Joxe Agirre bertsolari azpeitiarra hil zen atzo, 83 urte zituela. Alabarekin gosaldu ondoren, ondoezik jarri zen eta hil. Bihar izango da hileta elizkizuna, 19:00etan, Azpeitiko parrokian.
Hirurogei urte pasa egin zituen Agirrek bertsotan plazan. Hain zuzen ere, bera zen kantuan segitzen zuen bertsolaririk zaharrena. Xabier Euzkitzek bere Twitterrean ida-tzi zuen abenduaren 6an Oñatiko Gaumendi baserrian lagunartean kantari aritu zela Agirre, eta «haiek izango zituen azkenak». Euzkitzeren iritziz, «basa eta zorrotza, bizia eta zuzena, arraza jakin bateko azken bertsolaria» izan da.
Hil honen 23an Erniarraitz Bertsozale Elkartea hari, eta Imanol Lazkanori eta Joxe Lizaso zenari, omenaldi bat egitekoa zen Azpeitian, Sanagustin kulturguneko bertso saio batean.
2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian berak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori. Agirrek lau bertso bota zituen, horietako bat hauxe:
Mila zorion da goraintzi
eman gabe nola utzi.
Euskal Herriko txapela,
horra Maialeni jantzi.
Ahal dezun artean eutsi,
ez dezu meritu gutxi
emakumerik oraindik
ez zen hortara iritsi.
Azpeitiko Oranda Behekoa baserrian jaio zen. Handik eskolara etor-tzea ere ez zen izango erosoa, eta Joxe, berak hainbat aldiz aitortu zuenez, dotrina ondo ikasita baina eskola handirik gabe hasiko zen lanean. Buru azkarrekoa eta memoria fineko gizona izan zen. Alde bateko gabeziak beste bertute handi batzuen bidez berdindu zituen.
Aitonak sehaskan bertsoak kantatzen zionetik bertsolari-jitea duela Orandak, baina aski berandu hasi zen plazetan, 29 urte zituela.
Lan asko egindako gizona izan zen, harrobian, baserrian zein bertsotan. Bertsolaritza hain ongi ikusia ere ez omen zegoen, eta amari ez omen zion grazia handirik egiten, baina lantegi horretatik sos batzuk etxeratzen hasi zenean, hala esan omen zion: «Nahiago nikek bihar ere deituko baliate».
Uztapide miresten zuen gehien. Ezagutu zuenean asko pentsatuko ez bazuen ere, gero hamaika aldiz kantatu zuen harekin. Gehien ibili, ordea, Lizaso eta Lazkanorekin ibili zen. «Hiru azpeitiarrak» taldeko pieza inportantea zen Agirre. Bertsolari bizia eta zorrotza, bat baldin bada.
Jaiotetxeari bertso hau kantatu zion:
Oranda deritzan Izarraizpeko
baserri arlote baten,
halabeharrez guraso onak
mundura sortu ninduten.
Orain arteko bizimodua
hor ari naiz eramaten,
ta aurrerantz ere baztertutzeko
gogorik ez dit ematen.
Ez dakit nere seme-alabak
nik aina maiteko duten.
Honela deskribatu zuen Xalbador zena:
Bertsolaria zinen
punta-puntakua,
arinkeri gutxiko
sentimentukua,
zuzen bidea zendun
beti gogokua.
Entzun, artzain haundia
Urepelekua:
zeruan gorde zazu
guretzat lekua.
Uztapideren omenaldian kantaturiko bertsoak dira hurrengo biak. Joxe Mari Iriondok hitz hau eman zion gaitzat: «Makila».
Indarrez jeisten ari naiz eta
urtetan noa goruntza;
noiznahi badaukat estrapozua,
noiznahi badut pauso hutsa.
Belaun nekatu hauen gainean
ezin eraman gorputza;
norabait egin behar danean
haruntza edo honuntza,
zerbait behar ta nik izaten det
makila honen laguntza.
Ene makila, nor maiteko det
besterikan zu hainbeste?
Nik baztertuko zaitudanikan
inoiz ez zazula uste.
Baina nahigabe gogorrak ere
neregana badatozte,
zenbati alditan era txarrean
baliatutzen zaituzte:
errugabeko gure anaiak
zurekin jotzen dituzte.
1982an Seguran, honela eran-tzun zion Iñaki Muruak ipinitako puntuari:
Dirua dadukanak
a ze suertea...
horren ondoren pasatzen
degu guk urtea.
Nahiagu nuke kartera
baneuka betea,
nere gaurko okerra:
hutsik izatea.