San Sebastian egunari aurre hartu eta Udarregi ikastolako ikasleak danborjole bihurtu izan dira bezperan urte askotan. Aurtengoan bi egun lehenago zabalduko dituzte lau haizetara tanbor hotsak herrian, bihar hain zuzen ere. Ohiturak jarraituz, aurten ere hala izango da. Galtza urdinak eta jertse edo alkandora zuria izango dituzte lagun bihar arratsalean, baserritar zapiarekin batera.
Honenbestez, gaur arratsaldez herriko haurrak danborra jotzen ikusteko aukera bikoitza izango da Usurbilen. Alde batetik, Haur Hezkuntzako ikasleak eta bestetik, Lehen Hezkuntzakoak izango dira Udarregi ikastolaren danborrada eskainiko dutenak.
Lehenengoen saioa Agerialden izango da. Txikienak 15:45 aldera hasiko dira. Eguraldi ona izanez gero, Agerialdeko frontoi handian izango da danborrada eta bestela, beheko frontoietan estalpean arituko dira.
Bestalde, Lehen Hezkuntzakoek arratsaldean, 16:00ak aldera, hasiko dute beraien saioa. Eguraldiak laguntzen badu ikastola aurreko plaza borobilean izango dira eta euria egiten badu, berriz, ikastola barruko aretoan egongo dira. Plaza borobilean ekitaldi polita egiten dutela esan beharra dago. Amaieran, ohikoa den legez, plaza borobilari bira emango diote Udarregiko danborjole gazteek.
Diaporama Sutegin
Gaur Iñaki Agirresarobe herritarraren 'Eiraann argazkietan' diaporama ikusteko aukera izango da Sutegin 18:00etan. 'Eiraann, argazkietan' bilduma 15 egunetako egonaldian harturiko argazkiekin irudikatuko paisai mota bat da: kostaldeko herrixkak, Belfast eta Derryko hormirudiak, gaelikoaren egoera... 600 argazkiren bidez osaturiko 70 minutuko diaporama da, bi zatitan banatua.
Jardunaldiak Potxonean
Bestalde, Auzolanek antolatuta krisiari buruzko jardunaldiak izango dira gaur eta bihar Potxonean. Gaur, 19:00etan, Nekane Jurado adituak gure artean bizi dugun krisialdi ekonomikoaz jardungo du Potxonean. «Zer egin dezakegu krisiaren aurrean? Zer gertatzen ari da Grezian?» bezalako galderak erantzungo ditu bertan. Bihar ordu eta leku berean izango da bigarren saioa. Krisiari aurre egiteko udal talde eta herri eragileen proposamen zehatzen aurkezpena egingo da bertan. Gerora, udaletxean eztabaidatu eta estrategia adostu bat bultzatu nahi da.