'Gartxot' filma bihar iritsiko da zine-aretoetara. XII. mendean girotutako leienda bat -gero 1917an Arturo Campiónek liburu batera ekarria- kontatzen du marrazki bizidunetako pelikula honek. Drama bat da eta ikusleak hunkituta aterako dira aretoetatik.
Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta dira zuzendariak, ekoizpen- -etxea Somuga izan da, eta musika-banda Benito Lertxundirena. Izan ere, Orioko kantariak aspaldi erreparatu zion Arturo Campiónen liburuari, eta 1981ean diskoa plazaratu zuen, izenburu hau zeukana: 'Altabizkar / Itzaltzuko bardoari'. Lertxundik ez du filmerako doinu berririk egin, eta Aitor Furundarena arduratu da lehengo soinu haiek bildu, lotu eta moldatzeaz.
Lau urteko lana egin behar izan dute 'Gartxot, konkista aitzineko konkista' burutzeko. Hasiera beretik ikusi zuten marrazkietako filma izan beharko zuela, bestela garestiegia surtatuko litzatekeelako. Aurrekontua, azkenean, 1,7 milioi eurokoa izan dute.
Filmeko gai nagusia euskara eta herri-kultura dira. Arturo Campiónen narrazioak XII. mendeko bardo baten bizitza kontatzen digu. 'Bardo' deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari, eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea, bahituko du, latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak desafiotzat hartuko du kantaldi bakoitza eta soldaduak aita-semeen ehizan arituko dira, harik eta inguratu eta irtenbide bakarra utzi arte: tragedia.
Arturo Campiónek Zaraitzuko kondaira ilun eta nahasi batez baliatu zen, baina intentzio guztiarekin Nafarroako historian funtsezkoa izan zen toki eta garai batean kokatu zuen: XII. mendeko Orreagan.
1936ko Gerra Zibilaren ostean, behin eta berriz 'berrasmatu' da kondaira zaharra. Buenos Airesen antzeztu zuten 1948an, erbesteratuentzat, eta 80ko hamarkadan Iruñean; 1981ean Benito Lertxundik diskoa eskaini zion; 2003an Asisko Urmenetak komikia egin zuen Marko Armspachekin batera, eta Korsikako Mediterranio saria irabazi.
Somuga produkzio-etxearekin batera, REC soinetxea, Euskal Telebista eta Bartonfilms banatzailea izan dira eragile nagusiak. Lagun-tzaileak, berriz, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, besteak beste.
«Campiónen liburuak zirrara eragin zidan -esan zuen Benito Lertxundik atzoko aurkezpenean-. Lehen momentutik ikusi nuen oso istorio zinematografikoa zela. Gero Asisko etorri zitzaidan, eta planteatu zidanean marrazki bizidunen kontua zalantza izan nuen ez ote zuen horrek karikatura-kutsua hartuko, baina ez, marrazkiek oso ondo transmititzen dute mendi-giro hura».
Filmeko euskara zahar kutsukoa eta nafar usainekoa da, baina zailtasun handirik gabea. Itzaltzun mintzatzen zen hizkerara gerturatu nahi izan dute. Zaraitzuko Ibaxako herria da Itzaltzu, eta badira hamarkada dezente hango min-tzaira zaharra desagertu zela. Orain 46 lagun bizi dira, eta banaka ba-tzuek badakite euskaraz, baina batutik gertu dagoen euskara-mota bat darabilte.
Ahotsa ipini duten aktoreei dagokienez, Zuberoa nagusitu da hor. Filmaren arduradunek nahi zuten protagonista nagusiaren ahotsa Benito Lertxundirena izan zedin, baina honek esan zien hobe luketela Mixel Etxekoparrengana joatea, eta halaxe, hari eskatu eta baiezkoa jaso zuten. Beste protagonista nagusiei (Mikelot eta Xune), Luxi Agergarai eta Maika Etxekoparrek ipini diete ahotsa. Biak ala biak Amaren Alabak taldeko kide ditugu.
Marrazkiak ausartak dira, eta ez-ohikoak. Mikeloten aurpegiak, adibidez, Picassoren kubismoa gogorarazten du. «Guk ezin genuen lan zientifikorik egin, gure lana izan da sentimenduak transmititzea, eta jendeari sinetsarazi garai hartan benetako tragedia bat gertatu zela», esan zuen atzo Urmenetak.