Euskararen inguruko ikerketan elkarlanean aritzeko hi-tzarmena sinatu du HABEk erakunde hauekin: Asmoz Fundazioa (HIZNET - Hizkuntza Plangintza Graduondoko ikasketak direla eta), Baionako Iker-CNRS zentroa, Soziolinguistika Klusterra eta Mintzola Fundazioa.
Hitzarmenen helburu nagusia da HABE Liburutegiaren eta aipatutako lau erakundeen artean elkarlanean aritzea. Liburutegia lau erakundeen bibliografia eta dokumentazio hornitzaile gisa arituz, beti ere Liburutegiaren esparru zientifikoaren baitan: Eleaniztasuna, Hizkuntzen Didaktika, Soziolinguistika, Ahozkotasuna, Euskara... Lau erakundeek, beren aldetik, HABE Liburutegiko funtsak erabiliko dituzte eta horien berri emango dute.
HABEren izenean, Lourdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu duenez, HABEren liburutegia hizkuntza gaietan espezializatua dago eta hizkuntzen ikerketan dihardutenentzat erreferentea da: «Publikoa da eta HABEri nahiz euskaltegiei begira lan egiteaz gain, hizkuntzekin ikerketan dabiltzan sektoreekin ere harreman estuak ditu eta oro har gizarteak dituen hizkuntz premiei erantzuten saiatzen da. Une honetan 6.000 bazkide ditu eta 40.000 dokumentu bildu ditu HABE Liburutegiak eta, azken urteotan, teknologia berriak lagun, bere funtsen erabilera ez presentziala bultzatzeko hainbat egitasmotan murgilduta dago: estatu mailan puntako liburutegi-sarea den REBIUNeko partaide da (Red de Bibliotecas Universitarias); Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean parte hartzen du liburutegien arteko maileguari dagokionez; hitzarmenak tarteko, ikertaldeekin elkarlanean ari da eta zerbitzu zuzenak eskaintzen dizkie ikerlariei; ALERTAK bezalako on-line zerbitzu azkarra eskaintzen du; eta abar. Hori guztia ikusirik, benetan harro egotekoa da eta eskertzekoa ere bai HABE Liburutegiaren lana».
Hezkuntza jardunaldia
Bestalde, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak seigarren aldiz antolatu du hezkuntza arloko jardunaldia. Donostiako Miramar jauregian arloko adituak eta eragileak bildu ziren atzo. 'Haur hezkuntzaren garrantzia euskararen jabekuntzan eta garapenean' goiburupean egin zen jardunaldian, ikasle eleaniztunen abantailez hitz egin zuten. Gainera, Vic-eko Unibertsitateko Vanesa Amat Castellsek eta Llorenç Comajoan Colomek parte hartu zuten, Kataluniako esperientziaren berri emanez.
Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak eman zion hasiera aurtengo jardunaldiari. Kontseiluak ikasle guztiak euskalduntzeko proposamena egina du eta adin tarte honi dagokion atala aurkeztu zuen Bilbaok. Kontseiluaren proposamenaren helburu nagusia, derrigorrezko irakaskuntzak ikasle euskaldun eleanitzak sortzea da, 16 urterekin euskaraz B2 maila egiaztatzea, alegia.
«Egun Euskal Herrian dugun egoera soziolinguistikoa eta ukipenean dauden hizkuntzen arteko konpetentzia legeak kontuan harturik, euskararen, hizkuntza gutxitua den heinean, ezagutza maila egokia ziurtatzeko euskarari lehentasuna eman behar zaio eskolan», esan zuen baita ere Paul Bilbaok.
Esperientzia praktikoetarako tartea ere egon zen. Horretarako, Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxe publikoko Ane Miren Iruretagoienak, Hendaiako Gure ikastolako Peio Urrizak, eta Tolosako Hirukide ikastetxeko Gurutze Telleria eta Ane Lasak parte hartu zuten.