Sistema publikoaren defentsan gehiengo sindikalak gaurko deitu duen lanuztearekin bat egin dute Udaleko langileek, baita Udarregi Ikastolako langileek ere. ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek zerbitzu publikoetako murrizketen aurka, lau orduko lan uztea deitu dute gaurko eta horrek eragina izango du herrian ere.
Usurbilgo Udalari dagokionez, udal langileek eginiko batzarrean, gehiengoak gaurko deituta zegoen mobilizazioarekin bat egitea erabaki zuen. Honela, gaur lanuztea burutuko dute 10:00etatik 14:00etara bitartean. Elkarretaratzea burutuko dute udal langileek goizeko 10:00etatik aurrera, udaletxe aurrean. Lan uzteak irauten duen artean, gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu Udalak.
Udarregi Ikastolako langileek ere lanuztea egingo dute12:30etik 16:30era. Hala ere, Udarregi ikastolako Langile Komiteak jakinarazitakoaren arabera jangelako zerbi-tzua eskainiko da, baita Jangelatik etxerako garraio zerbitzua ere 14:30ean. Komite honen esanetan azkeneko bi urteetan, denetariko erreformak ezagutu eta nozitu ditugu langile eta herritar bezala. «Orain berriz, lan erreforma berria iragarri dute eta gure eskubideetan atzera urratsak emango dira: ratioetan (irakasle bakoitzak haur gehiago izango ditu gelan), soldata murrizketan (2009ko lan hitzarmenean adostutako soldata baino gutxiago kobratzen dugu egun), zerbitzuen kalitatean (hezkuntza / hizkuntza errefortzuak gutxitu dituzte...), prestakuntzan (irakasleontzat etengabeko formakuntza ezinbestekoa da, horretarako baliabideak gutxitu dituzte), proiektuetan ( IKT, Euskaraz bizi, agenda 21erako... laguntzak murriztu edo kendu dituzte), ordezkapenetarako diruan etab.».
Langileek eta herritarrek sortu ez duten krisi ekonomikoaren ondoriok ordainarazi nahi dizkietela salatzen dute. «Urteetan langileok egin dugun borrokari esker erdietsitako eskubideak murriztuz, gure lana prekarizatuz eta oinarrizkoak diren zerbitzu publikoetara (hezkuntza, osasungintza, zerbitzu sozialak) bideratzen den dirua murriztuz. Egoera tamalgarri honen aurrean, denok kalera atera eta eredu sozial berria aldarrikatu behar dugu. Aurrerantzean irakaskuntzan ere, mobilizazioak egotea aurreikusten dugu, badakigu batzuoi egunerokoan trabak sortuko dizkizuela, baina ezin dugu eskuak gurutzatuta geratu. Gainera gure ustez irakasleon arazoa bakarrik ez da, hezkuntzak denoi eragiten digu eta denon ardura da kalitatezko hezkuntza aldarrikatzea».
Usurbilgo Udalak ere gai honen inguruan Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa onartu zuen pasa den urtarrilaren 31n. Administrazio publikoko langileen lan baldin-tzak eta zerbitzuak okertuko direla ohartarazita, espainiar gobernua sektore publikoan burutzen ari den erreformen aurka agertu zen Usurbilgo udalbatza.
Gehiengo osoz onartu zen, hiru puntuko testua: «Udal honek, Espainiako Gobernuaren presidente den Mariano Rajoyk iragarritako neurriak errefusatzen ditu; Udal honek, geroz eta premiazkoagoa den Ongizate Estatuaren defentsan kontsentsua mantentzea eskatzen du, udalek eman behar dituzten zerbitzuen alde egiteko; eta Madrilen onartutako neurri hauen larritasunaren eta ondorioen aurrean, Udal honek euskal gizarteari dei egiten dio, mobilizatu eta kalitatezko eta herritarrengandik gertueneko sistema publikoaren aldeko konpromisoa adieraz dezan».