Tolosako Triangulo plazan aurkeztu zuten aurtengo mugikortasunaren astearen baitan burutuko diren ekintza nagusiak. Horien artean, Villabonan izango da hilaren 24ean 2. eskuko azoka. Berdura plazan goizeko 10etatik aurrera bizikleta eta mugikortasunarekin zerikusia duen materiala (bizikletak, kaskoak, patineteak, maillotak, kilometro kontagailuak...) saltzeko aukera izango da. Horretarako, interesatuta dauden herritarrek edo elkarteek Tolosaldeko udaletxeetan materiala aldez aurretik utzi ahal izango dute.
2. eskuko azoka honekin bi helburu erdietsi nahi dira: alde batetik mugikortasun iraunkorra Tolosaldeko biztanleen artean susta-tzea, eta bestetik, berrerabilpena bultzatuz, objektu ezberdinen biziraupena luzatzea. Horretarako baina, guztion parte-hartzea ezinbestekoa da.
Informazio gehiago www.tolosaldeagaratzen.net web gunean edo 943-654501 eta 689749439 edo zure udaletxean lor daiteke.
Objektu edo produkturen bat saldu nahi duten pertsonek ondoren aipatzen diren guneetara eraman beharko dituzte irailaren 21a baino lehen: Adunan udaletxean; Anoetan kiroldegian; Asteasun udaletxean; Berastegin udaletxean; Elduainen udaletxean; Ibarran Udaletxean; Iruran Udaletxean; Tolosan udaletxean; Villabonan udaltzaingoan, aldez aurretik deituta (943 693 980) eta Zizurkilen Udaletxean
Aipatzekoa da azoka egunean bizikleta elektrikoak doan proba-tzeko aukera izango dela. Aurtengo berrikuntza izango da eta Uribe Kostako 'Bizimeta' proiektua ezagutzeko aukera izango dute azokara bertaratzen direnek. Proiektu horren bidez Uribe Kostako hiriarteko bizikleta bidezko garraio publiko sistema abiarazi da (bizikleta arruntez gain, eguneroko joan-etorrietan bizikleta elektrikoen erabilera ere sustatu nahi da ekimen honen bidez).
Bestalde, Tolosaldeko bizikleta bira herrikoia antolatu dute irailaren 25erako. Goizeko 10:30ean Ikaztegietatik abiatuta Asteasu aldera joko dute partaideek. Ikaztegieta eta Asteasu abiapuntu bezala hartuta, Tolosaldeko bidegorria zeharkatzen du birak, Anoetan erdibidean elkartuz. Goizeko 11:30ean, berriz, hamaiketako ekologikoa Tolosaldeko udalen eskutik, jokoak txikienentzat, zozketak, etab. 12:00etan Kiwizibidaia ikus-entzunezko emanaldia egongo da. Zeelanda Berria familian bizikletaz, Bizibidaiaren eskutik.
Garraio publikoa
'Bidaiatu modu eraginkorrean: hobetu zure mugikortasuna!' lelopean ospatuko dute Europako hamaika herri eta hirik irailean antolatzen den Mugikortasun Iraunkorraren Astea (irailak 16-22). Aurtengo kanpainak garraioaren eraginkortasun energetikoaren beharraz kontzientziatu nahi ditu herritarrak.
Aste honetan zehar, garraio publikoaren, bizikletaren eta oinez ibiltzearen aldeko sentsibilizazio kanpaina da Europako Mugikortasun Astea, eta mugitzeko modu jasangarri hauek sustatzera eta horretarako azpiegitura berriak eraikitzera gonbidatzen ditu europar herri eta hiriak. Aurten Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteak hamar urte beteko ditu eta garraiobideen energia eraginkortasuna izango da mintzagai nagusiena. Tolosaldeak aurtengoan ere bat egin du Europako Mugikortasun Astearekin eta urtero bezala jarduera ba-tzuk antolatu dituzte herrietan.
Atzo Tolosaldea Garatzen eta Tolosako eta Villabonako ordezkariek egindako prentsaurrekoan garraio publikoaren erabileraren aldeko apustua egin zuten eta honen garrantzitasuna azpimarratu nahi izan zuten. «Honenbestez, ezinbestekoa da gure gizarteak garraio modu eraginkorrago eta garbiagoen aldeko apustua egitea. Honela, eguneroko joan etorriak oinez, bizikletaz, autobusean edo trenean eginez gero, energia aurrezten lagunduko dugu, eta era honetan, gure osasunarentzat eta ingurunearentzat kaltegarri diren isurpenak ere murriztuko ditugu. Izan ere, energia iturri fosilak erabiltzen dituzten ibilgailuen kopurua etengabe handituz doa eta, ondorioz, garraioan kontsumitzen den erregai kopurua ere handiagoa da, airera CO2 eta partikula kutsakorren isurpenak areagotuz. Gainera, errepidean aurkitzen ditugun arazo eta zaratak ekiditen lagunduko dugu».