Hiru antzezlan aurkeztuko dira asteburuan Zumaiako aretoetan

Inazio Tolosak zuzendutako 'Aktibo toxikoa' izango da gaur Oxforden. Hiru antzezlan ikusteko aukera izango da asteburu honetan Zumaian

DVZUMAIA.

Antzerkia gogoko duten herritarrek (eta bisitariek) ez dute kexatzeko arrazoirik izango. Asteburu honetan hiru antzezlan aurkeztuko dira Zumaian, bat Alondegian eta beste biak Aita Mari zinean.

Hasteko, gaur 22:00etatik aurrera, Bederen 1 taldearen 'Aktibo toxikoa' ikusteko aukera izango da Alondegiko Oxford aretoan. Inazio Tolosa zumaiarra da lan honen zuzendaria, eta bere agindutara Patxi Santamaria aktorea izan du.

Bat Jauregi da lan honen protagonista, errealitatearen beste aldea erakusten duen pailazoa, mimoa eta pertsona. Bat Jauregi politikaria izandakoa da. Erretiroa hartutako gizasemea. Krisiak bete betean harrapatu du eta ekintza bat egitera dator. Bankuak etxetik bota du eta kale gorrian utzi du. Baina ez dago geldirik egoteko prest. Ez du nahiko kanpaldi, kontzentrazio edo 'haserretuen' talde bat osatzearekin. Berak beste zerbait antolatu du. Eta horretarako konbokatuko du ikuslegoa, bere ekitaldian parte hartzeko.

Antzezlan honetarako sarrerak aurrez salgai daude turismo bulegoan 5 euroan; 3 euroan Gazte txartelarekin.

Grimm anaien irudimena

Igande honetan beste bi antzezlan izango dira Zumaian, Aita Mari zinean hain zuzen ere. Eguerdian, 12:00etan, haurrentzako 'Jon Beldurgabea' lana izango da. Ilun-tzean, aldiz, 20:00etatik aurrera, puri-purian dagoen gai baten inguruan arituko dira, 'Su txikian'. Bi antzezlan hauetarako sarrerak ere salgai daude turismo bulegoan: haurrentzakoa 3 euroan, eta helduena 9 euroan, 6 euroan Gazte txartelarekin.

Grimm anaien ipuin klasiko batean oinarritzen da 'Jon Beldurgabea' antzezlana, eta Jon du bere protagonista, beldurra zer den ez dakien mutikoa. Jon etxea utzi eta beldurraren bila abiatuko da. Hasteko Jonek sorgin batekin egingo du topo, eta hark gaztelu sorgindu batera bisitan joatea gomendatuko dio; bertan hiru egun ematea lor-tzen badu, gaztelua sorginkeriaz libre geratuko da eta gaztelutik kanporatutako erregeak bere alabarekin ezkontzen utziko dio.

Hala, Jonek hauei guztiei egingo die aurre: maitagarriegia den mamu bati, pirata ezpatari bati, kapadun banpiro bati; horrez gain, saskibaloian arituko da burua galdu duen erraldoi batekin eta hiru buruko deabru baten hiru buruekin eztabaidan ere bai.

Azken hamarkadan zehar

Glu-glu ekoizpen etxearen 'Su txikian' antzezlanak, berriz, azken hamarkada honetan bizi izan dugun egoera politikora garamatza. Martxelo Rubio eta Mañu Elizondo ezagunak hartzen dute parte Galder Perezek idatzi eta zuzendutako antzezlan honetan.

Itxaropenez betetako garai historikoa bizi du Euskal Herriak, agertoki politiko berri bat abian jar-tzeko oinarriak ezartzen ari baitira. Gure azken urteotako historiaren garaia, liskarrek eta sufrimenduek markatu dutena, ixteko zorian da, eta bakea eta askatasuna lortzeko bidean gaude.

Azken hamarkadan egindako sukalde lanaren ondorio ere izan daiteke gaur egungo egoera. 2001. urtean Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek elkarren arteko elkarrizketa sekretuak hasi zituzten Txillarre baserrian. Honek bidea irekiko zien urte batzuk geroago politikari sozialistak ETAko ordezkariekin Genevan eta Oslon izan zituen negoziazioei, baita Loiolan EAJ-PNV, PSE-EE eta Ezker Abertzalearen arteko elkarrizketei ere.

Su txikian egin zen hori guztia, sukalde barruko kontuak behar bezala konpondu eta gero konponbideak euskal jendarteari aurkezteko asmoz. 2007ko udaberrian, ordea, dena hankaz gora geratu zela zirudien, baina isilpeko bilera haiek gaur bizi dugun egoera berriaren aurrekariak izan zirela baiezta daiteke.

'Su txikian' antzezlanak azken hamar urteetako zenbait pasarte eta ezinbesteko elkarrizketa sekretu haiek taula gainera eramango ditu, bere lorpen zein frustazio guztiekin, eta baita bere ondorioekin ere: ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaiera eta bake prozesuaren zein elkarbizitzaren hasiera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos