Handia da Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegiren' (1929-2012) heriotzak utzitako hutsunea. Komunikabideek hainbat lagunen iritziak ekarri dituzte egunotan. Gutxitan gertatu da halako erreakzio-ugaritasuna. Ezker abertzaleak adierazi du hilaren 29an omenaldi egingo diola Donostiako Kursaalean. Zaila da laburbiltzen gizon honen ekarria.
Bi esaldi. Haren bi esaldi, egunotan behin eta berriz errepikatu direnak: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz»; «Ez bada beharrezkoa bere lurraldean, hizkuntza batek jai du». Esan ohi zuen euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk eta berak euskaltzaletasunetik egin zuela salto politikara; euskarak politikaren beharra duelako.
Batuaren aita. «Euskara batuaren egiazko aita izan zen. Ez Aresti, ez Mitxelena», adierazi du berriki Joan Mari Torrealdai euskaltzainak. Beste batzuek gehiago matizatu izan dute. Baina egia da 60ko hamarkadaren hasiera aldera, beste gazte batzuekin batera, askotan aldarrikatu zuela euskararen batasuna. Dirudienez, lehenengo aldarrikatzailea Krutwig izan zen, baina haren proposamenak apenas izan zuen jarraitzailerik. 1964an Euskal Idazkaritza Elkarteak (idazle multzo batek) Baionan egin zuen bileran, Txillardegiren txosten bat hartu zuten gidaritzat. Hain zuzen ere, handixe atera zen batuaren inguruko lehen gogoeta kolektibo sendoa. Geroago, 1968an, etorri zen Arantzazuko batzar sonatua, non Euskaltzaindiak euskara batua finkatzen hasi baitzuen ofizialki, orduan Mitxelenaren gidaritzaren pean.
Dibulgatzailea. 1970ean, 'Larresoro' goitizenarekin, 'Sustrai bila' liburua plazaratu zuen; lau urte geroago, 'Euskara batua zertan den'. Hizkuntzari buruzko bi liburuok makina bat jendek erabili zituen bere burua alfabetatzeko, besteak beste Miren Azkarate euskaltzainak, egunotan aitortu duenez. Dibulgatzaile-sen handia izan zuen Txillardegik, eta 'Euskal gramatika' (1978) liburuan euskara batuaren lehen gramatika osoa bildu zuen. Eta, azkenik, 'Euskal aditz batua' liburua idatzi zuen, adizkiak modu pedagogikoan zabaltzeko.
ETAren sortzailea. 1952an, Bilbon zegoela Ingeniaritza ikasten, Ekin izeneko taldexka sortu zuten gazte batzuek, bat ez zetozelako EAJ alderdiak kudeatzen zuen erresistentziarekin. Honela kontatu zuen Txillardegik: «Segurtasun arrazoiengatik Benito del Valleren etxean elkartu ginen sorrera-bilera 'super-ezkutu' bat antolatzeko. (...) Zutik jarri ginen bostok: Benito del Valle, Agirre, Madariaga, Irigoien eta ni neu, eta zin egin genuen, zer gerta ere, ez geniola organizazioaren berririk inori emango». Gero, 1958an ETA sortu zen, eta sortzaile gehienak Ekin-ekoak ziren. Erakunde berriaren izenari dagokionez, Txillardegik bi izen eraman zituen bilerara: Aberri ta Askatasuna (ATA) eta Euskadi ta Askatasuna (ETA). Bigarren hau hobetsi zuten. 1967an utzi egin zuen ETA. Gero, Hegoaldera itzulita, 1977an ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Urte batzuk geroago Herri Batasunaren senatari izatera iritsi zen. Aralarreko kide ere izan zen tarte batean.
Hizkuntzalari matematikoa. Esan ohi zuen aitak bultz eginda ikasi zuela Ingeniaritza, eta berari, gustatu, matematika gustatzen zitzaiola. Arlo honetan jakintsua zen eta, adibidez, saiatu zen soziolinguistikara aplikatzen. Gainera, 'Bat' soziolingistikako aldizkariaren zuzendaria izan zen. Azentuaz egin zuen doktore-tesia eta kezka agertu ohi zuen gaztelaniak kutsatutako ahoskerarekin.
Literaturaren berritzailea. 'Leturiaren egunkari ezkutua' (1957) guztiz berritzailea gertatu zen. Aurreneko aldiz, protagonista problematiko bat ekarri zion euskal literaturari. Leturia bere baitara bildutako pertsonaia da, introspekziora emana. Azkenean bere burua hil egiten du. Frantziako existentzialismoak eragin handia izan zuen Txillardegirengan, eta guztiz existentzialista idatzi zuen aurreneko eleberri hori. Gero beste asko etorri ziren. Hala ere, berak bazterreko ekin- tzatzat eduki zuen beti literatura.
Piano-jotzailea. «Bokazio frustraturik izatekotan pianoa izango nuke», aitortu zuen behin. Ez zuen piano karrerarik bukatu, baina ondo jo-tzera iritsi zen. Atzerrian bizi izan zen 16 urte luze horietan 30en bat etxetan bizi izan zen, eta guztietan izan zuen pianoren bat ondoan. Gehien jotzen zuen autorea Chopin da.
Donostiarra. Antiguako auzoan jaio zen eta maite zuen auzo hori. Ezizena, jaiotetxetik gertu zegoen paraje batetik hartu zuen. Hiriaren historia gogotik aztertu zuen eta bi liburu plazaratu: 'Antigua 1900' eta 'Santa Klara: gure uharte ezezaguna'.