UEMAko (Udal Euskaldunen Mankomunitatea) ordezkari politikoek 2012ko egitasmoa eta aurrekontua onartu dituzte aho batez Zumaian asteburu honetan egindako batzarrean. Aurtengo erronkarik handiena lurgunea handitzea izango da eta azken Udal hauteskundeez geroztik, hogei udalekin harremanak izan ondoren, hurrengo hilabeteetan udal horietako askok mankomunitatean sartzeko eskaera egitea espero dute.
Batzarrean hitz egindakoaren ondorioz, 2012ko egitasmoaren baitan, lehentasunezko esparruak hauek izango dira: euskararen arnasguneak zer diren eta euskararen normalizazioan zer-nolako garrantzia duen gizarteratzea, udalez udal barne erabilera planetan sakontzea eta udal administrazioetatik kanpoko esparrutan eragitea (etorriberrien artean, lan munduan eta legezko babesaren bermeetan, besteak beste). 2012ko UEMA Eguna Goizuetan izango da.
Maren Belastegi UEMAko lehendakariak batzarrean adierazi zuenez, «bizi dugun garai berria aprobetxatuz indarrak batu eta jauzi kualitatibo bat emateko urratsa egingo du mankomunitateak. Horretarako, mankomunitatean udalerri gehiago sartzeko lanean jardungo du mankomunitateak, nahiz eta zailtasunak ere badauden. Izan ere, udal askok borondate politikoa badute UEMAn sartzeko, baina arazo ekonomikoak dituzte», dio. Nolanahi ere, udalerriko batzarrean udal batzuk sartzea espero du Belastegik. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko eragileekin lan ildoa berreskuratzeko asmoa dagoela ere iragarri du Belastegik.
Batzarrean, Kontseiluko Iñaki Lasak ere parte hartu zuen, euskararen normalizazioan udal administrazioek garrantzia handia dutela nabarmentzeko. Lasak adierazi zuen «Espainiako eta Frantziako estatuek jartzen dituzten legezko muga handiak sortu izan dituzte eta etorkizunean ere arazoak handiak sor ditzake». UEMAko udalerrietan egindako lana handia eta eraginkorra izan dela adierazi zuen, baina euskara normalizatzeko plangintza nazional bat ez edukitzea gabezia handia dela ere esan zuen Lasak. Udalerri euskaldunei dagokienez, Lasake «euskararen normalizazioaren etorkizuna udalerri euskaldunetan ari dela jokatzen nagusiki», adierazi zuen.
Balantzea
2011. urteko jardunaren baitan, udal hauteskundeek ekarritako egoera politiko berriak eragin handia izan du. Horren ondorioz, mankomunitatea 61 kide izatera iritsi da (hauen artean Ezkio-Itsaso), eta Zuzendaritza Batzordean alderdi abertzale nagusi guztien ordezkariak daude (Bildu, EAJ, Aralar eta independenteak).
Iazko jardunen artean, 'Hizkuntz ekologia eta lurralde euskaldunak' topaketa nabarmendu zuten mankomunitatekoek. Bertan, UEMAren 20 urteko ibilbidearen berri eman zen, eta etorkizuneko lan ildoak markatu ziren. Ondorio nagusia izan zen mankomunitateko herrietan euskararen arnasguneak zer diren eta horrek euskararen normalizazioan zer-nolako garrantzia duen gizarteratzea. Bestalde, gainerako lan ildoei dagokienez, erakundeekiko harremanak hobetu izana nabarmendu zuten: Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanak sendotu ditu.
Gainerakoan, beste lan hauetan ere jardun du UEMAk: etorriberrientzako egitasmoak, udalen barne erabilera planak, finantza erakundeekiko hitzarmenak eta euskalgintzako talde eta eragileekiko hartu-emanak.