Dagoeneko Urrutiñe tabernako ateak itxita daude. Azken egunetan tabernako trasteak ateratzen eman dituzte Pili eta Mari Carmen Narbartek eta familiko kideek. Urtarrilaren 31n gelditu da Goizuetako herria plazan tabernarik gabe.
Batzuek dagoeneko data hori egun triste bezala gordetzen dute «herria hutsik ikusten baita». Baina, dirudienez edo momentuz behintzat ez du bueltarik. Urrutiñe itxi aurretik lau taberna ere izan omen ziren Goizuetako plazan. Bi ahizpak hasi zirenean duela 30 urte «jende asko ibiltzen zen egunero ere herrian. Urte haietan, 200-300 lagun gehiago bizi ginen herrian eta mugimendu gehiago zegoen» gogoratzen zuen Pilik.
«Maiatzean 31 urte beteko genituen tabernan zabalik egongo balitz» zehazten zuen goizuetarrak. Urte asko dira jendearekin lana eginez, baina Pilik gogoan zuenez «ireki genuen urtean, kolorezko telebista jarri genuen. Ordurako telebista asko zeuden taberna eta etxeetan, baina guk kolorezkoa jarri genuen eta hurrengo urtean edo, olinpiar jokuak ziren eta...».
Aitzaki ona edo nahikoa tabernara joan eta lagun artean arratsaldea pasatzeko. Hala ere, Urrutiñen egoteko goizuetarrek ez zuten ai-tzaki handirik behar. «Jendeak kartetan jokatzeko ohitura handia zuen. Egunero, bazkaldu ostean kafe bat hartuz kartetan jokatzera etortzen zen,» aiaptzen zuen Pilik. Tuten, musean, trukean... koadrilak edo bertan zeuden lagunekin partida batzuk jokatzeko joera zuten lagun ugarik.
Giro ezin hobea
«Eguerdi partean ardotxuri bat edo zurito bat hartzeko elkargune zen Urrutiñe taberna eguerdi partean. Arratsaldean, berriz, bazkaldu ondoren berriz kafea hartzeko eta ilunabarrean txikito batzuk hartzeko aproposa. Asteburuetan, gainera, pintxo batzuk jartzen zituzten eta bertara hurbiltzen zen jendea kontu batzuk esatera», zioten bizilagunek. Gogoan dituzte bertan emandako inauteriak «festa eta inauterietan bazkarie ta afariak ere eamaten zituzten. koadrilak bigarren pisuan zuten jangelan elkartzen ziren» eta bertan parranda egin. «Etxeko giroan bazkari eta afari ederrak egiten ziren, bataio eta Lehen Jaunartzeetako bazkariak ere egin izan dira. Mari Carmenek eta Pilik giro goxoan ederki ematen zuten bazkaltzez eta jendeak eskertzen zuen» zioen goizutar batek.
«Uda partean, kanpoaldean ama eta emakume gazteak lasai egoten ziren arratsaldean, umeak parkean edo plazan jolasten egoten ziren bitartean. Orain, herriko plaza inguruan ez dugu tabernarik eta hu-tsune anabaritu behar da». Urte gutxitan «lau taberna zeuden Goizuetako plaza inguruan, egunero zabaltzen zituztenak. Untxalo, Txoko (oraindik asteburuetan eta zabaltzen dutena», elizaren ondoan beste bat zegoen eta Aurrezki kutxaren ondoko lokal batean beste bat. Orain berriz, herriko plaza hutsik gelditu da eta hori tristea da herri batentzat».
Eskertzeko egunak izan dira azken hauek Urrutiñe tabernakoentzat. Larunbatean hamaiketakoa eskaini zuten bezero eta bizilagunentzat. Bezeroek ere gogoan izan nahi izan dituzte Mari Carmen eta Pilik emandako orduak tabernan eta «sorpresa» egin ziguten bukaerako 'festan'.
Batzuk eta besteak ere pozik. «Jende asko etorri zen. Pintxo ba-tzuk eskaini genituen eta giro onean pasa genuen larunbata», gogoratzen zuten.
Pilik tristura puntu bat ere sentitzen zuen hainbeste urte Urrutiñen eman eta gero «baina bizia horrelakoa da eta aurrera jarraitu behar dugu. Horrela suertatu da baina orain beste gauza batzuk egiteko urteak dira».
30 urte bi ahizpak, Mari Carmen eta Pili elkarrekin eman dituzte Urrutiñen, Luis Elizegi, Piliren senarra ondoan izan dutela eta seme-alabak laguntzen zietela. Orain, beste 30 urte eskulanak egiten, irakurtzen edo lasai egoteko ...