Ekimen berri bat aurkeztu zen atzo Sanz Eneko sotoan. Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailek igande honetan abian jarriko duten Zinemapean egitasmoa, Argia Emanaldiak eta Filmazpit egitasmoekin elkarlanean. Hamabostean behin, igandetan, euskarazko dokumentalak eta filmak emango dira Sanz Enea kultur etxeko sotoan. Euskaraz sortutako dokumentalak eta filmak edo euskarazko azpida-tziak dituztenak izango dira guztiak, beti ere doako sarrerarekin.
Gari Berasaluze eta Karmele Alberdi zinegotziek aurkeztu zuten egitasmoa. «Euskal Herriko kultur etxe, areto, elkarte, erakunde eta gainerakoentzat udazkenean abiarazi ziren bi ekimenekin Zarauzko Udalak abiarazitako elkarlanaren ondorioa da Zinemapean. Izan ere, Argia Dokumentalak eta Filmazpit egitasmoak dira ekimen berri honen ardatza».
Argia emanaldiak ekimena abiarazi zuen Argiak azaroan. Horren baitan, hilero dokumental bat eskaintzen dute euskaraz edo euskarazko azpitituluekin, dokumentala eman nahi duten elkarte, kultur etxe, taberna, gaztetxe edo interesa duten guztientzat, erabat doan. «Helburua Euskal Herri osoan kalitatezko lanak zabaltzea eta euskarazko ekimenen inguruko bilguneak bultzatzea da. Hilabete bakoitzean emango diren dokumentalak Argiak zehazten ditu, eta dokumental hori bera ematen da ekimenean parte hartzen duten herri guztietan. Zarauzko kasuan, Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailek heldu diote amuari, eta hilero emango da dokumental horietako bat, Sanz Eneako sotoan.
Bestalde, Filmazpit Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako ekimena da, pasa den abenduan aurkeztu zena. Zinema zabaltzea du helburu, eta Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalerarekin batera, Donostia Kulturak kudeatzen du.
Ekimen honen baitan, filmazpit.eu webguneak garrantzi handia du. Filmazpit ekimenaren barruan dauden filmen katalogoa eta doako erabilerarako sortuko diren euskarazko azpidatzi guztiak daude bertan, kultur teknikari, erakunde edo norbanakoei artxiboak deskargatzeko aukera eskainiz eta, horrenbestez, irabazi asmorik gabeko proiekzioak antolatu ahal izango dira. Ildo horretan kokatzen da Zarauzko Udalaren eta Filmazpiten arteko elkarlana.
Lehen sei hilabeteteko egitaraua ere aurkeztu zuten atzokoan eta lehen emanaldia, igande honetan, arratsaldeko 18.30tan, Ruben Marcillak zuzendutako 'Oroitarria', San Ferminetan 1978 urtean German Rodriguez-en hiletaren inguruan.