AFRIKAKO GERRA

«Paulo Yanzik bertsoak jarri eta Irungo inprenta batera eraman zituen, an argitaratzeko. Baiña laster abisatu zioten militarrek gaizki artuko zituztela eta badaezpada ere jende aurrean ez kantatzeko».

ANTONIO ZAVALA
AFRIKAKO GERRA

Paulo Yanzi bertsolaria Igantziko semea genuen, 1882ko otsaillaren 4-an jaioa. Gaztetan Ameriketan ibilia zan, leenenego Arjentinan eta ondoren Kalifornia eta Nevadan. Andik etorri eta Lesakan bizi izan zan, 1962-ko azaroaren 30-ean il zan arte. Pepito Yanzi esku-soinu-jole famatua zanaren aita zan.

Berak moldatutako bertso-saillak Auspoaren 77-78 zenbakian argitaratu genituen, 1968-an.

Bein batez, 1922-an, Irunen zalarik, antxe ikusi zuen soldadu-mordo bat instruzioa ikasten. Ondoren, formatu eta koartel aldera abiatu ziran. Bidean zijoazelarik, emakume batek onela oiu egin zien:

- Ez alde ortara joan! Joan beste alde ortara!

Frantzia aldera, alegia. Afrikako gerra, izan ere, beroenean zan orduan, eta iges egin eta artatik libratzearren. Dakigunez, Francok ere gerra artan parte artu zuen, lejionarioen komandante bezela.

Semea Afrika aldean zuen ama baten eskaera ere izan zuen Yanzki: «Nik betetzen det ordena, ama-txo batek emana».

Ala, etxera joan eta ogei ta bost bertsoko sailla moldatu zuen. Ona banaka batzuk:

Erriyetan jarri nota

esperuan dagola flota

enbarkatutzeko tropa;

deitu dituzte lizentziatuak,

eszedente ta kuota;

eman fusil ta arropa,

balaren artera bota,

etzaizkiyo asko kosta.

Artu manta ta motxilla,

juana bada asko milla

moru artera Melilla;

eben burua defenditzeko

matxetia ta fusilla;

ogei urtetan umilla,

bizi jokatzen dabilla.

Gaxuak balan artian,

gaur Afrikako partian,

moruekin atakian;

pena aundiyak utzita juanak

bakotxak eben etxian;

dabiltza malamentian

gostiak ogei urtian,

ez ortarako ustian.

Paulo Yanzik etzuen, beraz, gerra ori begi onez ikusten. Eskubidea nork zuen mutillak ortara beartzeko?

Bete besuak galoiez,

zillar ta urre kolorez,

agindu modu gogorrez;

artu ta eraman gure semiak

azitakuak dolorez;

ez dute eskatzen faborez,

batek nai badu edo ez,

lur bustitzera odolez.

Eman arma ta trajia,

Afrikara barajia,

mutikuak korajia;

kristandadian izenarekiñ

gizon iltzera biajia;

moro edo salbajia,

ura da aien parajia,

Jaun Zerukuak lajia.

Asko ama española

ikusten det badagola

negar franko dariyola;

anparo gabe Afrikan galdu

bere entrañako odola;

martirizatua orla,

pen au zenbat edo nola

eziñ det neurtu iñola.

Arruit, Zeluan ta Nadorrak,

ango odol-galtze gogorrak,

gorriturik daude lurrak;

ango kontuak aditu eta

bat artutzen du beldurrak;

ez dira noski gezurrak:

egazkiyak ta txakurrak

txupatzen illan ezurrak.

Odol galtze aundiak gertatu ziran, izan ere. Erderazko ber- tsoak ere jarri ziran. Oietako batek onela dio:

En el Barranco del Lobo

hay una fuente que mana

sangre de los españoles

que murieron en campaña.

Paulo Yanzik, bertsoak jarri eta Irungo inprenta batera eraman zituen, an argitaratzeko. Gero, paperak lagunen artean banatzen asi zan. Baiña laster abisatu zioten militarrek gaizki artuko zituztela eta kontuz ibiltzeko; badaezpada ere jende aurrean ez kantatzeko. Jende aurrean ez, baiña ixilka eta lagunartean kantatzen zituen. Bai jendeak ere ostatuetan.

Egun batean, automobil bat artu eta erriz erri ibili ziran Paulo Yanzi eta bere lagun batzuk, leiotik bertsoak boteaz, jende- ak irakurri, ikasi eta kanta zitzan.

Bertso, auek, guk dakigularik, bost bider argitaratu izan dira: iru aldiz paperetan, moldiztegi-izenik gabe; laugarrena Príncipe de Viana aldizkarian, 1968-an; eta bostgarrena, esan degunez, Auspoan, 1968-an.

Ni bi aldiz itzeginda nago Paulo Yanzirekin. Batean Lesakan, eta bestean Erratzun, Nafarroako bertsolari-txapelketa batean, bera ere entzule bezela ara joana zan-eta, norbaitek automobillean eramanda. Ordurako oso xaartuta zegoen.

Bertso-saioa asi aurretik, en-tzuleen artean sail ontako paperak zabaldu zituen. Guk artu eta bertsoak kantatzen asi giñan, Ai ori begi ederra edo Ikusten duzu goizean doiñuarekin, aurrean gure Paulo genuela, eskuarekin konpasa eramanez eta aurpegian belarritik belarriraiñoko irriparra zuela. Batzuetan, izan ere, ez da asko kostatzen lagun urkoa zoriontsu egiten.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos