Hamaika ordu Leitza eta Goizuetako udal artxiboetan eman ditu azken urte hauetan Patziku Perurenak. Berarekin edozein solasaldi, sutondoan entzundako istorioen 'alde ofiziala' entzutea da. Goizuetarrak datuak, datak, pertsonaien izenak, leku eta paraje guztietakokok... dakizki edo erreferentziren bat badu. Bai behintzat, Goizueta, Leitza eta Aresoko parajeetakoak. Perurenak dioenez «nik roilo dexente dut», baina historia eta batez ere, bertako historia gustokoa dutenek aukera paregabea dute hark bere 'monologoa' eskain-tzen duenean.
Oraingoan, Larramendi Bazkunaren ikerketa saria jaso eta gero, gai interesgarria azaleratu nahi du P-tzikuk. Beharbada, artzaintzaren 'mitifikazioa' hankaz gora jarri dezakeena. Idazle goizuetarrak kontatu digu: «Trabukoren inguruko lana egiten ari nintzela, Leitzako udaletxeko langilea den Joseba Azpirotzek bertako udal artxiboan zegoen liburu baten berri eman zidan, 'Libro de vaqueros' izenekoa». Liburuan 1683tik 1771rako datuak agertzen dira, 100 urteko historia biltzen da bertan. Zenbat behi eta idi etortzen ziren, etxe edo baserrien izenak, jabeen izenak, abizenak, izengoitiak, unaien soldatak, mantenuak eta beste hainbat kontu apuntatzen zuten «garaiko idazkariaren arabera. Batzuk oso txukun jasotzen zuten dena, beste batzuk ez hainbeste».
Liburua aztertzen hasi zen Perurena eta atera zuen ondorioetako bat izan zen «Leitzalarreko sarobetara Baztan eta Beterri guztiko behiak etortzen zirela bazka-tzera. Bertan, bi bailara hauek elkartzen ziren, bizilagunen arteko harremanak, ezkontzak, bizipen ugari izan ziren».
Hori, XVI. mendearen amaieran hasita XVIII. mendera arte gertatu zen. «Urte haietan, behi buru kopurua handia zen liburuan ikusi daitekeenez. Haiekin haragia, esnea... ekoizten zuten». Leitzako Udalarentzat diru sarrera garran-tzitsua bilakatu zen eta lanpostu ugari sortzen ziren honen bueltan. Leitzara, Urumea eta Baztan aldeko behiak ekartzen zituzten. Batzuk, maiatzetik hasita irailera arte egoten ziren bertan. Beste batzuek berriz, negua egiten zuten. Horrek esan nahi zuen urte osoa pasatzen zutela bertan».
Unaiak ziren behi guzti horiek zaintzen zituztenak. Bi lagun arduratzen ziren Leitzalarrera etor-tzen ziren buru guztiez eta haien nagusia maiorala zen. «Leitzako Udalak agintzen zuen larren erabilpenean. Urtero elkartzen ziren, eta bi urtetik behin, maiorala aukeratzen zuten. Jerarkia bat zegoen Leitzalarrean, unai burua, unaia, unai morroiak. Gero, Leitzalarrean bi sarobe zeuden, eta hor biltzen ziren behi guztiak. Liburuaren amaiera aldean, behizaintzarako jerarkia hori amaitzen doala argi eta garbi ikusten da: artzaintza gailentzen hasten baita».
Patzikuk liburuan ikusitakoaren arabera dio «1774. urtean izandako izurrite ikaragarri baten ondorioz, inguruan ziren behi gehienak hil egin ziren. Gaitza Frantziatik sartu zen, eta honek amaiera eman zion behizaintza edo behien mer-katuari, unaien mundu horri». Bestalde, liburuaren amaieran zera dio, «behi zaintzarako jerarkia hori amaitzen doala argi eta garbi ikusten da: artzaintza gailentzen hasten da. Behi zaintza amaitzean, lur komunal gisara gelditzen dira».
Galdera ugari
Ikerketa lana prestatzen duen heinean galdera ugariekin topo egin du Goizuetan sortua den idazleak. «Baztanek dituen lurrak Leitzalarrekoekin alderatzen baldin badituzu, bazkatzeko zabalagoak eta egokiagoak izan daitezkeela pentsa daiteke. Zergatik etortzen ziren Leitzara, niretzat momentuz eran-tzunik ez duen galdera da. Nola ekartzen zituzten, beste bat. Susmoa badut Saldistik Ezkurra barna etortzen zirela Baztan aldetik, bide horretan leku eta paraje askoren izenak behiekin lotuta daudelako».
«Liburuaren amaiera aldean, behi zaintzarako jerarkia hori amaitzen doala argi eta garbi ikusten da: artzaintza gailentzen hasten da. Garai horretan, lehen baserriak sor-tzen hasiak daude, eta nire tesiaren arabera, hori gehienbat artoarengatik da, baserriak eta inguruko artalurrak sortzen dira. Horrek gauza asko aldatzen ditu orduko bizimoduan. Beti esan ohi da, baserrietatik herrira etortzen zirela, baina nik uste dut dirudunak baserriak erosten hasten direla eta maizterrak jartzen dituztela lurrak lan-tzeko. Maizterrek artoa, garia eta abar eman behar dizkiete, eta horrela urtea pasatzeko behar dutena dute jabeek», dio idazleak.
Perurenatarrak Iruritakoak
Ikerketa zabala egiteke dago oraindik Leitzalarreko unaien bueltan. Horretan dihardu Patziku Perurenak. Garbi duena idazleak: «Ni Perurena naiz; Goizuetan Perurena asko daude. Gu adibidez, Goizuetatik etorritakoak gara Leitzara, baina herri bateko eta besteko Perurena guztiak Iruritan bizi zen Perunea izeneko etxe batetik gatoz. Bertatik Perurena izeneko unai bat etorri zen garai hartan Leitzara, eta belaunaldi ezberdinetan zehar ar-tzainak, harakinak izan dira eta segitzen dute Goizuetan eta Leitzan ere, hor daude, Perurena harrijasotzaile familikoak esaterako».
Perurenak dioenez, «ni neu, baserri batean sortua naiz. Ez ginen lan horietan aritzen, baina gogoan dut, txikitan behi aurrean ibiltzen nintzen aldameneko baserrikoei laguntzen. Baserri gehienetan behi parea izaten zen Goizuetan, uztartu eta lurrak goldatzeko».
Beti esan ohi da artzainen lanbidea mendeetan zehar mantendu dela Euskal Herrian. «Gu txiki ginela, ardiak jaisten zirenean baserrietatik herriko alorrak jatera, une berezia izaten zen. Herriko plaza gurutzatzen zuten, euren joare eta pulunpak astinduz. Sinfoni berezia izaten zen hura. Gainera, artzainak afan handiarekin etortzen ziren herrira, ardi handienei joare handienak jarrita». Urte haiek eta gero, artzainen lanbidea 'idealizatuta' dagoela uste du Patzikuk.
Idazle goizuetarrak azaltzen duenez, saria jaso eta gero egin behar duen ikerketa «oso lokala izango da, Leitzaran eta inguruko udaletxeetan lortutako datuekin osatutako dut. Nire asmoa liburu bat argitaratzea da, eta artzainen adierazpenak CD batean argitaratu nahi nituzke, eta gainera beste zenbait eranskin».