Argi esateko, hilabete hasierako geldialdiak ez dio on egin zenbait talderi. Ohorezko Mailan, urrutira joan gabe, Caf/Rte. Faro de Higuer taldeak berdindu egin zuen bere berehalako jarraitzailearen aurka, Knauf-Aluminios Aleman, eta bigarren jardunaldia jarraian irabazi gabe, K2&66 Tabernak taldeari utzi zion lidergoa. Irekierako ekuatoreak Lehen Mailako bi multzoetako liderrak berdinketatik ez pasatzea ere ekarri zuen. Edozein modutara, biek nahikoa aldea zuten euren ohorezko postua mantendu ahal izateko. Bigarren eta Hirugarren Mailan, zenbait taldek geroz eta gertuago ikusten dute hainbeste amestutako igoera.
Ohorezko Mailan, jardunaldiko partidak ez zuen huts egin. Caf/Rte. Faro de Higuer eta Knauf-Aluminios Aleman taldeek jokoa eta golak izan zituen partida bat oparitu zien ikus-entzuleei. Nahiz eta Borja Ruiz eta Mitxel Badiolak, bi taldeetako pitxitxiek, euren gola egitea lortu zuten, partida binako berdinketarekin amaitu zen. Cafe Oreretak Zumaren aurka egin zuen berdinketari gehitzen badiogu eta K2&66 Tabernak-ren garaipenari, hori guztia lider aldaketan laburbildu zen.
Borja Ruizen taldearentzat azaroa ez da aurreko hilabeteak bezain hilabete baikorra izaten ari, izan ere bi partidetan puntu bakarra batzea lortu dute, eta lehen postua galdu dute, nahiz eta berdinduta dagoen puntutan lider berriarekin. Zumarragakoek, bere aldetik, euren bigarren berdinketa jarraian metatu dute, arerio sendo baten aurka, eta taularen goialdean mantentzen dira.
Ohorezko Mailako lider berriak, K2&66 Tabernak, partida gogorra izan zuen Denda Berri-Zelai Taberna Beastiren aurka eta 2-3ko emai-tzarekin garaipena lortu zuen lehen postura iritsiaz. Tolosarrek jende berria eta gaztea sartu dute taldean eta pixkanaka geroz eta lehiakorragoa den taldea sortzen ari dira. Lehiaketako ekuatorera iritsita dagoeneko, lehen postuan daude.
Taularen behealdean hiru talde daudelarik, harritu egiten du oraintxe Mugan Estilo, Zuma Hine eta Pub Argia, Azken Faseko azken hiru ordezkariak direnak, jaitsiera saihesteko borrokan ikustea. Nahiz eta oraindik txapelketaren erdia gera-tzen den aurretik, dirudienez lehenengo biek badakite zein den euren helburua. Donostiarren kasuan, atzeratutako partida bat faltan, oraindik taularen goialdera itzuli daitezke. Hain zuzen ere, donostiarrek Cafe Oreretaren aurrean jokatuko duten duelua da hurrengo jardunaldiko norgehiagoka interesgarrienetako bat.
Lehen Mailako A multzoan, Bianditz Etxegintza Metalicas Oleta taldearen kemenak ezustean harrapatu zuen eta ezin izan zuen binako berdinketatik pasatu, eta ondorioz multzoko liderrak denboraldiko lehen bi puntuak utzi behar izan zituen. Liderraren estropezua Seat Kep Autok probestu zuen, puntu bakar bateko aldearekin Relojeria Mikeli gerturatzen ari zaiolarik, aste honetako argazkia dagokiona, eta Ahalman, binako berdinketa egin zuten eta lehen sailkatuarekiko distantzia berdinera mantentzen dira. Relojeria Mikelek, gainera, berriz ere partida konplexua izango du hurrengo jardunaldian, liderrarekin lehiatu beharko baitu.
B multzoan, S21 Sec taldeak ere markagailutik bere lehen bi puntuek nola hegan egiten zuten ikusi zuen. Beste taldeko liderrari gertatu zitzaion bezala, lehen sailkatua ezustean harrapatu zuen taularen erdi-behe aldeko arerio batek, Oianume Sagardotegia B taldeak, eta binako berdinketa bakarrik erdietsi ahal izan zuen. Kasu honetan ere, aurkariek egoera probestu zuten aldea murrizteko. Dulciplol zein
restaurante Mendizorrotz taldeek euren partidak aurrera atera zituzten eta burura gerturatu dira, bitartean Artikutza Bar Alkainek gol-sorta jaso zuen No Mas Velloren aldetik.
Bigarren Mailako A multzoan, Bar Larrak bere erritmo sendoarekin jarraitzen du eta multzoan oraindik garaitu gabea den bakarra da, izan ere 4-2 mendean hartu zuen Garbera Sagardotegia taldea, garaitu gabe geratzen zen beste taldea. Liderrak bost puntuko aldea mantentzen du igo gabe geratzen den lehen taldearekiko. Hurrengo astean oraindik gehiago handitu dezake bere aldea, bigarrena hirugarrenaren aurka arituko baita.
B multzoan, LUKO Instalaciones eta Otxo Motxo gorenean daudelarik, edonork gal dezake kategoria, izan ere hirugarrenetik azkeneraino bost puntuko aldea besterik ez dago; eta hirugarrenetik hamargarrenera partida bakarra, beraz, hemendik Irekiera amaiera bitarte puntu bakoitza hil ala bizikoa izango da. Bitxikeria modura, multzoko lehen bi taldeak hurrengo jardunaldian bi azkenen aurka arituko dira.
Eta B multzoan gauzak estu badaude, C multzoan trabatzea oraindik eta handiagoa da. Hasteko, Unior, lehenengo bi porroten ondoren, lehen postura iritsi da jarraian lau garaipen metatu ondoren. Puntu berdinekin, 12, Bar Urtxori Bi kokatzen da, Cabo Rojo taldearen aurka partida zoro bat aurrera ateratzea lortu zuena (5-4). Liderretik azken aurreko sailkaturaino bost puntuko aldea besterik ez dago. Astero taulak sekulako irauliak jasan ditzake. Hurrengo astean hirugarren eta laugarrenaren arteko dueluak, posible bada, gauzak asko argitu ditzake taulan.
D multzoan, A-n bezalaxe, liderrak geldiezin jarraitzen du. Visualek erabateko garaipenak manten-tzen ditu eta bigarrenari bi puntuko aldea ateratzeaz gain, partida bat gutxiago ere badu, beraz, abantaila bost puntutara iritsi daiteke. Multzo honetan, goiko eta behekoen arteko aldeak nabariagoak dira. Hurrengo jardunaldiak lehen bi sailkatuen arteko duelua utziko digu, aukera ona izango da Visual oraindik estutasunak pasatzeko dagoen ikusteko edo geroz eta gertuago dagoen berez dagokion kategoriatik.
Azkenik, Hirugarren Mailan, geroz eta argiago dago zeintzuk diren Itxieran Bigarren Mailan jokatzeko borrokan dauden taldeak. B, C eta, batez ere, D eta G multzoetan alde handiak egin dira taularen goialdean bi norgehiagoka zuzen geratzen direnean, eta antza denez ez dira murriztuko. Batzuk goialdean sartzeko borroka ari diren bitartean, bete ba-tzuk gorenean mantenduko dira igoera baieztatu arte.