Hirurogeita hamabost urte bete dira, 1936ko uztailaren 18ko altxamenduaren ondoren, Espainiako Errepublika deuseztatu eta Francoren diktadura indarrez ezarri zutenetik. Testuinguru hartan, Euskal Herriak pairatu zuen bortxakeriaren berri jasotzen dituzte poliki-poliki belaunaldi berriak, ekimen ugari direla bitarteko.
Modu horretan ezagutzen ari gara apurka-apurka altxamendu haren ondorioz gure herrietako udaletan gertatu ziren indarrezko esku hartzeak.
Horren adibide gordin dira fusilatu zituzten Urretxuko eta Zumarragako bederatzi lagunak. Gaurkoan gertaera hura gogoratu nahiko genuke, dagokien aitortza eginez. Herritar haien memoria eta aitortza lagun, Urretxuko eta Zumarragako udalek fusilatuen senideak omenaldi xume batean biltzea proposatzen dugu.
Urretxuko eta Zumarragako ondorengo bederatzi herritarrak 1936ko iraila eta urria bitartean atxilotu eta Donostiako Ondarretako kartzelara eraman zituzten.
Hantxe galdu zen beren arrastoa. Zenbait testigantza jaso ondoren, 1936ko urrian Hernaniko kanposantuko hormaren aurka fusilatu zituztela uste dute senideek. Dena den, oraindik ere, agiri ofizialetan desagertutzat jotzen dituzte. Herrian haien oroigarri bakarra Urretxuko hilerrian, fusilatuen izenak jasotzen dituen plaka oroigarri bat dago.
Plaka hori senideek bere ekimenez eginarazi eta ezkutuan jarri zuten hirurogeita hamarreko hamarkadan. Senideek orain artean ez dute beste aitortza ofizialik jaso
Bi aitortza instituzionala
Bi Udal hauek Aitortza Instituzionala egin nahi die 1936ko urriaren 20an fusilatutako herritar hauen omenez, berain senitarteko eta lagunei. Horretarako bi ekitaldi xume antolatu dituzte. Lehena bihar, eguerdiko 12:30etan, lore eskaintza Urretxuko kanposantuan. Ekitaldi honetan familiartekoek loreak jarriko dituzte fusilatutakoen omenez. Ekitaldia bera baino ekintza berari eman nahi diogu garrantzia. Bestea, larunbatean hilak 22an, 13:30etan, Urretxuko udaletxeko sarrera nagusian, omenaldia eta bi herrien aitortza. Familiarteko guztiekin harremanetan jarri gara eta ilusio handiz hartu dute egitasmoa.
Ohar honen bitartez, deia zabaldu nahi dute omenaldi honetan parte hartu nahi duten hurbileko gainontzeko lagun eta senitarteko guztiei. Betsalde, deialdia herritar guztiei zabalduta dago.
Urretxuko fusilatuak
Hilario Aranburu Unanue (Tolosa, 1875-Hernani, 1936). Labeaga kaleko 8. atarian bizi zen emaztearekin eta zazpi seme-alabekin. Agustin Agirreren saski-lantegian egiten zuen lan. Udal musika bandako eta txistulari taldeko partaidea zen. Pregonari lanak egin ohi zituen. EAJ-PNV alderdiaren jarraitzailea zen. Urriaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak. 61 urte zituela hi zuten.
Hilarión Arzelus Agirre (Urretxu, 1909-Hernani 1936). Jauregi kaleko 10. atarian bizi zen. Umezurtza. Herriko Benefizentzia Etxean zeukan anaia. Jostuna zen; etxean lan egiten zuen Ordiziako Balenciaga jostunarentzat. Herriko jarduera artistiko ugarietan hartzen zuen parte, antzerkian batez ere. Parrokiako zerga-kobratzailea zen. EAJ-PNVren jarraitzailea zen. Urriaren 13an atxilotu zuen Guardia Zibilak. 27 urte zituela hil zuten.
Jose Becerra Narbaiza (Donostia, 1917-Hernani 1936) 14 urte zituela etorri zen Urretxura. Iparragirre kaleko 2. atarian bizi zen amarekin eta arreba gazte batekin. Ezkongabea zen. Esteban Orbegozo lantegian lan egiten zuen, eta Pinchada izeneko lantokiko futbol taldean jokatzen zuen. Inoiz ez zen inongo alderdi politikoren alde agertu, eta adinez txikia zenez, ez zuen Errepublika aldarrikatu zeneko hauteskundeetan parte hartu. Urriaren 13an atxilotu zuen Guardia Zibilak etxean. 19 urte zituela hil zuten.
Angel Belaustegi Otamendi (Urretxu, 1916-Hernani 1936) Udaletxean bizi zen guraso eta anai-arrebekin. Udal idazkaria zuen aita. Ezkongabea zen. Zuzenbide ikasketak egiten ari zen. Udan beti etorri ohi zen Urretxura, eta Urola futbol-taldean jokatu ohi zuen. Ez zen inongo alderdi politikoren jarraitzailea. Etxean atxilotu zuen Guardia Zibilak. 20 urte zituela hil zuten.
Hilario Gabilondo Ugalde (Urretxu 1894-Hernani, 1936) Iparragirre kaleko 24. atarian bizi zen emaztea eta bi seme-alabekin. Forjaria zen. Alcorta Mendizabal y Cia. lantegiko sortzailea eta bazkidea zen. EAJ-PNVren jarraitzailea zen. Urriaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak etxean. 42 urte zituela hil zuten.
Alfonso Orcajo Orcajo (Valladolid, 1900-Hernani, 1936)Ipiñarrieta kaleko 1. atarian bizi zen amarekin. 19 urte zituela etorri zen Urretxura. Eguzkia S.A. balezta lantegian lan egiten zuen. Alderdi errepublikanoaren jarraitzailea zen. Guardia Zibilak atxilotu zuen. 36 urte zituen hil zutenean.
Angel Zabaleta Aranburu (Urretxu, 1917 -Hernani, 1936) Iparragirre kaleko 2. Atarian bizi zen guraso eta zazpi anai-arrebekin. Ezkongabea. Tabako denda bat zeukan familiak. Apaiztegian ikasten ari zen, eta udan gurasoei laguntzen zien dendan. Politika munduan inoiz ez zuen alderdi batekiko edo bestearekiko atxikimendurik agertu. Aita monarkikoa zuen. Arreba zaharrena Emakume Abertzale Batzako partaidea zen, telefonista; diktadurapeko erregimen berrian udal agintariek lanik gabe utzi zuten.
Zumarragako fusilatuak
Venancio Eguren Mendia (Zumarraga, 1904-Hernani, 1936), Secundino Esnaola kaleko 26. atarian bizi zen anaiarekin. Ezkongabea zen. Urretxuko Alcorta Mendizabal y Cia malguki eta balezta lantegiko bazkidea eta langilea zen. Ez zegoen inongo alderditan afiliatua.Guardia Zibilak etxean atxilotu zuen. 32 urte zituela hil zuten.
Francisco Pompeyo Pompeyo (Donostia, 1896-Hernani, 1936). Artiz auzoan bizi zen emaztea eta hiru seme-alabekin. Zumarragako Rojo y Zaldua lantegiko langilea zen. Ez zegoen inongo alderdi politikotan afiliatua. Guardia Zibilak etxean atxilotu zuen. 40 urte zituela hil zuten.