Urtarrilaren 31n Udalbatzarraren ez ohiko osoko bilkuran behin behineko onespena jaso zuten 2012rako Udal aurrekontuak hizpide ditugu oraindik egunotan. Hala, batetik, Udalak aurrekontu hauen aurkezpen pubikoa egingo du gaur, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Udaleko Pleno Aretoan. Eta bestetik, Getariako EAJ-PNV udal taldeak, bere aldetik bilera deialdia luzatu die alderdikie eta herritar orori, bihar 19:00etan Batzokian, Udalaren egoera ekonomikoari buruzko edozein zalantza argitu eta 2012rako Bilduk eta Aralarrek prestatu dituzten aurrekontuak aztertzeko.
EAJ-ren kritikak
Udal aurrekontu hauek Bildu eta Aralarren aldeko bozkei esker jaso du Udalbatzaren lehen onespena, EAJkoak abstenitu egin zirelarik salatu dutenez «gurekin ezertarako ez kontatzeaz gain, herritarren beharretatik urrun ikusten ditugulako».
Andoni Aristi EAJko zinegotzi eta alkate ohiak sinatutako eta komunikabideetara igorritako gutunean salatzen duenez, «kalkulagailua eskuetan hartu eta sarrerak eta gastuak parekatzea besterik ez dute egin. Langabeziaren arazoren aurrean, gaurko egoerarik gordinenean partidarik ez sartzea, onartu ezin dugun arrazoi nagusia izanda ere, sinatuta dauden kontratu ba-tzuk aurrekontuan jaitsi egin dituzte beraiekin landu eta negoziatu gabe, eta bitartean arkitektoari bere soldatatik aparte, aholkularitza zerbitzu berria ezarri diote, zeregin hori beti soldataren barruan joan denean (...)». Euren ezadostasuna azaltzen dute ere Artzape aldizkariarentzako partida %100 igo-tzearekin edota UEMArentzako partidarekin.
«Aldundiari bueltatu behar zaion diru kopuruaz ere ez dira garbi jokatzen ari», salatzen du Aristik; «izan ere bueltatu beharrekoa azkenean gehiago izango da eta horrek utziko duen zorra denon patriketatik ordaintzea tokatuko zaigu, aurretik lanak behar bezala egin ez direlako. Inbertsioen kasuan, berdin. EAJk negoziatu eta lortutako 200.000 euro sartu dituzte aurrekontuetan. Guk haurreskola egiteko negoziatu genuen diru kopuru hori Sahatsagako etxeekin batera obra hau bukatzeko; (...) orain dakigun gauza bakarra da ez dela egingo. Inbertsioak bultzatu egin behar dira, gaurko egoerak hori eskatzen duelako, baina Bildu eta Aralarren gaitasun ezagatik lehendik zeuden 200.000 euro horiek bakarrik erabiliko dituzte».
Diru laguntzei dagokionez, partida hau hirukoiztea izango zela normalena gaineratzen du, «behar diren ateak joaz eta diru laguntzak eskuratuz, baina ezta hori ere». Hau guztia bihar arratsaldeko 19:00etan Batzokian egingo den bileran aztertuko dute.