Elorrixa auzoan ere izan berriak dira San Sebastian jaiak. Jai auek urteko leenbiziko mendi-erromeriak izaten dira, trikitixa musika nagusia dutela, naiz eta garai batean ainbeste griña ez duen jendeak dantzarako. Leengo irrika ura ez da sumatzen, egun guztian soiñua jo eta jo aritzen badira ere.
Orregatik, jendea nolabait erakarri aal izateko, zenbait ikuskizun jartzen dituzte, erri-kirolak eta ainbat aur-joko, parte artu edo ikusiaz gozatzeko.
Urte sasoi ontako esaera da «San Sebastian otza, neguaren biotza». Zerbaitengatik izango da. Leen ere izugarrizko ekaitzak eta denborale txarrak eginak ditu garai ontan. Erri-kirol eta joko geienak agerian egin bear diranez, oso gogoko izan bear zaizkio bati, aterki azpian soilik ikusle egoteko. Milla bider eskatua degu auzorako babeslekua edo aterpea. Eta ez degu galdu, beintzat, urrengo belaunaldientzat iritsiko den esperantza.
Baliabide eskas eta guzti, denboraleari aurre egiñaz, urteroko festak antolatzen dituzte oraindik ere auzotarrek. Festa xumeak, baiña aurrez lan asko egin bear orretan ibiltzen diran gazte eta ez orren gazteek.
Egitarautik apartekoak ere izaten dira. Eta, askotan, ustekabeko oiek onenak.
Garai batean karroza jaietako bigarren egunean egiten zala eta, antolatzailleetako emakume bati ori egitea bururatu. Ark aipatu eta itza artu bertako mutil batek. Eta baita dotore asko prestatu ere, igande eguerdian triki-poteoa egiteko, ederki adornaturik lore-koroi eta guzti.
Eta igandean, naiko suertea. Ez dakit nundik atera zen egun polit ura.
Traktore txikiari lotuta azaldu zan karroza, erramu-ostoz egiña. Errege-erregiñak: karrozaren ideia izandako emakumea eta egiten jardundako mutilla, banda bana zutela lepoan bueltan, «jaietako errege-erreginak» zioena. Plazan paseotxo bat egiteko eskatu zieten biei, eta baita egin ere kurioso asko elkarri besotik elduta.
Bat-bateko gauzek grazi berezia izaten dute. Eta grazian eroriko zitzaien askori, barre franko egindakoak baziran eta.
Errege-erregiñak berriro igo ziran karrozara. Tartean zituzten umeak, baita bertsolari eta trikitilariak ere, traktorean sartuta bidekoa joaz. Atzetik jendea alai asko saltoka zutela jeitsi ziran maldan beera, ireki berri duten txakolindegira.
Ango senar-emazteek arrera bikaiña egin ziguten. Gaiñera, txakoliñari laguntzeko, aragi egosia eta txorixo platerka ederrak zituzten prestatuta, nai zuenarentzat. Leen ere baraurik ez zan iñor egongo, baiña ez zan batere gaizki etorri, txotx egiñaz artzeko.
Upeletik txakolin berria edanaz ekin zioten bi bertsolariek, santa eskeko doiñuan, naiz eta baziran an geiago koplak kantatzeko moduan.
Nagusiak zabaldutako upeletatik edan ondoren, ziur nago nolakoa zegoen iñork ez genuela igerriko. Orain, botillak sarri erostea besterik ez zaigu geratzen.
Umore ederrean berriro bueltan igo giñan bazkalordurako, bide aldapatsuan gora. Naiko lan bazuten oiñezkoek traktoreari jarraitzen. Oso esperientzia polita izan dala-eta, egitarauan sartzea pentsatua dute datorren urtean.
Orren arira, aspaldi bateko festetan gertatutako istorio xelebre bat dakarkit gogora.
Dozena erdi mutil eldu, sagardotegian afaria egin ondoren, gaueko amaikak aldera azaldu dira gure tabernan, erromeria bertan egongo zala jakiñean, nunbait. Aiek dantzarako amorratzen etorriak, baiña norbaitek asi bear eta iñor ausartzen ez.
Tragoak egiñaz zeudela, Sabino izena zuen bati dantza-leiaketa antzerako bat egitea bururatu. Maai eta aulki guztiak kanpora atera zituzten, taberna dana dantzaleku biurtuz.
-Gaurko gau ontan ez dedilla emen inortxo ere geratu dantzarik egin gabe -zioen Sabinok.
Eta mostradorean zegoen lore sorta eskatu zuen irabazle gertatzen zanari esku-erakutsi gisa emateko. Ipiñi genion paper dotore bat lazoarekin, eta sukaldean eduki genuen ezkutuan, leiaketa bukatu arte.
Laja soiñujoleak erabaki bear zuen nor ziran dantzari onenak. Izerdi patsetan dantzan geratu gabe danok ibili eta gero, azkenean aipatu zuen bikote irabazlearen izena.
Oi dan bezala, neskari eman zitzaion lore sorta. Eta mutillak orduan:
-Neretzat ez al dago ezer?
Zerbait espero ark ere. Eta, ura entzunik, an zegoen emakume batek:
-Bai, motel. Iretzako ere bazeukaagu.
Ori esan eta, kanpotik buelta eginda, emen dator menta beltxa eskutada artuta. Mutillari eskaiñi, eta oni atzeraka eman, nunbait.
Eta emakumeak, kolkoan sartuz:
-Usai goxoa emango dik.
Mutilla an dijoa ziztu bizian kanpora. Emakumea ere bai atzetik, ark zer demontre zuen begiratzera. Eta an ari omen zan mutilla zalapartan belarrak kolkotik ateratzen.
Nunbait, menta-belar aien artean asunak ere bai, eta aiek erre egiten. Paparreko otzak kendu omen zitzaizkion. Eskerrak, naiko umorez artu zuen mutillak.
Amaika orrelako kontu xelebre ikusia naiz, eta aterako dira geiago ere, gogoratzen ditudan aiñean.