Berebiziko garrantzia zuen neurketa jokatzea egokitu zi-tzaion Laskoraini joan den larunbatean iraganean une gozoagoak bizi izan dituen Castro Urdiales historikoaren gotorlekura eginiko bisitan.
Duela urte batzuk zilarrezko mailako txapeldun eta errege izandako CFS Castro Urdiales errepikaezina, oso bestelako uneak bizi-tzen ari da gaur egun eta gazte jendez osaturiko egitura baten oinarrian 2B mailan bizirik irauteko gatazkan dihardu sailkapeneko azken postuetan. Egoera berean dagoen Laskorain batek gauzak beste angelu batetik aztertzen dituen arren, tentsio altuko neurketa planteatu zuen Kantauriko Peru Zaballa kiroldegian. Hala, emaitzak erakutsitako banako berdinketak azken helburua lortzekotan oraindik lan asko egin behar denaren mezua utzi zuen bi taldeengan.
Lehen zatiari errespetu osoz ekin zioten tolosarrek, taktikoki kokapen serioa eskaini, arerioaren azterketa sakon bat egin eta kontraeraso urriek bermaturiko aukerei ahal zen einean etekina ateratzeko asmoan oinarrituz. Aparteko berririk gabe 0-0eko berdinketarekin joan ziren aldageletara jokalariak.
Bigarren zatian egoerak itzulipurdi bat eman eta etxekoek norgehiagokaren zama eramateko erabakiarekin Endikaren atea estu hartzea lortu zuten minutu luzeetan zehar. Ikastolakoen akatsengatik batzuetan, eta kantabriarren meritua zela-eta bestetan, etxekoen sareratzea gertu sumatu zen behin eta berriz baina pardiduko azken unera arte atzeratu zen filmaren korapiloa. Jokaldi isolatu batean horitxoen aldeko penalti bat adierazi zuten epaileek eta Telleria zilarrezko beltxargak 0-1-ekoa ipini zuen neurketa amaitzeko minutu bat falta zela. Etxekoek, berriz, bururik makurtu gabe atezain jokalariaren taktika martxan ipiniaz berehala erantzun zuten eta tolosarren atea zulatu ostean 1-1eko adostasun erabakiorra ezarri zuten elektronikoan.
Hurrengoa ere etxetik kanpo
Lan ugari egin beharra dago oraindik eta datorren astean Colo-Colo azken sailkatuaren etxea bisitatuko dute Javiren mutilek garrantzi handiko beste talka berri batean. Ezpata eta aukera guztiak zutik daude oraindik eta abagune ona izan daiteke azken asteetako dinamika apurtzeko.
Larunbatean Castron Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Alonso 'coach manager'-a, Endika, Mikel Alonso, Telleria, Gil, Murgi, Lander, Belloso, Diez, Joniko eta Aratz izan ziren elastika horiaren izen ona defendatu zutenak.