Diario Vasco

Ikastolen Elkarteko ingelesezko materiala, Eltons sarietako finalista

  • Londreseko British Council erakundeak EKI proiektuaren baitako Subject Projects ingeleseko materiala saritu d

Ikastolen Elkarteko lantaldeak sortu eta Ikaslelkar argitaletxeak ekoitzitako EKI proiektuaren baitako Subject Projects ingeleseko materiala 2016ko Eltons sarietako finalista izendatu zuen asteazken honetan Londreseko British Council erakundeak. Hain zuzen ere, Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako Subject Projects da sarirako izendatutako materiala, bere osotasunean, papereko liburuak eta eduki digital eta animazio guztiak barne.

Eltons sariak 2003an antolatu ziren lehenengo aldiz. Londreseko British Councilek antolatzen ditu eta Cambridge University Pressek sustatu. Eltons izenak zera esan nahi du: English Language Teaching Innovation Awards. Ingelesaren irakaskuntzan, urtero banatzen den nazioarteko saririk garrantzitsuena da. Sari banaketa ekitaldia Londresen egiten da urtero, ekainean, eta zabalkunde handia izaten du, Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez.

Sariak hiru kategoria nagusi ditu: Excellence in Course Innovation (ikasmaterialen eta irakaskuntza programen berrikuntza), Digital Innovation (berrikuntza digitala) eta 'Local Innovation' (tokian tokiko berrikuntza). Ikastolen materiala lehenengo kategoriako finalisten artean dago, eta beste finalistak, Cambridge University Press, National Geographic eta Areal Editores dira.

Ez da hau nazioarteko sari batera izendatu duten Ikastolen Elkarteko lehenbiziko ikasmateriala. Lehendik ere izendatu eta irabazi ere egin dituzte sariak Eleanitz English proiektuaren baitan sorturiko materialek. Bestek beste, Hocus&Lotus, Story Projects (bi bider) eta The Explorers dira sariak irabazi edo finalista izendatu dituzten materialak.

EKI Subject Projects proiektuan talde zabal batek hartu du parte. Horrela, Phil Ball, Diana Lindsay, Letizia Viteri eta Inma Muñoa ikaslearen liburua eta irakaslearen gidaren egileak dira. Proiektuak Eleanitz English egitasmoko Subject Projects ikasmateriala hartu zuen abiapuntutzat, eta material horren egile taldea Itziar Elorza eta Maite Garmendia eta Diana, Phil eta Maria Luisa Garcia izan ziren.

Halaber, Jone Dorronsoro eta Sarah Turtle izan dira edizioaren eta hizkuntzaren orrazketaren arduradunak, eta Aritz Trueba animazioarenak. Loraine Lekuonak bertsio digitala eta euskarri digitalak prestatu ditu, eta Ander Iturburu IKT aplikazioen tutorialak.

Temas