Larunbat honetako Bertso Egunean Bertsozale Elkartea bera izango da ardatza. Izan ere, aurten 25 urte betetzen dira elkartea sortu zela. Hala ere, jaialdia ez da elkartearen historiaren errepaso hutsa izango. Bertsogintzari eta bertsozaletasunaren inguru gaiak ere proposatu zaizkie bertsolariei, eta, estetikari dagokionez, domino jokoko fitxez apainduko da eszenatokia.
Ohitura den bezala, hiru ekitaldi izango dira larunbatean. Hasteko, eguerdiko 12:00etan, kalez kaleko saioari ekingo diote bertsolariek. Besteak beste, Victoria Eugenia an-tzokiko leihotik ere kantatuko dute, eraikuntza honek 100 urte betetzen baititu aurten.
Bertsolari hauek jardundo dute eguerdi partean: Arrate Illaro, Sebastian Lizaso, Maddi Ane Txoperena, Xabier Sukia, Eneko Abasolo 'Abarkas', Alaia Martin eta Eneko Lazkoz.
Jaialdi nagusia Kursaalean izango da, arratsaldeko 6etan hasita eta bertsolari hauekin: Jon Azpillaga, Imanol Lazkano, Julio Soto, Oihana Bartra, Nerea Elustondo, Aitor Sarriegi, Manex Agirre, Anjel Mari Peñagarikano, Unai Iturriaga, Aitzol Barandiaran, Amets Arzallus, Iñaki Viñaspre, Aitor Mendiluze, Maddi Sarasua, Aimar Karrika, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Jesus Mari Irazu. Aurkezle-lanean, berriz, Laxaro Azkune, Joana Itzaina eta Unai Elizasu ariko dira. Ikusten denez, Euskal Herriko lurralde guztietako bertsolariak elkartu nahi izan dituzte.
Gero, NiNeu Kursaal jatetxean ohiko bertso-afaria egingo da. Bat--bateko jardunez gain (Patxi Etxeberria, Julen Zelaieta, Iratxe Ibarra eta Izar Mendiguren), izango da bertso jarririk ere, eta baita bertso historiko batzuk ere.
Bertsozale Elkartearen lehendakari Iñaki Muruak ez zuen xehetasun handirik eman bertso-saioaren inguruan: «Ez dugu sorpresa zapuzterik nahi. Esan dezaket saioak, seguru, mamia izango duela eta bertsozaleen aniztasunari eran-tzungo diola. Domino jokoaren bidez, irudikatuko dugu Bertsozale Elkartea osatzen nola joan den».
1.800 lagun hartu ditzake Kursaalek eta 300 sarrera besterik ez dira gelditzen. Interesatuak hemen eros dezake bere sarrera, 18 euroan: www. bertsosarrerak.com
Bertsoa.com atariak zuzenean eskainiko du arratsaldeko saioa, eta Euskal Telebistak diferituan, gau horretan hala ere.
Aurreko urteetan bezala, Donostiako Udala eta Kutxa izango dira laguntzaileak. Kutxaren izenean, Iñaki Almandozek gogorarazi zuen entitate honek sarri lagundu izan diola Bertsozale Elkarteari, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroari egoitza ere utzi ziola bere garaian. Azken Gipuzkoako Txapelketan sari emateko garaian Kutxari egindako txistuak ere ekarri zituen gogora Almandozek: «Laguntzen jarraituko dugu, txistu guztien gainetik, txalo guztiek azpitik».
Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko lehendakariak, erantzun egin zion: «Txistu horiekin min handia sentitu dugu. Babesle izan baitugu Kutxa urte askoan. Kutxa izan edo beste edozein partaide izan, ez digu graziarik egiten».
Nerea Txapartegi zinegotzia jardun zen Udalaren izenean atzoko aurkezpenean. Zorionak eman zion Bertsozale Elkarteari bere 25. urteurrenagatik.
Jon Azpillagak kantatuko du hasierako bertsoa, eta Mutrikuko bertsolariaz hau esan zuen lehendakariak: «Fresko eta alai segitzen du. Ikusi nahi izan zutenek, ikusiko zuten duela gutxi telebistako 'Hitzetik hortzera' saioan ere. Deitu genionean, inongo dudarik gabe eman zigun baiezkoa. Bertsolariak, hil arte ez dio uzten kantatzeari. Buru 'anormal' horrek uko egiten dio kantatzen uzteari».