Goiena taldearen berrikuntzarako grinak irabazi du sari nagusia
Aurtengo beste bi sariak Igone Fernandez Mariezkurrenak eta Ainhoa Oiartzabalek jaso zituzten atzo Andoainen
N. AZURMENDI
Domingo, 3 de julio 2011, 04:34
Iraganari omen egitearekin batera, euskarazko hedabideak etorkizunera begira egiten ari diren ahalegina saritu dute batik bat atzo Andoainen banatu ziren XXIII. Rikardo Arregi kazetaritza sariek, sari nagusia «beti pauso bat aurretik» doan Debagoieneko Goiena Komunikazio Taldeari esleituz. Etorkizun oparoa dute halaber beste bi sariak jaso zituzten Igone Fernandez Mariezkurrenak (Kazetari Berria ataleko saria) eta Ainhoa Oiartzabalek (Sari Berezia).
Gaur-gaurko kazetari eta hedabideen «bikaintasuna eta etengabeko berrikuntza» aintzat hartzen duten sariak aditzera eman eta banatu aurretik, baina, tarte zabal eta hunkigarria bereganatu zuen iraganak. Gonbidatuz bete-beterik zegoen Bastero Kulturgunean bazen atzo gonbidatu berezi bat: poesia eta kantagintzaz gain kazetaritza ere landu zuen Xabier Lete zena. Eta, Antton Valverde bitartekari, Leterenak izan ziren ekitaldiko aurreneko hitzak, despedida kutsu betea duen 'Amaitu da bidaia' poema zirraragarrikoak.
Iraganeko oroitzapenak ekarri zituzten aurten Ohorezko Saria jaso duten bi kazetari beteranoek ere. Prentsa idatzian Miren Jone Azurza, irratian Ignazio Arregi, bata eta bestea «euskarazko kazetaritza modernoaren zutoin nagusien aitzindaritzat» jo zituen Kike Amonarriz aurkezleak, epaimahaiaren erabakiaren ildotik. Eta batak zein besteak erakutsi zuten, hitzaldi eder banatan, ez zaizkiela agortu garai latzetan hurrenez hurren 'Zeruko Argia' aldizkaria eta Loiola Irratia zuzentzeko ezinbestekoak izan zituzten adorea eta argitasuna.
Berrikuntzaren bidetik
Ohiko sariez gain, aitormen berezi bat ere dute aurtengo edizioan Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak elkarlanean antolatzen dituzten sariek. Horretarako hautatua 'Erlea' literaturaren inguruko aldizkaria izan da. Orain bi urte sortu eta «jadanik betirako erreferentzia» bihurtu den aldizkariko zuzendari Bernardo Atxagak jaso eta eskertu zuen saria, 'Erlea' argitara ematen duen Euskaltzaindiko beste kide batzuk -Xabier Kintana eta Andoni Sagarna, kasu-, hurbil zituela betiere.
Azken hilabeteetan euskarazko kazetaritzaren alorrean egin diren lanik onenak aukeratzeko orduan, idatzizko hedabideetan diharduten bi kazetariren eta hasiera-hasieratik berrikuntzaren aldeko apustua egin duen talde baten ekarpenak hobetsi ditu epaimahaiak. 27 urtetik beherako kazetariei emandako saria 'Gaztezulo'-ko Igone Fernandez Mariezkurrenaren esku jarri zuten zeregin horretaz arduratu ziren Ana Karrere Andoaingo alkateak (epaimahaiko buru legez, aurreko alkate Estanis Amutxastegi ere aretoan zen) eta Blanca Urgell Kultura Sailburuak. Fernandez Mariezkurrenak aipatu aldizkarian argitaratutako 11 elkarrizketa eta bi erreportaje saritu dituzte hain zuzen, besteak beste «freskoak, irakurketa atseginekoak eta ausartak» direlako.
Oso bestelakoa da estiloz 1999an Kazetari Berria saria irabazitako Ainhoa Oiartzabali aurten Sari Berezia eman dion 'Nork hil zuen Begoña Urroz?' lana. Erreportajea baino areago, 1960eko ekainaren 28an Amarako tren geltokian jazotako leherketa batek eragindako zaurien ondorioz hil zen 22 hilabeteko umetxoaren heriotzaren inguruko ikerketa sakona da, ikuspegi askotatik egina. Otsailaren 20an, 'Berria' egunkariko 'Igandea' gehigarriak hamaika orrialde eskaini zizkion geroz eta urriagoa den ikerketa-kazetaritzaren pieza eredugarri horri. Egunkariaren edizio digitalean irakur daiteke oraindik ebidentzia guztien kontra azkenaldian ETAri egotzi nahi izan zaion atentua xehatzen duen lana.
«Kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna» izan dira, epaimahaiaren hitzetan, Sari Nagusia erabakitzerakoan aintzat hartu dituzten irizpideak, eta Goiena Komunikazio Taldea da hiru ezaugarri horiek ondoen islatu dituena. Bereziki saritu duten ekintza papera, ikus-entzunezkoa eta internet uztartzen dituen komunikazio taldeak iazko urrian «sarean egindako berrikuntza» da, baita «hedabide multimedia integrala eta integratua» antolatu izana ere. «Tokiko hedabideetatik haruntzago da baliagarri eta eredugarri Goiena Komunikazio Taldearen ibilbidea», dio epaimahaiaren erabakia biltzen duen aktak, arrazoi denak esaldi bakarrean bilduz: «Pauso bat aurretik doaz beti».