, duela 100 urte Euskal Herriko baserrietan egiten zen bizimodua irudikatuko duen doku-soap bat.

ETB-1eko programazioaren aurkezpena atzo egin zen, Donostian, Bingen Zupiria ETBko zuzendaria buru zela. Fikzioaren aldeko «apustu sendoak» Pilotari telesail berriaren estreinaldia dakar hil honen 23an. Bertan, Iñigo Aranbarri protagonista nagusiarekin batera punta-puntako aktoreak ikusiko ditugu: Joseba Apaolaza, Lierni Fresnedo, Asier Hormaza, Koldo Losada eta Iñaki Beraetxe, besteak beste. 13 ataleko ekoizpen honek Julen Gortari pilotari gaztearen bizipenak dakartza. Venezuelara pilotan jokatzera joan eta etxerako bueltan, ekipajean droga zeramalako kartzelaratu egingo dute. Bost urteko espetxealdiaren ostean Euskal Herrira itzuliko da. Bere bizitza nola berregiten duen azalduko du telesailak igandero.

Bost saio berri

Astelehenetik ostegunera bitartean, arratsaldeko Gaur egun albistegiaren aurretik izango da ikusgai Horrelakoa da bizitza, Andoni Aizpuruk gidatuko duen saio berria. Informazioa izango du ardatz, baina magazin ukitua ere izango du. Gure herri eta hirietako gertakizun bitxi eta aipagarrienen berri emango dute. Umoretsua, entretenigarria eta erritmo bizikoa izango da, eta zuzenean emitituko da Miramongo estudioetatik.

Anjel Alkainek umore saio berria gidatuko du azarotik aurrera, Wazemank-en berarekin aritutako aktore gehientsuenekin batera. Oraindik izenik ez duen saioak ikuskizun tankera eta platoko une gehiago izango ditu. Gainera, gaurkotasunari garrantzia gehiago emango diote.

Klaudio Landa berriro ETB-1en ariko da. Zeure esku, gizarteko arazoen aurrean aholkuak emango dituen saioa gidatuko du. Autolaguntzarako gida moduko bat izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos