Ibarrako Udalak gazteria alorrean diagnostiko bat egin nahi du, etorkizunerako lan-ildoak zehaztu eta proposamenak jasotzeko asmotan. Galdetegi baten bidez, herriko gazteen iritzia eta ikuspuntua jasotzea beharrezkotzat jo du. 16-26 adin tartekoei helarazi zaie eta betetzeko deia egin da. Mikel Agirrezabala Ezkurdia (Ibarra, 1991) Gazteria eta Kirol zinegotzia, honi buruz mintzatzen da.
-Ekimen hau zergatik jarri duzue martxan?
-Ibarrako Udalak Gazteria saila beti izan du, baina sail honek azken urteetan ez du funtzionamendurik izan. Hori ikusirik, beharrezkotzat jo dugu gazteria alorrean zerbait egitea eta lan horretan lehen ekimena diagnostiko bat egiten hastea izan da.
-Gazteriaren diagnostiko bat egiteko zein informazio iturri erabili behar dituzue?
-Lehenik eta behin, 16-26 adin tarteko 554 gazteri galdetegi bat helarazi zaie posta bidez; hauek beteta urtarrilaren 17rako Ibarrako Kultur Etxean entregatu behar ziren, baina behar eta nahi adina jaso ez ditugunez, epea luzatzea erabaki dugu urtarrilaren 31 arte. Norbaitek galdetegia galdu badu, Kultur Etxean edo web orrian aukera izango du eskuratzeko. Galdetegi hau gehiengo batek betetzen badu, ondorio batzuk aterako ditugu eta beste galdetegi bat sortuko da. Galdetegi berri horrekin zortzi elkarrizketa ireki egingo dira eta horren ondotik lan talde zabal bat sortu. Horrela funtzionatuko ez balu, batzar ireki bat deituko genuke Ibarrako eta aisialdia bertan egiten duten gazteentzako.
-Diagnostikoa egin ondoren, zein lan-ildo eta ekimen jartzeko asmoa dago?
-Diagnostiko zabal bat egin nahi dugu, Ibarrako gazteria oso anitza da eta horrek lan hau zaildu egiten digu. Gazteriari pertsonalki edo orokorrean onura ekarriko dion zerbait landu beharra daukagu eta horretarako beraien proposamen eta ideiak beharrezkoak ditugu. Gure-tzako errazena hiru irteera jarri eta gazteentzako zerbait egiten dugula esatea da, baina horrekin ez goaz inora.
- Herriko gazteria nola ikusten duzu Gazteria zinegotzia zarenetik?
-Oso konplexua da Ibarrako gazteriaren egitura. Batetik, Tolosarekiko hurbiltasunak eta Tolosan txikitatik ikasteak eragin handia dute. Gainera ez dago gune edo ekimenik Ibarrako gazte guztiak ezagutu eta elkartzen direnik. Bestetik, orokorrean gazteriari ametsak eta proiektu berriak falta zaizkio eta horrek gazterian ageriko ondorioak ekarri ditu. Adibide da gaur egungo gazteriaren aisialdi eredua eta horretan ere lanketa sakon bat egin beharko dugu.
-Nolako lanketa egiteko asmoa duzue aisialdi ereduarekin?
-Ez da erraza ohitura batzuk zalan-tzan jartzea, baina gazte lokalen gaia hor dugu. Gazteek beren aisialdia egiteko guneak behar dituzte eta gazteriak bere ibilbidea egin du fenomeno horrekin. Baina Gazteria zinegotzi moduan ez ditut gazteak lokaletan sartuta ikusi nahi beren ideiak alferrik galtzen. Gainera, kontuan izan behar dugu gazte lokal gehienak tolosarrenak direla eta horrek gogoeta sakon baten beharra eskatzen digu.