Euskal irratiak 80 urte beteko ditu martxoaren 2an, eta horren harira Koldo Mitxelena Kulturuneak 'Euskara hegaz: euskal irratiak 80 urte' bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu. Koldo Ordozgoitik koordinatuta, helburuak dira lehen euskal irratiari buruzko hausnarketa egin eta aurkikuntzak aurkeztea, eta Joseba Zubimendi , Ander Arzelus 'Luzear' eta Amale Arzelus euskal irratiaren sortzaileak omentzea. Hain zuzen ere, Amale -Luzearren alaba- izan zen euskal irratiak izan duen lehen emakume 'speaker' eta aktorea; bizi da, eta martxoaren 2ko omenaldira azaltzeko asmotan da.
Lehen eguneko hitzaldietako bat izango da Joseba Zubimendiren funtsa aurkezteko. 2010an, Zubimendi familiak Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zion funtsa -lagapena izan zen- , eta orain idatzi eta agiri horiek digitalizatze bidean dira. Koldo Ordozgoiti kazetariak atzoko aurkezpenean esan zuenez, funts horrek garrantzi eta interes handia dauka 1936. urtearen aurreko euskal kulturaren berpizkundearen lekuko gisa, euskarazko kazetaritzaren garapenaren adierazle eta egilearen giza kalitatearen isla delako.
Martxoaren 2an, euskal irratiaren urtemugan, lehen irratsaioaren 80. urteurreneko egunean -eta ordu berean- omenaldi egingo zaie irratia sortu zuten gizon-ema- kumeei. Bertan izango da orduan neskatila baino ez zen Amale Arzelus. Txaro Arteagak gidatuko duen ekitaldi hori, aitzindari haien eta ondorengo belaunaldietan irratia eragin zuten gizon-emakumeen arteko zubia eraikikitzeko izango da.
Donostiako Unión Radio-n
2012ko martxoaren 2an 80 urte beteko dira Joseba Zubimendik (Donostia, 1898 - Kanbo, 1939) eta Ander Arzelusek (Donostia, 1898 - Baiona, 1949) bultzatuta lehen euskarazko irratsaioa aireratu zenetik. Esan liteke egun horretan sortu zela euskarazko irratia, baina ez zen izan lehen aldia euskara uhinetatik hedatzen zela.
Irratiaren garrantziaz eta beharraz aspaldi jabetuak ziren garaiko euskaltzaleak, eta aukera hori gauzatu zuten Euskal Herrian zen irrati bakarra baliatuz: Donostiako Unión Radio.
Asteazkeneroko irratsaioa izan zen, eta ordubetekoa. Etenik gabe uhineratu zen, harik eta Errepublikako gobernuak 1934ko urrian debekatu zuen arte. Hala ere, Zubimendi, Luzear eta beste batzuek irratigintzan segitu zuten eta, 1935ko hondarrean, irratsaioak berriro abiatzea lortu zuten. Lehenago, Joseba Zubimendik 1935ko iraileko Donostiako arraun estropadak eman zituen euskaraz zuzenean -ikuskizun honen lehen irrati emanaldia izan zen- eta 1936ko ekainean, Luzearrek prestatutako metodoan oinarrituta, irrati bidezko euskara eskolak emateari ekin zioten.
Amale Arzelus bere aitarekin batera hasi zen irratian. 'Speaker' eta aktore lanak egin zituen, eta horrelakoak egiten zituen lehenengo emakumea izan zen. Neskatila baino ez zen, hala ere: zortzi urte egin berriak zituen 1932ko martxoaren 16an, irratian hasi zenean. Aitak idatzitako bakarrizketak eta elkarrizketak gauzatzen zituen mikrofonoaren aurrean, arrakasta handiarekin. Donostiako Eusko Gaztedik eman zion babesa irratsaioari, Gipuzkoako Aldundiak finantziazioa, Angel Lizarragak jendea eta behar zen guztia bilatzen zuen, eta Txomin Olanok eta Bruno Imazek zuzeneko musika jartzen zuten, pianoa joz.
Eta mikroaren aurrean, gaur egunean sinestezina litzatekeen harrigarrizko lagun taldea: Zubimendi eta Arzelustarrez gain, Joxe Ariztimuno 'Aitzol', Xabier Lizardi, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Hemandorena, Toribio Alzaga, Basarri, Elbira Zipitria, Dunixi, Tomas Garbizu, Aita Donostia, Aita Migel Altzo, Jean Lafitte, eta Oxobi, besteak beste.