«Ilusio handia izan da niretzat sari hau irabaztea. Niretzako Xabier beti izan da poeta erreferentea eta kantari maitea». Hitz hauekintxe hasi zuen atzoko jarduna Karlos Linazasorok.
Karlosek dezente ezagutu zuen Xabier. «Askotan egiten genuen topo, eta esaten zuen: 'hemen gaude bi melankoliko'. Edo agian 'bi melankolikoak'. Parte batean egia handia da, baina esaldi horrek badu bere buelta. Xabierrek umore handiz esaten zuen hori, eta uste dut biok ere umore eta ironia fina dugula».
«Eskerrak eman nahi dizkiot Aldundiari. Esan didate epaimahaia pozik dagoela. Ez da sariketa hau gaizki hasteko era», jarraitu zuen.
Tolosako olerkariak esan zuenez, azken zazpi urteotan idatzitako poemak elkarri ditu bildumara. «Ama hil zen ezkeroztikoak dira. Eta nire betiko gaiak ukitzen ditut: natura, maitasuna eta denboraren iheskortasuna. Saiatu naiz hermetismoari ihes egin eta gauzak argi esaten. Eite klasikoa dute olerkiek, baina surrealismoari ere asko zor diote, batez ere metaforei dagokienez. Ibai bat balitz bezala doaz poemak, xuabe-xuabe, emaro-emaro, aldaparik gabe».
Epaimahaiaren akta hango kide batek irakurri zuen, Jose Angel Irigarayk. Pozik agertu dira epaimahaikoak: «Lehenengo eta behin, nabarmentzekoa da lehiaketak bildu duen oihartzuna. Ez direla gutxi izan, alegia, Xabier Leteren memoria mantentzeko antolatutako lehiaketan parte hartzera deituak sentitu direnak, haren aldeko omenez, hark eragin bidean txertatu nahian edo beste edozein arrazoi tarteko».
«Aurkikuntza poetiko ugari»
Estankona, Otaegi, Irastortza, Garzia eta Irigarayk era honetara deskribatu dute olerki-bilduma irabazlea: «Poemategi eder eta jasoa, aurkikuntza poetiko ugari dituena, ideia, metafora eta esateko moldean. Bere ahots lirikoaren ezaugarri dira espresioaren laburtasuna, mintzagaiaren kontzentrazioa, hautematearen estatismoa eta hausnarketaren sakontasuna. Bereziki aipagarria da sentipenak eta natura uztartzeko era dotorea, bai eta maitasuna eta paradisu galduak nostalgiaz kantatzerakoan darabilen autoironia. Errepikapenek eta gai beraren inguruko itzuliek areagotu egiten dute poemategiaren intentsitatea.Ondorioz, esan genezake poesia klasikoaren ezaugarriak nabaritzen direla beragan. Alabaina, sentsazioen adierazpenean sorturiko irudiek eta hausnarketek surrealismoaren askatasuna bilatzen dute».
Era askotako lanak aurkeztu omen dira: «Gai, estilo, taxuera, egitura eta sakontasun desberdinekoak dira. Bada bizipen pertsonaletan oinarritutakorik, muga eta molde berriak proposatzen dituenik, filosofian bazkatzen denik, diskurtso edota narrazioa garatzen duenik, zine- eta antzerki-gidoi tankerakorik.».