Herri tradizioak oso sustraituak dituen herria da Mutriku, horrek ere herri egite horretan zerikusi handia ematen diolarik. Horren lekukoak izango dira gaur ospatuko den Kandelario eguna, bihar ospatuko den San Blas eguna edo eta larunbatean ospatuko den Santa Ageda bezpera.
Gaurkoari dagokionez, goizeko 9:00etan komentuan eta arratsaldeko 19:00etan parrokian ospatuko diren mezen hasieran bedeinkatuko dira kandelak.
Ostiralean, berriz, san blas opilak ordu berdinetan izango diren mezen amaieran bedeinkatuko dira. Ohiturari jarraituz mutrikuar mordoxka izango dira urteko argi faltak ordezkatuko dituen kandelak bedeinkatzera edo eta eztarriak gozatu eta leuntzeko opil eta sokatxoak bedeinkatzera eramango dituztenak.
Larunbatean bezpera
Santa Ageda eguna igandean izanik, bezpera larunbatekoa izango da, baina Mutrikun aspaldidanik otsaileko lehen larunbatean ospa-tzen da Santa Ageda koruan irteera, aurten egun seinalatuan hain zuzen.
Lau talde osatuko dira aurtengoan; Bertso Eskolatik bi talde, Mijoa auzoan talde bat eta Gaztetxean beste talde bat. Beraz koruetan kantari atera nahi dutenek badute non aukeratu.
Luardo etxean kokatua dagoen Bertso Eskolatik bi talde aterako dira; lehen taldean koplariak Beñat Ugartetxea, Iñigo Arrizabalaga eta Orlando Arreitunandia izango dira eta goizean kalean zehar arituko dira eta arratsaldean, Astigarribia, Olabarrieta eta Laranga auzoetan zehar.
Bigarren taldean, berriz, Mikel Mendizabal eta Laxao Astigarraga izango dira koplariak eta hauek Olatz eta Ibiri bailarak koplatuko dituzte. Bi talde hauek Ansorregi eta Astiazaran trikitilarien lagun-tza izango dute.
Irteera goizeko 10:00etan izango da eta egun guztian zehar koruetan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute irteera ordurako Luardora bertaratzea.
Mijoa eta gaztetxea
Mijoa auzokoek ere ohiturari eutsiko diote, horretarako bi koplari izango dituztelarik; Iñaki Apalategi eta Xabi Astigarraga.
Hauek goizeko 9:30ean bildu eta Galdua auzoa egingo dute eta arratsaldean bailarako baserri guztiak bisitatuko dituzte. Hiru talde hauek Olabarrieta auzoan dagoen 'Bordatxo' elkartean bilduko dira bazkaltzeko.
Arratsaldeko 19:00etan, azkenik ,Gaztetxeko korua aterako da Beñat Iguaran, Adur Gorostidi eta Iñigo Arrizabalaga koplari lanetan arituko direlarik. Hauekin batera herriko trikitilariak ere arituko dira eta guztiek herriko taberna guztiak bisitatuko dituzte.
Azkenik, ohi den bezala, talde guztiak 'Erbitxo' baserrian bilduko dira eta horrenbestez eutsiko zaio aurtengoan ere ohitura zaharrari.