diariovasco.com
Sábado, 26 mayo 2012
sol
Hoy16 / 27||Mañana14 / 21|
más información sobre el tiempo
Estás en: > > >
Huntaz, hartaz, horretaz...

POLÍTICA

Huntaz, hartaz, horretaz...

15.01.12 - 03:31 -
En Tuenti
CerrarEnvía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

* campos obligatorios
Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

* campos obligatorios
«Ez da komeni idazle aurpegi anizdun hau muga hertsiegietara mugatzea» irakur daiteke Txillardegiren soslai biografiko ugarietako batean. Komenigarria ez bada, are gutxiago da posible pentsalari/politikari/idazle/hizkuntzalari/irakasle/soziolinguista/eragile donostiarra «muga hertsietara mugatzea».
Horrenbeste aurpegi izanik, bakoitzak hurbilenekoa deritzonari erreparatuko dio. Euskara eta euskal kultura arrotz dituenak, politikoari nagusiki. Beste aldean, honatx euskaran erabat murgilduta dagoen Kontseiluak atzo egindako saioa: «Euskara ikasi, irakatsi, euskarazko literaturaren berritzaile, euskara batua sustatu, euskal soziolinguistika aldarrikatu eta ekarpenez hornitu, eta nola ez, euskalgintzan aktiboki jardun... Horiek guztiak jorratu izan ditu Txillardegik bizitzan zehar, eta horrek erakusten digu euskara eta euskararen etorkizuna izan dituela bidaide».
Ikuspegiak askotarikoak izanda ere, ordea, bada ia guztietan Txillardigiren izenak -Txillardegiren edozein izenek- erantsita daraman lelo bat: 'berritu zuen'. Beste ezer berritzen hasi aurretik, euskara bera, beretzat ere hizkuntza berria izan zena. 1948an euskara bere kabuz ikasten hasi eta urte gutxira bazebilen, Euskaltzaindiak Arantzazun 1956an egin zuen batzarraren harira, batasuna aldarrikatzen: «Osakuntza aundia bear du euskerak gaurko bizikeran gai izateko». Gertu, beste 'euskaldun berri' bat, beste berritzale bat, Gabriel Aresti. Eta 1958an, 'Batasunaren bidea' txostena. «La tengo por importante en mi lucha personal por el euskera», idatzi zuen. Urteen buruan aliatu erabakigarri, Mitxelena eta Villasante. Joan da horrenbestez euskararen batasunaren lau zutoin nagusietan azkena...
Txillardegi ez da azaltzen 1968an euskaltzainek eta hainbat euskaltzalek Arantzazun egin zuten argazki historikoan. Nekez, erbestean baitzegoen, etxera itzuli ezinik. Argazkian azaldu beharrik ere ez euskararen batasunaren akuilatzaile aitzindaria izan zela frogatzeko.
Berak aitortu bezala, borroka pertsonala; besteen zain egon gabe, ekin. Esaterako, 1960ean -hiru urte lehenago 'Leturiaren egunkari ezkutua'-rekin euskal nobelagintza egutegiak adierazten zuen urtera eraman ondoren-, letra 'iraultzailea' atera zuen plazara 'Peru Leartzako'-ren eskutik. «Debido a que Euskaltzaindia no se ha pronunciado definitivamente sobre la 'h', yo la utilizo a mi manera». Leturia, Leartzako Peru, Elsa Sheelen, Putzu eta beste Txillardegiren fikziozko unibertsoko biztanleak. Azkena, une honetantxe gaurkotasun handikoa izan daitekeen 'Labartzari agur' (2005) nobelako Antton Ihartzegarai.
Hizkuntzalaritzaren hainbat alorretan egin duen lanari horretarako gai diren adituek aitortu diote goiko maila. Hizkuntzaren alorrean aspirazio bakarra euskaraz txukun idaztea zuten garai bateko euskaldunek, berriz, 1974 eta 1979 bitartean argitaratu zituen 'Euskara batua zertan den', 'Euskal gramatika' eta 'Euskal aditz batua' eskertuko dizkiote zinez. Aukerak urriak zirenean, askok eta askok liburu horietan aurkitu zituzten idatziz ere euskaldun izateko tresnak eta baliabideak.
Hizkuntzaren inguruko hainbat lan saiakeraren alorrean sailkatu izan dizkiote bibliografietan, hamabost bat liburuko sorta osatuz. Hori ere berritu zuen, euskarazko saiakera alegia. Egin zuen aurreneko ekarpena 1965ko 'Huntaz eta hartaz' izan zen. Gai existentzialak, politikari, ideologiari, erlijioari eta moralari lotuak landu zituen, euskara edozein gairi buruz jarduteko gai zela frogatuz. 2007an jarri zion triangeluari hirugarren aldea 'Horretaz' lanarekin. Zazpi saiakera labur bildu zituen liburu hartan. Rosalia de Castro, Ameriketako indioen genozidioa, astronomia, Sartre... Bizitza osoan legez, huntaz, hartaz, horretaz, denetan zehatz eta fin.
Azken urteetan omenaldi ugari jaso ditu Txillardegik, dezente idatzi da hari buruz, bide asko ireki dira berak sortutako mundu zabalera hurbiltzeko. Bada ordea bide zuzenago bat, 2004.ean Donostian egin ziren omenezko jardunaldi batzuetan Pruden Gartziak egindako gomendioa aintzat hartzea: «Bere abertzaletasuna gorroto dutenek ere, mesedez, faborez, otoi, arren, irakur ditzatela bere lanak, geuk abertzaleok Unamunorenak edo Pio Barojarenak irakurtzen ditugun errespetu berdinarekin». Gainerakoek, zer esanik ez.
TAGS RELACIONADOS
En Tuenti
Elecciones 20N
Videos de Más actualidad
más videos [+]
Más actualidad
Diario Vasco

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.