Iaz, abenduaren 30ean, 'Santo Tomas, taloak solas' izeneko prosa argitaratu nuen egunkari onetan, esanaz garai bateko taloak eta gaur egun erri-jaietan egiten diranak ez dutela zerikusirik.
Andik egun batzuetara, egunkari berean, 'Cartas al director' deritzan saillean, Segurako talogille baten erantzuna jaso nuen: Joxepa Albizurena, ain zuzen.
Errespetu aundiz idatzitako erantzun orretan, onela zioen Joxepa Albizuk: «Euskal Herrian zehar jarri ohi diren talo-postu guztiak ezagutzen ote dituzun zalantzan utzi gaituzu. Kazetari eta iritzi-emale guztiak zaku berean sartu ezin diren bezalaxe, ez dugu uste talogile guztiekin ere gauza bera egin daitekeenik. Hori dela eta, gusto handiz gonbidatu nahi zaitugu taloak nola egiten ditugun ikusteko, taloak probatzeko eta garai bateko eta gaurko taloez solas egiteko. Zai izango zaitugu urtarrilaren 7an Deban, urtarrilaren 18an Mungian, otsailaren 3an Abadiñon, otsailaren 11n Lapuebla de Labarcan, Iñauterietan Tolosan... Ordurarte».
Itzez itz orrela zioen Joxepa Albizuk, errespetu guztiarekin. Nere baitan: «Arrazoi dik: ez dizkiat ezagutzen talo-postu guzti-guztiak, bakarren batzuk probatu baditut ere».
Nere asmoa ez zan oraingo talogilleak beeratzea, baizik eta leengo amen talo-erretze mimatu derrigorrezko ura goraipatzea. Baiña emen dator gakoa: nola bat altza, bestea beeratu gabe?
Manuel Lasarteren oso aspaldiko bertsoa datorkit gogora; Seguran bertan kantatua, noski, Iñaxio Mari Atxukarrok gaia jarri zienean: «bakoitzak bere alderdia goratu dezala». Basarri, Uztapide, Lasarte eta Lazkao Txiki ziran bertsotan. Onatx Lasarteren bertso erdia:
Bat altxatzeko ez genuke nai
bajatu gaiñontzekorik,
baiña munduak iñun ote du
Gipuzkoan antzekorik?
Nik ere Lasartek bezela adierazi bear nituen gauzak. Baiña begira. Nere utsegite ura zala eta ez dala, Joxepa Albizu eta bere taldea ezagutzeko era izan det. Danerako feria txarrik ez, nunbait.
Telefono-dei bat eginda, an joan nintzan Segurara leengo bazkalondo batean, Joxepa agurtzera. Egia esan, ikara pixka bat baneraman, ez bait nenkien norekin egingo nuen topo. Auskalo! Nik zer nekien, ba, eskoba-kirtenarekin artuko baninduen ere.
Baiña, bai zera! Zein izango zain eta amona Joxepa eta aitona Laureano, besoak eta ateak zabal-zabalik. Zein ondo artu ninduten, kafe beroa eta pattar amerikar ederrarekin! Joxepak ez zidan laga barkamena eskatzen ere. Barkamena eskatzeko, pekatu egin bear omen da. Ala bada, ala bedi.
Kontatu zizkidan kontuekin, arrituta eta buru-makur geratu nintzan. Askotan, edozer gauza esaten degu: «Bai. Jendea dirua irabaztearren asten dek jai oietan gauzak saltzen». Eta abar. Baiña begira nola eta zer elbururekin asi ziran talo-postuak jartzen, orain dala ogeita amairu bat urte, utsaren truk eta iñori laguntzeko, beren aalegiña eskeiñiaz.
Lazkaoko beneditarretako Dionisio Amundarain euskaltzale utsa izanik, beneditarra bera, euskaltegia sortu nai Amundarain aundiak, eta txanponak bearko ziran, jakiña. Danen artean zerbait egin naian, amasei laguneko talogille-taldea joan ziran, alajaiña, Bilboko feria muestrasera talo-postua jartzera, euskaltegi bat egiteko Goierrin. Plazan iñork taloak erre zituen leenengo aldia! Egundoko nobedadea. Korrika bukaera bat omen zan jaiera ura. Gaiñera, irugarren urteko Korrika edo, amona Joxepak dioenez.
Adorea bear da leen aldian Bilbora joateko, plazan taloak erretzera, armatutako suan egurrarekin sua eginda. Zertarako eta Amundarain aundiari esku bat botatzearren, euskaltegia sor zezan.
Ondoren, Santo Tomasetan, Donostiara ikastolaren alde, urteetan. Donostiako udalak txosna apaintzen laguntzen omen zien, kolore txuri-urdiñekin eta abar. Izugarrizko etxola moldatzen omen zuten, baiña kearekin begietatik asko sufritzen zutela zioen amona Joxepak. Ez da arri-tzekoa.
Gero, Santa Luzitan, Zumarragara ere joaten asi zirala, bertako udalak ala eskatuta. Orain ere bai. Gaiñera, orain kargu guztiak beren gain artuta. Zerbait ateratzen bada, bale; eta ez bada ere bai.
Amona Joxepak dio orain talo-erretzailleak ugari elkartzen dirala jaiera ezagun oietan. Garai aietan bezela ez dute surik egiten plazetan. Plantxa elektriketan moldatzen dira.
Geroztik, jaiera aundi guztietara dijoa Segurako talogille-taldea, beste askoren artean. Ordiziako gazta-feriara; urte zaarretan Elgoibarra; Durangoko euskal dendara, ez liburu-azokara, naiz eta bertan izaten dan euskal dendetakoa ere. Baionako Erdi Aroko azokara ere joaten dira. Ezpeletako piper-festara ere bai. Altsasura, berriz, urriko ferian. Eta, nola ez, Tolosako gabon-feriara.
Azkenik, auxe adierazi zidan Joxepak: «Taloak ez du egon bear iñoren zai; jendeak itxaron bear die taloei». Bejondeizula, amona. Baiña ez zera libratuko, gonbidapena egin zenidan leku guztietan neri taloa, Arbizuko txistorra eta irugiarra serbitu gabe. Ezin txarrak izan maitasun orrekin egindako taloak. Baiña an izango nauzu gutxien uste dezunean.
Eta urte askoan izan dezagula elkar agurtzeko zoria.
Aupa talo-erretzaille onak!
Gure garaiko Joxe,
Anton edo Karlos
azitakoak gera
esnez eta taloz.
Au aitortu oi degu
geure irri xaloz:
talo-egille onak
ar ditzagun txaloz.