«Berrikuntza proiektuak garatzeko, enpresek aurreko lana egin behar dute»
Iñaki Setien Ingeniaria, ikertzaile lanetan Lortek-en. Gipuzkoako ikasle onenak nabarmentzen dituzten Kutxa Sarietako bi lortu ostean, Goierrin geratzea erabaki du, enpresetan berrikuntza proiektuak garatuz
OLATZ ELOSEGI
Viernes, 24 de febrero 2012, 05:29
Krisiaren eta honi loturiko lanpostu faltaren eraginez ikasketa eta prestakuntza mardula duten gazte asko kanpora lan bila joaten ari direla entzuten ari gara azkenaldian behin eta berriz. Lan aukera hobeak erakarrita alde egiten duten langile gaituen nolabaiteko 'ihesaldia' ematen ari omen da gurean. Iñaki Setien segurarrak (1987an jaioa) ez du, oraingoz behintzat, halako asmorik. Eta ziurrenik aukera izango luke nahi izanez gero. Bere ikasle curriculum-a ikustea besterik ez dago horretarako. Gipuzkoako ikasle onenak nabarmentzen dituzten Kutxa Sarietako bi lortu ditu Iñakik. Bata 2008an, Ingeniaritza Teknikoa amaitu zuenean. Bestea, 2011n, jada goi mailako Ingeniaritza lizentziatura amaitu zuenean, Mondragon Unibertsitatean.
Hala ere, Setienek Goierrin geratzea erabaki du, eta bere prestakuntza eta lan gaitasuna eskualdeko enpresen garapenera bideratzea. Izan ere, Lortek ikerketa zentruan lan egiten ari da, Goierriko berrikuntza gunean, Ordizian, CAF enpresarako proiektu batean buru-belarri sartuta.
-Zein da zehazki Lortek ikerketa zentruan egiten ari zaren lana?
-Soldadura inguruko modelizazio simulazioak eginez lan egiten dut,
elementu finituetan oinarrituriko software bat erabiliz. Hitz laburretan esanda, soldadura prozesuaren ondorioz piezetan izan daitezkeen distortsioak aurreikusten ditugu horiek zuzentzeko. Nolabait, predikzio lana izango litzateke. Ni, konkretuki, CAFerako proiektu batean nabil zentratuta.
-Ikerkuntza lanean ari zara, beraz. Horixe zen zure asmoa Ingeniaritza ikasten ari zinenean?
-Egia esan, sortzen joan den gauza bat da. Azkenean ikasten ari zarenean ez dakizu zertara dedikatuko zaren zehazki. Batez ere azken urteetan ikusten duzu zer gusta-tzen zaizun gehiago. Lehenengo urteetan gauza generalistak ikasten dira. Nik aurretik jada kontaktua nuen Lortek-eko jendearekin eta horren bidez sortu da aukera hau.
-Lortek-en egin zenuen karrera amaierako proiektua?
-Bai, hala da, eta horrek bertan geratzeko aukera eman dit. Suerte handia izan dut. Gauzak dauden bezala ikasketak amaitu eta lana aurkitzea ez da erraza. Izan ere, egia da Goierrin industria asko izanda ingeniariok beste lekuetan baino aukera gehiago izan ditzakegula lana aurkitzeko, baina lehenengo lanpostua topatzea ez da hain erraza. Enpresek esperientzia eskatzen dute. Horregatik guretzat hain garrantzitsua da karrera amaierako proiektua enpresa batean egitea, horrek ateak ireki diezazkizuke-elako.
-Ez duzu, beraz, kanpora joateko asmorik?
-Ez dut esaten denbora jakin batean ez naizenik joango, ez dut baztertzen, baina nahiago dut hemen geratzea.
-Ikerkuntza zentro batean lan egiten duzu, berrikuntza gune batean. Ezinbestekoa da enpresek berrikuntzaren trena hartzea, ezta?
-Hala da bai, batez ere enpresak dituzten beharrak ikusiz. Mundu mailan beste herrialdeetan egiten dituzten aurrerakuntzak ikusiz, asko ohartzen zara horren garrantziaz.
-Goierrin zer moduz gabiltza atal horretan?
-Guk, Lortek-en, hemen inguruko enpresekin lan egiten dugu. Proiektu asko sortzen dira eta batez ere ildo horretatik doaz. Baina egia da, baita ere horrek enpresetan aurreko lan bat egitea eskatzen duela. Hau da, enpresak prestatuta egon behar du berrikuntzaren atalean erantzun bat emateko. Nahiz eta ez jakin bidea nolakoa izan behar den, zuk eskema bat garatuta izan behar duzu. Metolodogia garatuta. Hau da, berrikuntza ideia hori interiorizatuta izan behar duzu gero garatu ahal izateko.
-Ikerkuntza munduan jarraitu nahi duzu, ala baduzu gero enpresa mundura pasatzeko asmorik.
-Ez momentuz bide honetatik jarraitzeko asmoa dut, baldintzak ematen badira behintzat.
-Denboran zertxobait atzera eginez, zure curriculum-ak bi Kutxa Sari irabazi dituzula jasotzen du. Sari horiek ez dira, ordea, karrera amaitutakoan ematen? Nola da posible bi izatea?
-Bat ingenieritza teknikoa amaitu nuenean eman zidaten, eta bestea goi mailako ingeniaritza amaitzean. Lehenengo ingeniaritza teknikoa ikasi nuen Goierri Eskolan eta proiektu motz bat egin ostean goi mailakora pasatu nintzen. Kutxa Sariena, ba, hala suertatu da. Bueno, ordu batzuk dedikatu behar zaio, bai. Batzuek berezkoa dute, klasetara joan, ongi ulertu eta errepasatu bakarrik egin behar dutenak. Baina gutxi izaten dira horrelakoak. Gainerakook dedikazio bat eskaini behar diogu eta gustatu ere egin behar zaizu, noski.
-Egun ikerkuntzari eskaini behar diozun dedikazio horretarako, beraz, entrenamendua baduzu.
-Bai, baina lehen eskolaz aparte etxean beste ordu asko sartu behar nituen. Orain deskonektatzen saiatzen naiz, ze hemen orduak luze joaten dira lanean. Askotan zortzi ordu baino dexente gehaigo izaten da, eta batzuetan gainera oso intentso.