Eguneroko zeregiñetan aritzen geran edonork bear genuke, gutxienez urtean bein, opor-egunak artzeko eskubidea.
Atseden pixka bat artzeko premian nengoela-eta, neronek ere aurten artu nituen egun batzuk, aspaldiko partez. Tabernako atean kartela jarri nuen, "oporrengatik itxita" zioena, jendeak jakin zezan ixteko nuen arrazoia.
Ura ikusi zuen bezain laster, emakume ezagun batek esan zidan:
-Zer, Mari Karmen, zu ere oporrekin? Nora joateko ideia daukazu, jakin badaiteke?
-Bai, jakiña -erantzun nion-. Nola ez ba! Ni ere oporretan nago, besteak bezela. Baiña ez daukat iñora joateko batere asmorik. Emen bertatik bertara ibilita ere, ederki asko pasa liteke lasai asko.
Gaur egun, jende askok daukan bidaiatzeko goseak eta ortarako jartzen dituzten nai ainbesteko aukerak edukita, batek nai duen bezelako bidaia egin dezake, bai airez, bai leorrez eta bai itsasoz, noiznai. Maletak prestatu, eta aire! Munduko bazterrak ikustera.
Euskal Herrian aurten izugarri nabaritu omen da turismoaren gorakada, bidaia zale askori esker. Badago ibiltzea atsegin zaionik. Baiña ez da orrela gertatzen nere kasuan. Ez det bein ere izan zenbaitek adiñako irrikarik. Bearbada, txikitan eduki nuen arazoak gogoak kendu zizkidalako.
Izan ere, komeriak izaten nituen, eskurtsiora joan bear nuen bakoitzean, oso urrutira joaten ez bagiñan ere.
Eskurtsiora egin nuen leen bidaia artako oso oroitzapen txarrak ditut. Autobusean sartu bear nuela pentsatze utsak zorabiatzen ninduen.
Bi urtetan segidan, Saturrarana joan giñan. Eta orren luzea egin zitzaidan bidea, ze ez dakit nora gindoazela iruditzen zitzaidan.
Artean, mareoaren aurkako pastillarik ez zegoenez, etxeko erremedioekin probatzea pentsatu nuen. Batetik eta bestetik jaso nituen. Baita probatu ere batzuk.
Kamamilla-ura ona zala zioten batzuek. Beste batzuek, berriz, anis-tisana obea zala. Kopeta eta sudurra ozpinaz igurtzitzeko ere esan zidaten. Eskerrak ez nuen egin. Bestela, ederra kiratsa eramango nuena.
Beste batzuk errezagoak ziran: limoia txupatu edo intxaurrak edo urrak jan. Xelebreagoak ere baziran.
Bein baiño geiagotan joandakoa naiz perrexil-ostoak kolkoan nituela. Baita aspirina bat edo garbantzuak sabelean erdian nituela ere.
Neretzat alperrik ziran erremedio guztiak. Baiña ez nengoen etxean gelditzeko. Gutxitan izaten genituen-eta irteteko aukerak.
Autobusean abiatzen giñanerako, aoan alako txistu irentsi eziñezko bat nabaritzen nuen, eta bereala leiatillatik burua atera bear izaten nuen.
Orrela joaten nintzan denbora guztian, bideko aize guztiak aurpegian artuz, tripak ere bota bearrean.
Kolore zurbillarekin eta batere kemenik gabe iritsi nintzan ni bezain triste zegoen ondartza artara. Izugarrizko bero-eguna zan, eta gogoan det nola ur ertzean ibili giñan. Barrura ere sartuko giñan gustora, baiñu-jantziak eraman izan bagenitu.
Gurekin joandako apaiz gazteak, ark bai artu zituen baiñu ederrak, gure ordez; igerian ere ederki zekien-eta. Alanbrezkoak ziruditen zango txuri aiei begira egon nintzaien, sotanak lurrean utzita, galtza motx aietan jarri zanean. A zer eredua, ezta?
Arrituta utzi gintuen denok ura ala ikusteak, beti sotanarekin ezagututa, naiz eta baiñu bat artzeak ez zeukan ezer txarrik. Guri inbidia eman bakarrik!
Gero, nerabe-garaian, berak jarri zizkigun arauak guri, udarako berorik aundienetan ere besoak eta zangoak ondo estalirik eraman bear zirala esanez. Noiz eta belaunburu politak eta erakusteko modukoak genituen sasoian!
Ala moduko bazkaria ere egin genuen, etxetik eramandako ogitartekoekin ondartzan jarrita.
Ondoren, denok joan giñan zinera, inguru artan zegoen fraileen komentura. A zer nobedadea izan zan ura guretzat, pantailla erraldoi artan gure aurrean kolorezko imajiñak jarri zituztenean!
Ez det gogoan pelikularen izenik, baiña badakit zaldi pilla bat trotean ibili zirala, gizon pistoleroak gaiñean zituztela alde batetik bestera.
Nik, leendik neukan gorputzaldi txar arekin, asiera bakarrik ikusita begiak itxirik eta belarriak eskuekin tapatuta eduki nituen, aien iskanbillek buruko min geiago ez egitearren. Amaierarik gabekoa izango zala ere pentsatu nuen, nere zorabioan.
Urrengo urtean ere, naiz eta aurrekoan bezain gaizki egin bidaia, gustora asko ikusi nuen pelikula. Oso polita izateaz gain, zearo unkituta utzi gintuen 'Marcelino pan y vino' artako mutil txiki aren jokabideak. Eta esan bear det gure masailletan beera isuriak izango zirala malko potolo bat baiño geiago.
Alde batetik bestera mugitzeko garraio baten bearra daukagu sarritan. Eta, ibiliaren poderioz, arazoa gainditu nuen. Noizbait arrastoan sartu nintzan.
Gerora, mareatzen ez nintzan arren, zenbaitek adiñako gogorik ez det izan bidaia luzeetarako. Beldurra ez ezik, errespetu aundia ere izan bait diet bai itsasontziei, bai egazkiñei.
Duela urte gutxi, izan nuen aukera ederra, gaiñera doakoa. Baiña uko egin nion.
Sarritan esan izan nuen egazkiñean ibiltzea nolakoa zan probatuko nuela bizitzan, bein beintzat. Baiña ez det uste. Orain arte egin ez badet, ez det iñoiz egingo; derrigortzen ez banaute, beintzat.
Ni, oraingoz ingurutik ibiliko naiz, lurra ikutuaz, badaezpada. «Donde pisa el buey.», baserritar ark zioen moduan.