«Hiztegi denek islatzen dute sexualitate eredu jakin bat»

Nerea Santxoren zuzendaritzapean, 'Sexologiako hiztegia' osatu du EHUko Euskara Zerbitzuak

N. AZURMENDIDONOSTIA.
Nerea Santxo eta Itziar Alonso irakasleak, hiztegiarekin. ::                             UNANUE/
Nerea Santxo eta Itziar Alonso irakasleak, hiztegiarekin. :: UNANUE

Koitoa, orgasmoa edota masturbazioa, sexologiako hiztegi batean azaldu daitezkeen hitzen artean arruntenetako hiru aukeratuta, era askotara definitu daitezke. Ikuspegi moralistak alde batzuk nabarmenduko ditu, beste batzuk ikuspegi medikoak... Begiradaren eta ikuspuntuaren araberakoak izango dira, azken batean, definizioari erantsiko zaizkion konnotazioak.

Nerea Santxo EHUko Psikologia fakultateko irakaslearen zuzendaritzapean osatu den 'Sexologiako hiztegia'-ri heltzerakoan, oso argi izan zuten, Santxok berak atzo Donostian egin zen aurkezpenean nabarmendu zuen bezala, sexologiaren ikuspegia izango zela nagusi. Sexologiako eta osasun arloko profesionalei, hezitzaileei eta beste zenbaiti lagungarri gertatuko zaien lanak aurreneko aldiz eskaintzen du euskaraz «terminologia bateratu eta egokia», 1.800dik gora termino bilduz, gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera itzuliz eta, kasu askotan, definizio osagarriz aberastuz.

«Hiztegi denek isaltzen dute sexualitate eredu jakin bat», esan zuen Santxok aurkezpenean, eta talde zabal baten lanari esker burutu duten euskarazko honek hedatu nahi duena ere azaldu zuen. «Eredu zabalduenak ugalketari lotuak dira, edota koito eta orgasmozentristak, heterosexistak, falozentristak... Guk beste proposamen bat egin nahi dugu. Nork bere ezaugarri maskulinoak eta femeninoak garatu behar ditu, bere gizatasuna eta emakumetasuna eraiki, 'normala' izaten saiatu gabe. Sexualitate kontuetan, hain zuzen, normaltasuna ez da existitzen; aitzitik, aniztasuna ezagutu eta onartu behar dugu».

Aurkezpenera gainerako lankideen ahotsa eraman zuten Nerea Santxo eta Itziar Alonso irakasleek azpimarratu zituzten alde horiez gain, euskararen zuzentasuna ere asko zaindu da, eta horren ardura Juan Kruz Igerabide EHUko Euskara Zerbitzuko kidearena izan da. Une honetan, interneten dago soilik 'Sexologiako hiztegia' (izenburuaren bitartez segituan aurkitzen da), zuzenketa eta iradokizunak jasotzeko prest. Horiek kontuan hartuta azkeneko bertsioa onartzen denean, paperera eramango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos