Datorren ostiralean, otsailak 17, urteroko inaute festa ospatuko dute Haurtzaro ikastolan. Hasi ttikienetatik eta handienak arte, gurasoak ere tarteko. Neguko Otsabilko festa giroko ospakizunek aurrera jarraitzen dute. Santa Ageda, San Blasak, Kandelario, Inauteriak.
Inauterietan bete-betean sar-tzeko, Oiartzungo intxixu eta sorginen bisita ere izan dugu herriko plazan, beren inoteak ospa-tzeko. Horrela, azken urteotan bezala, Aiako Arriko jentilen inotien berri izango dugu herrian.
Eta ikastolako inauterietako festekin jarraituz, Haurtzaroko ikasle, langile eta gurasoek datorren ostiral flakoan kolorez, musikaz eta dantzaz jantziko dute herria eta ikastola ingurua. Goizeko 10:30ean aterako dira ikastolatik, urteroko desfilea egiteko. Ondoren, ikastolako jolasleku nagusian emango diote goizekoari amaiera. Mozorroak, desfileak, dantzak, torradak...
Arratsaldez, 14.45ean emango zaio hasiera ekitaldi nagusiari, ikastolako anfiteatroan. Aurkezleen hitzari musika, dantza eta ironia fina erantsiko dizkiote ikasleek, horrela, jaialdia ikusleentzat atseginagoa izan dadin.
Hasteko, ikastolan hain ezaguna duten Inauteri! Inauteri! izeneko bertsoak kantatuko dituzte. Jarraian, Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleak izango dira protagonista. 3, 4, eta 5 urteko haurrak, beren dantzekin, musika koloreztatzen saiatuko dira.
Ondoren, 2 urteko haur ttiki-ttikiak izango dituzte dantza tokian saltoka, irakasle eta gurasoen laguntzarekin. Lehen Hezkun-tzako ikasleek zikloka aurkeztuko dute beren ikuskizuna. Eta bi etapen arteko lotura egiteko, gurasoak izango dira ikastolako plazaren erdian, beren sorpresa aurkezteko prest. Amaitzeko, ikastolako zaharrenak izango dira beren ikuskizuna aurkeztuko dutenak. Hauei dagokienez, aurten ez dute sorpresarik prestatu.
Izan ere, DBHko lehenengo hiru mailek elkarrekin aurkeztuko dute euskal inauterei buruzko emanaldia. Eta jarraian, 4.mailakoek emango diote amaiera aurtengo inauterietako festari. Eta ohikoa denez, aurten hamasei urte bete edo beteko dituzten ikasleek despedida kutsuko ikuskizunen bat eskainiko dute.
Talde bakoitzak 5 minutuko saioa eskainiko du, eta urtero bezala, izango da pasarte ederrik aurtengoan ere. Ea eguraldiak lagun-tzen dien. Eta euria goian-behean eta suilaka egingo balu, edo elurraren zuriak bazterrak estaliko balitu, Elorsoro kiroldegia baliatuko litzateke ikastolako inauteri festa ospatzeko.
Eguraldiak eguraldi, guraso eta inauterizale guztiak gonbidaturik daude ikastolako inauterietara. Hemen dira karnabalak! Badator garbitzeko garaia, garizuma laster. Artzaiak abiatu dira aurpegia odolez margotuta joaleak gerrian, mendiko otsoak uxatzera, Otsabilko, Otsabilko, aurten ez duzu nire ardirik hilko! oihukatuz. Hemen dira inauteriak!