Andatza Mendizale Elkarteak beste irteera bat antolatu du datorren iganderako. Pasa den urtean hainbat irteera egin ostean hauxe izango da aurtengo lehenengoa. Otsailaren 12an, igandean, Amasa-Uzturre-Amasa ibilbidea burutzeko asmotan dira.
Oiardo Udal kiroldegiko aparkalekuan elkartuko dira goizeko 7:30etan, kotxeetan banatu eta Billabonako Amasara joateko. Amasako elizaren alboko aparkalekutik abiatuko da txangoa. Inguruko baserriak zeharkatu ondoren belardiz-belardi Belabietara iritxiko dira, Uzturreko bidea hartu baino lehen. Uzturrek 730 metroko garaiera du eta gurutzetik aurkitu daitekeen Tolosaren paisaia ederrarengatik nahiko ospetsua da. Inguruak eskaintzen dituen ikuspegi ederrez gozatu ondoren, Loatzuko basoa zeharkatuko dugu Alustiza baserri aldera abiatu eta Amasara itzultzeko asmoa dute. Guztira 15 kilometroko ibilbidea burutuko dute.
Hitzaldia asteazkenean
Udarregi ikastolako Elkarbizitza taldeak bizkarrezur-muineko lesioei buruzko hitzaldia antolatu du, otsailaren 9rako. Hizlari lanetan, Aesleme erakundeko ordezkaritza bat arituko da. Bizkarrezur muineko lesioen istripuen ikerketarako erakundea da AESLEME. Prebentzio eta gizarte sentsibilizazio lana burutzen dute. Erakundetik, "informazio ezagatik inork ez dezala istripurik izan" mezua zabaldu nahi dute. Hain zuzen, hildako eta zaurituen kopurua murrizteko lanean dihardute, baita lesio hau jasaten dutenen arazo psikologiko, fisiko eta sozialak gizarteratzen ere. Hitzaldia, datorren ostegunean, hilak 9, 17:00etan hasita Sutegiko auditorioan. Ekitaldiak iraun artean, haur zaintza zerbitzua eskainiko da.
Inauteri afarirako txartelak
Otsailaren 1az geroztik salgai daude otsailaren 18an izango den Inauteri Festarako afaritarako txartelak. 15 eurotan eskuratu daitezke, Noaua! Kultur Elkarteko egoitzan, baita Irrati eta Txiriboga tabernetan ere. Txartelak erosteko azken eguna, otsailaren 16a izango da. Aurtengo afaria, Olarrondo jatetxean izango da.
Egun horretarako egitaraua ere zehaztu dute jada antolatzaileek. Aurtengoan Noaua! Kultur Elkartea, Gaztelekua, Zumarte Musika Eskola eta zenbait koadrila ari dira lan horretan eta hilaren 18an izango den inauteri egunean bi txaranga izango dira kalez kale. Alde batetik, eguerdiko 12:30etan Zumartxan txarangaren doinuak entzun eta dantzatzeko aukera izango da. Beste aldetik, arratsaldeko 18.00etan, Burrunbazale txarangarekin kalejira izango da. Tartean, arratsaldeko 16.00etan, Ilargi-Eguzki Inauteri festa iragarri dute Gaztelekuan.
Otsailaren 18an, mitologiak Usurbil hartuko du, mozorrotzeko gai hori aukeratu baitute aurten. Urtero moduan, edizio honetako gaia ere zabala da. Gertutik hasita, Euskal Herriko mitologiak hainbat pertsonaietaz janzteko aukera ematen du; hor dugu Mari, Tartalo, basajaunak, lamiak. Gure mugetatik kanpo ere, gai honek ere askorako eman dezake.