Roberto Bolañok berrogei bat kasu deskribatzen ditu '2666' nobelan, eta nola deskribatu! Gehienak bortxaketarekin hasi, askotan aurretik eta atzetik, eta asasinatuarekin amaitzen dira. Hauxe izan daiteke kontatzen dituen hainbat kasuren bildumaren isla, haren idazkietan oinarritua baina neure erara osaturiko bertsioa, izen eta tokiak barne:
Azaroan hildako emakumeen artean, lehenengoa Catalina Ruiz Albizuri da, Trujillo eta Santa Martaren arteko errepidean, artzenean jausia, aurkitu zuten gorpua. Itota hil zen. Hogeita bost urte zeuzkan, maila berdea zeraman soinean, eta kirol-zapatilak oinetan. Forentsearen hitzetan, jipoitu eta zehatua izan zen: oso nabarmenak ziren, haren sorbaldan, uhal-kolpe bortitzen arrastoak. Etxeko kafetegian egiten zuen lan, mahaiak zerbitzatzen, aitonarengandik zetorren negozioa.
Ez zuten denbora asko pasatu senargaia atxilotzen, harremana ez zen hain ona azkenaldian, testigu batzuen arabera. Agapito Paredes zeritzan, pintore egiten zuen lan, 'Pinturas Reinosa' enpresan. Ez zeukan koartadarik Catalina Ruiz Albizuri bahitu zuten goiz hartarako. Aste oso bat igaro zuen galdeketatik galdeketara. Hilabete kartzelan igaro ondoren, libre utzi zuten, frogarik ez eta.
Ez zuten besterik atxilotu. Bertan ziren testiguen arabera, Catalina Ruiz Albizurirena nekez izan zitekeen bahiketa. Megane beltz batean sartu zen, bi tiporen ondoan, ezagunak zirela ematen zuen.
Egun batzuk geroago, Elena Sangermán Escalanteren gorpua aurkitu zuen poliziak Tarrragonako Carrer de Fortuny eta Ramba Nova elkartzen diren gunean, manta batez estalia, hogeita hamar urte zituen. Hematoma ugari zeukan torax eta lepo aldean. Forentseak estrangulamendua izendatzen du heriotzaren kausatzat; ito, auskalo zenbat aldiz bortxatu ostean. Bi seme zeuzkan, eta senar ezagunik ez, amonak zaintzen zituen umeak. Oraindik ez da argitu, asasinoa libre dabil.
«Erdi puta» zela esaten zuten, familia behin eta berriz kexatu zen polizia eta justiziaren ahalegin eskasagatik. Tamalez, ordea, emakumearen portaera apur bat urruntzen bada gizarteak ezarri dituen arauetatik, ez zaigu asko kostatzen erasoak 'ulertzea' edo, agian, justifikatzea; justiziaren zentzu distortsionatuarekin bizi gara. Azkenean, matxismoa bilakatzen da epaile, matxismo sexuala eta soziala. Gizona ezerez sentitzen da emakumearengandik ezetzik txikiena jaso orduko, lur jota; ez da gizon, lehen ere ez zelako, seguruenik.