
Korrika 18ren ibilbide kiribildua bi aldiz barneratzen da Iparraldeko lurretan; lehenengoan sartu eta irten, eta bigarrenean, berriz, bertan gelditu, Baionan datorren igandean ospatuko den festa handiarekin emango baitzaio amaiera AEK antolaturiko lasterketaren aurtengo edizio honi.
Lehenengo sartu-irten hori atzo egin zuen Korrikak, atzean Nafarroa eta Ibañeta elurtuta utzita. Gaua hotza izan zen eta agian horrexegatik minutu gutxi batzuko aurrerapenarekin ere iritsi ziren lasterkariak Arneragira, Nafarroa Beherera. Goizeko hamar eta erdiak aldera sartu zen lasterketa erraldoia Iparraldean lehen aldiz, 'Eman euskara elkarri' lelopean. Guztira 166 kilometro egin zituen Nafarroa Beherea, Zuberoa eta lapurdiko lurretan, eta zenbait lekutan elurra ere lagun izan zuten bide bazterretan. Donibane Garazin, Maulen, Donapaleun... harrera izugarri beroa izan zuten lasterkariek. Lapurdin, gainera, herri askotan antolatu ziren jaiak Korrikari ongietorria gauez emateko: Hazparnen, Kanpon, Ezpeletan, Saran...
Gaur goizaldean Bortzirietan barrena sartuko zen berriro ere Korrika Nafarroan. Bost herrietako udalek kilometro bana erosi eta korrika egingo dute; baita hainbat kultur eta kirol eragilek ere.
Euskal Herrian ez ezik, munduko hainbat tokitan ere egingo dute korrika asteburu honetan euskararen alde, hala nola, Sidneyn, Montevideon, Buenos Airesen, New Yorken eta Madrilen.
Atzokoaren ostean, dagoeneko ibilbidearen laurdena osatu du Korrika 18k. Eta ehunka eskutatik igaro da lekukoa, igandean Baionan argituko den mezu ezkutua barruan duela.

