Noizean bein aipatu izan ditut Elorrixako baserrietan egon izan ziran morroi batzuen kontuak. Aietako bat Bernabe morroia izan zan: garai artan, bizi zan errixkako miseriatik norabait iesi etorritakoa.
Ura ona iritsi zanean, sasoian zegoen. Illeoridun mutil gaztea zan. Eta norbaitek izena galdetzen bazion:
-Bernabe Horcajada Mejía, Guadalajaran jaioa -erantzuten zuen zuzen asko, bi abizen eta guzti.
Erbestetik etorria bazan ere, ederki moldatu zan emen. Zegoen baserrian aurrak zeudenez, aiekin egunero euskaraz egin bearra tokatu zitzaion. Eta oso denbora gutxian, guk bezelaxe itz egiten zuen.
Berez, langille fiña eta zuzena zan mutilla. Baiña lanean sos batzuk irabazi orduko, kitto.
Kristau legea ere bete bear zan eta besteekin batera igandero etortzen zan mezatara. Eta bigarrengo estazioa tabernan izaten zuen: gurean. Tabakoa erosteko edo ardo-tragoxka egiteko aitzakiarekin etortzen bazan ere, ordu pilla bat pasako zuen emen.
Naiko ardo sekula edan gabekoa, orregatik billatu oi izan zuen geiago lortzeko modua. Oso indartsua zanez, makilla-tiran edota pultsuan edozeiñi jokatzeko prest egon oi zan beti. Ark bazekien, bai, orretan ez zegoela ari irabaziko zionik. Botilla bat ardo errez eskuratuko zuen. Kulturistek bezelako beso-zuztarrak zituen.
Beiñola, baserriko asto beltzak ortzaka eginda besoa more-more zeukala ikusita, lagun batek esaten dio:
-Aizak, i. Tetanoaren aurkako txertoa artu al dek? Besoa gangrenatzen bazaik.
Eta Bernabek erantzun:
-Lasai. Orregatik beintzat ez nauk ilko-eta. I, eta zer dek, ba, dalako tetano ori?
Mantenuen truke aritzen zan, eta ezer gutxi irabazten zuen. Baiña jornala gastatzeko gorputz ederra zuen. Apetitua ere ez zuen nolanaikoa.
Auzoko gazte guztiak berekin izaten zituen beti, naiz eta txoska artu izan zuten edanda zegoenean, aren kontura barre batzuk egiten bait zituzten.
Pelukeroak ere aukeran izaten zituen, illea nai zuten bezala mozteko eskubide osoa emanaz, berrogeita amar pezeta edo ardo pixka baten truke. Eskaillera-maillak bezelako koskak eginda uzten zioten illea askotan.
Ala ere:
-Lasai -esan oi zuen-. «El burro mal esquilao, en quince días igualao».
Ezergatik ere ez zion ajola ari.
Urte batzuk pasa zituen, orain baserri batean, gero bestera ibiliz. Egun batez, errepidetik zijoala, auto batek jo eta ospitalera eraman zuten ebakuntza egitera. Sendatu eta bereala zan berriro auzoan bueltan.
Eta bereala zan berriro ere gazteekin batera. An zebillen berriketan. Eta alako batean esaten die Bernabek:
-Zuek ez dakit jakingo dezuen neri belaunean zillarrezko iltzea jarri didatenik.
Taldeko batek, orduan:
-Isildu adi, Bernabe. Ori egia izan ezkero, belaun eta guzti salduko uen-eta onezkero.
Orduan, abokatuak emana omen zan paper bat atera zuen poltsikotik: bosteun milla pezeta jaso bear zituela esaten zuen agiria. Istripuaren konpentsazioa-edo.
Ark esaten zuena aintzat artu gabe, kentzen dio paper ori batek eskutik eta ris ras puskatu.
-Onek ez dik balio ipurdia garbitzeko -esanaz eta Bernabe ao-zabalik utziaz.
Eta ark, asko aserratu gabe, zioen:
-Eta nik nola kobratu bear diat orain papera puskatuta?
Gero ez dakigu zer egin zuen gizajoak kontu arekin. Dana dala, garai artako utsa adinako mokadua izango zuen, diru ura kobratu izan balu.
Ura pasata denbora gutxira, berriro ezkutatu zan norabait. Bere errira joan zala zioten batzuek. Il ote zan susmoak ere baziran. Ez zan izan beintzat aren arrastorik denbora luzean.
Udazkeneko arratsalde batean, ama zana eta biok sukaldean geundela, an azaltzen zaigu, gutxien uste genuenean. Berari begira gelditu giñan, mamu bat agertu zitzaigulakoan.
-Kaixo, arratsalde on -esan zuen.
Ama zanak, orduan:
-Aibala! Au Bernabe dek-eta. Bizirik daudenak azaltzen dirala. Ara bera emen. Gu, berriz, illa zalakoan geunden. Nola diran kontuak!
Berak, orduan, algara batean:
-Zeiñek esan du ni il naizen kontu ori? Ikusi oraindik nola bizirik nagoen.
Ogi-puzka baiño obeagoa zan mutilla. Bere buruari eman zion tratu txarrarekin alperrik galdu zan.
Baiña, edanda zegoela ere, etxeko umeentzat goxokiak ematea ez zitzaion sekula aazten. Beraiek ere oso maitea zuten Bernabe.
Diru-eskasia sarritan izaten zuen. Eta, bere gastuetako falta zuenean, odola ematera ere joaten omen zan. Ordaindu egiten omen zioten, kalitate onekoa zuelako. Gaurko ainbeste kontrolik pasa gabe eman aal izango zuen, nunbait, ardo kutsuko odola!
Badira urte pilla bat alde egin zuenetik. Eta ez da aren berririk arrezkero.
Dagoen lekuan dagoela, bizi bada, Bernabe iñori kalte asko egin gabe egongo da. Eta, bearbada, izango du ardoa nork eskaiñia.