Adiskide maitagarri bat joan zait, eta holakoetan zail zaio gure buruari bihotzaren arrazoiak hitzez adierazten. Dena den, saiatuko naiz halako pertsona apal eta ederraren laudorio xume bat egiten.
Manuelen lagun zareten askok jakingo duzue nire lantxo baten berri: 'Manuel Lasarte. Iturria ondare' (Auspoa 311, 2008) eta 'Manuel Lasarte' (Egan 2010, 1/2). Egunotan bi lanok irakurtzera gonbidatzen zaiztuztet, neuk egingo dudan bezalaxe; hasia naiz dagoeneko. Edo are egokiago: irakurri zuzenean haren liburu ederrak eta entzun haren grabazio zoragarriak.
Manuel ferratzaile, errementari eta bertsolari. Hamazazpi urterekin hasita, plazaz plaza kantari berrogeita bi urtean. Eta geroztik idazle, bai bertsoz bai hitz lauz. Oso gazterik kantatu zuen lehen aldiz Uztapide eta Basarrirekin Amezketan. Behin hemezortzi urte beteta, sarri hasi zen bertsotan han eta hemen.
Amaren magalean sortu zitzaion bertsolari izateko dohain aparta; hantxe hasi zen amesten bertsoaren mundu miragarria, txorien konpainian: «Frankin azia ziñan urte batzuetan, lenbiziko aldia aman besuetan; gero mutiko danak lagun auzuetan, txori kantu politak ango basuetan, aiekin nasi-asi ziñan bertsuetan.» (Uztapidek Manueli eskainia).
Uztapide adiskidearekin ezin bananduzko bikote paregabea osatu zuen, hogeita zazpi urtean plazarik plaza kantari. Bi Manuel maitagarrion bat etortzea bertsolaritzaren historian izan den gertaerarik ederrenetako bat izan da, nik uste, eta emankorrenetakoa.
Osasun urriak eta nekeak etxeratu zuten Manuel, berrogeita bi urtean plazaz plaza ibilita gero. Orduan erabaki zuen idazten hastea, lagun batzuek bultzaturik. Kontu-kontalari gozoa aurrez aurre, eta etxean poliki-poliki idazten; iturriari ura bezalaxe zerion hitza. Bazirudien txorrota ireki besterik ez zuela, bai bertsotarako bai kontakizunerako.
Bertsolarien artean ez da izango inor Manuel adina Jainkoa aipatu edo deitu duenik. Aipamen eta dei guztiak bilduko bagenitu, liburu mardul askoa osatuko genuke. Hona hemen eraskusgarri Loiolan Aita Santuaren aurrean kantatu zuena: «Jaungoiko Jauna, eskerrak zuri, biotza bete-betean, gu senideak alkartzen gera Eleizak dei egitean, gure bizitzan bukatu eta mundu ontatik juatean, danok zurekin bildu nai degu maitasun bero batean.»
Giza sentimenduz jantzi ditu Manuelek izaki biziak eta bizigabeak. Adi zegoen beti izaki bakoitzaren hitz isilari, sehaskari eta sehaska egin zuen fede oneko zurginari, txantxangorriari, zaldiari, loreari, zuhaitzari, iturriari.
Osasun eskasak eta eritasunek markaturiko aurpegiaren atzean irribarre gozoa ageri zen, samurra. Umore fina zuen, ez inola ere zakarra. Sakontasunak badu umorea zioen Manuelek; poetaren airea bezalaxe sakona baita umorea.
Nolako isiltasuna plazan Manuel kantari hasterakoan! Izan ere haren kantu ederra, ahots sakon eta gozoa, haren irudia, Grecoren margolanen batetik aterea zirudiena, hain ziren erakargarri!
Manuel adiskidea ezkutatu zaigu gure begion bista ahuletik, baina berak jantziberritu digun mundu ederrean geratu zaigu betiko, amaren magal amultsuan, sehaskako ametsetan, txantxangorriaren laguntasunean, zeruko atari den gau ederrean, Jainkoaren maitasunean.
Manuelen munduak eta zeruak bat egin dute orain beretzat. Gu ere bertan bilduko gara zorionez Manuelekin, Jainkoa lagun; izan ere, «argibide bat sortu zan zure [Jesusen] eriotzaren mugatik» denontzat.
«Egunsenti, argi berri,
zera gure alaigarri,
gauari agur egin diogu
ta zuri ongi etorri.
Bertsolari, abeslari,
denok gera ameslari
txori gaixoak ere pozikan
asi zaizkizu kantari.»