Ihoteak iritsi dira Oiartzunera. Ostiraletik igandera bitartean, intxixu, sorginak, zakuak eta kuestazioa izango dira herrian, inauterien aurreko asteburuan, Ihote Taldeak antolatuta.
Ihoteak Oiartzungo ondare kulturalaren parte dira. Ihote Taldeak lan handia egin du azken urte hauetan ohitura berreskuratzen eta datuak biltzen. Udalak taldearen ekimenekin bat egin du eta ekimen horiek bultzatzen ditu, gure ondare kulturala gordetzen eta ezagutarazten laguntzen duelakoan.
Horregatik, herritarrak animatu ditu asteburu honetan, hotzari aurre eginez, Ihote Taldeak antolatu dituen ekintzetan parte hartzera.
Aurten gainera, webgunea sortu du Ihote taldeak, Udalak lagunduta: www.kataxulo.com. Oraindik guztiz osatua ez badago ere, lehenengo mugarria jarrita dago. Aurrerantzean, webgunea osatzen jarraituko du taldeak.
Webgune aberatsa
Ihote Taldea ez da talde iraunkorra, baina dokumentazio asko du. Hau guztia digitalizatu nahi izan da eta sarean jarri, edonoren esku egoteko.
Atal ezberdinak ditu webguneak: Ihoteen historia, festaren azalpena, ikastetxeentzako material didaktikoa (ipuinak, marrazkiak.), argazkiak, bideoak. Webgunea edonoren ekarpenak jasotzeko irekita dago: baten batek ihoteen inguruko materialik baldin badu, bertara bidal dezake.
Ihote Taldetik, zakuz janztera animatu nahi dituzte herritarrak eta balkoietan auzoetako banderak jartzeko deia ere luzatu dute.
Aurten, nobedade gisa, ostiralean eta larunbatean Doneztebe plazan txosna ere jarriko da. Ostiralean intxixu eta sorginen etorreraren ondoren irekiko da eta larunbatean, kuestazioko kalejira bukatutakoan.
Kuestazioa aurten ere auzo guztietan egingo da. Urtetik urtera, geroz eta jende gehiagok parte har-tzen du festa honetan. Aurten, 300 lagun baino gehiagok parte hartuko dute. Goizean etxez etxe dantzan aritu ondoren, bakoitzak bere auzoan bazkalduko du. Arratsaldean, plaza inguruan bilduko dira guztiak.
Ihoteak indartze horretan, egindako lan guztiak ez ezik, zerikusia izan du jaia aurreratu izanak ere. Aurten hirugarren urtez ohiko Inauteriak baino astebete lehenago ospatuko dituzte Ihoteak herrian. Hala, nortasun propioa eta berezko egutegia duen festa bihurtu dituzte, eta herritarrek aukera dute bi Inauterietan parte hartzeko, batak bestea oztopatu gabe. Gainera, kanpotarrek ere badute aukera bestelako jai hori ezagutzeko.
Egitarau oparoa
Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan hasiko da festa Azeri-dantzarekin. Ordu erdi beranduago Intxixu eta sorginen ongietorria eta auzoetako banderen igoera izango dira eta 21:00etatik aurrera zaku-poteoa burutuko da.
Larunbatean, goizeko 9.00etan hasiko da kuestazioa auzoetan eta arratsaldean kalejira izango da. Igandean berriz, haurren jolasak izango dira arratsaldean.