Fregoli' izena du Inoren Ero ni taldearen trilogiaren azken lanak. Mikel Abregok bateria jotzaile entzutetsuak jardun zuen grabazioan, baina lana plazaratu eta berehala taldea utzi zuen. Lobo Eléctrico taldeko Guantxek hartu du haren lekukoa. Post-hardcore gisa definitzen dute taldearen ildoa batzuek, baina eurek diotenez, hardcore/jazza egiten dute. Estiloa edozein izanda ere, 'Fregoli' 2011ko uztak emandako lanik onenetakoa da. Martxoaren 1etik aurrera (Donostia, Gazteszena) diskoa aurkezteari ekingo diote. Mikelekin mintzatu gara.
-«Artea bizitza da, eta bizi-tza transformazioa», Fregoli aktorearen esaldia da diskoaren leloa. Zergatik esaldi hori, eta zergatik Fregoli?
-Trilogiaren aurreko lanek izen bitxiak zituzten, musikarekin lotura zuzenik ez zutenak. Honetan, beste izen bitxi bat aukeratu dugu. Brossa kataluniar olerkariaren 'Hizkuntzaren kaiola' olerkia sartu dugu diskoan, eta haren biografian, Fregoliri buruz irakurri nuen. Izena gustatu zi-tzaigun, eta baita pertsonaia ere: transformista, ilusionista izan zen, bere bizitza osoan eraldatzen ibilitakoa. Leloarekin maitemindu ginen, bere bizitzaren fisosofiarekin, bat egiten baitu gure ibilbide eta izaerarekin.
-Soinu indartsua, molde estuetatik ihes egiten duten erritmoak, progresio eta tentsio musikal emankorrak, heterodoxia... Musikari esijenteek entzule esijenteentzat egindako musika dela esango nuke. Ados?
-Gurea zerbait irekia izan da beti eta ohiko estiloetatik kanpo egon da, baina ez nuke esango entzule esijenteen-tzako egin denik. Kontua errazagoa da, urte hauetan bilakaera bat izan da taldean, bai musika aldetik, eta bai kideen aldetik. Ez da planteamendu bat, ezohiko gauzen bila ari direnentzako musika egingo dugu, edo zerbait ezberdina egingo dugu zerbait ezberdina egiteagatik. Emaitza gure ibilbidearen ondorio da: eraldaketa. Eta progresio hori oraindik ez da bukatu.
-Pertsonalitate propioa duzue, aberatsa; erritmoan, melodian, harmonian... Kantek entzulea erakarri egiten dute, lehengo, eta harrapatu, gero. Zer diozu?
-Uste dut, diskoa lehendabizikoz entzundakoan harridura sortzen duela, Beraz, entzuleak arreta pixka bat jarri behar du. Ez gara lehenengo entzunaldian laurotzen den taldea; ideia asko dago, erritmo aldaketak, progresioak... Baina, arreta jarriz gero, entzulea harrapatuta gera daiteke, bai. Argi dagoena da, gogoa dugula inbestigatzeko eta betiko lelo eta moldeetan ez geratzeko.
-Giroak irudikatzeko erreztasuna duzue. Hortxe, 'Canto de un funeral' abestia; hileten atmosfera ederki lortu duzue. Beste hainbeste 'The revolution has been televised' kantarekin, gertu senti daiteke tentsioa. Non da sekretua?
-Kasu horietan hitzek indar handia dute; hitz gutxirekin gauza asko esaten da. Maila berean musika dago. Eta bi osagarri horiekin zerbait zinematografikoa lortu dugu. Hitzen eta musikaren artean ezkontza bada, pelikula batean aurrean aurkituko zara. Kasu horiek nabarmenenak dira, baina ezkontza hori kanta gehienetan lortu dugula uste dut.
-Hitzetan, ohi bezala, zuen ekarpenak eta literatura eta zinema erreferentziak. Oraingoan, Jack Kerouak, Joan Brossa, Jim Jarmush... Ikusle eta irakurle esijenteak ere bazarete.
-Ideiak oso garbi dauzkagu; zer dugun, zer nahi dugun eta nola nahi dugun. Hori agerian geratu da disko honetako erreferentziekin: Brossa, Kerouak, Jarmush... Horietan, bakoitzak bere mundu miresgarria du, oso landua, eta arima dute. Bestalde, orain Mariano eta Borja hasi dira hitzak egiten, baina orain arte ni arduratzen nintzen hortaz, eta nigan eragina izandako iturriak gurean plazaratzen saiatu naiz. Denak bat egiten badu, hori gure bidea argi dagoelako da. Erreferentzia eta hitz horiek biribildu egiten dute gure izaera.
-Hamabi hazbetekoa, binilo formatuan, eta diseinuan eskuz egindako ilustrazio ederrak. Sentikortasun handia atzeman daiteke diskoa osatzen duten pieza guztietan.
-Esandakoa, oso argi dugu, non gauden eta zer egin nahi dugun. Zerbait berezia nahi genuen, artistikoa. Artea bizitza da, eta gure bizitza artea da. Diseinuari dagokionez, aipatzekoa da izan dugun kolaboratzaile fina, Blami artista lasartearra, primeran gauzatu baitu genuen ideia. Artearen adar asko batu dira lan honetan; arte plastikoak, literatura, musika, zinema. Hori zen asmoa.
-Marianok gainditu zuen Drakeren ordezkapena. Orain, Guantxek erronka polita du Mikelen lekukoa har-tzen. Molde itxiagoetatik dator. Zer moduz doa dena?
-Hasieran Guantxe urduri zegon, beste estilo markatuago batetik datorrelako, eta beste batek egin duena egin behar duelako, eta ez nolanahikoa, gainera: gure erritmo ezinezko horiek, Mikelen arima, azken batean. Harrituta gaude zein erreztasunarekin eta zein gogoarekin ari den. Irrikitan dago beste gauza batzuk egiteko. Eta gurean horretarako aukera ezinhobea du. Oso kontent gaude, gure ispiritu horretan nola ari den murgiltzen ikusita. Satelite horrek beste hiru sateliteekin egingo du talka, eta hortik, gauza handiak aterako direla uste dut.