Gazteek ezagutzen dute batik bat Fernando Morillo, haientzat -14/15 urteko neska-mutilentzat gehienbat- sortu baititu orain arte kaleratu dituen 25etik gora liburuak. Azpeitian 1974an jaio zen idazlea aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dute horietako askok, kilometro mordoa egiten baitu Morillok urtero ikastetxez ikastetxe. Oraintsu jarri du abian, Grezia klasikoari eta Japoniari buruzko liburu banarekin, zientzia fikzioa eta historia nahasten dituen sail berri bat, 'Multibidaiariak' izenekoa. Fernando Morillori, hain zuzen, proiektuak, ametsak eta ideiak ez zaizkio agortzen.
- Zenbat saio egin dituzu ikasturte honetan ikastetxeetan?
-Erritmoa jaitsi behar izan dut beste gauza batzuk egin ahal izateko, baina aurrekoan, esaterako, 150 hitzaldi eskaini nituen, bestelako saioak aparte utzita. Gehiegi da, ordu asko errepidean...
-Zer ematen dizute trukean horrenbesteko ahalegina egiteko?
-Alde onak bistakoak dira. Batetik, liburuen salmentatik bizitzea ezinezkoa denez, behar ditut bizitzeko. Bestetik, etengabe zabiltza zure liburuak berraztertzen beste begirada batzuen bitartez. Gazteek oso garbi esaten dizute zer gustatzen zaien eta zer ez, oso zuzenak dira, eta oso aberasgarria da atzera-elikadura moduko hori. Alde kaskarxeagoa da energia eta denbora pila bat kentzen didatela nik egin nahi dudana egiteko: idazteko. Eta konturatzen naiz izugarrizko esperientzia ari naizela pilatzen. Zuzenekoa, ez teorikoa.
-Esperientzia horren arabera, zer sentitzen duzu 'gazteek ez dute irakurtzen' entzuten duzunean?
-Hori iruditzen zait, hain justu, lainoan egon nahi izatea, errealitateari begiratu nahi ez izatea. Gazteek, guztiok bezala, istorioak behar dituzte. Liburuetan gustukoa duten edo harrapatzen dituen bat aurkitzen ez badute, beste nonbaitera joko dute. Gaur egun guk genituenak baino askoz 'istoriogune' gehiago dituzte: bideo-jokoak, hamaika tramankulu elektroniko, internet eta sare sozialak, mobiletan ere denetik daukate... Nik ulertzen ditut. Gaur egungo gaztea banitz, irakurtzeko beharko nuke sekulako estimulua, ikaragarrizko goxokia. 10.000 aldiz entzun dezakezu irakurtzea garran-tzitsua dela, oso ona dela zuretzat eta hori guztia; liburu batek engantxatzen ez bazaitu, alferrik da. Horregatik, entzuten dudanean gazteek ez dutela irakurtzen, badakit ez dela egia. Gertatzen dena da ez dugula entzuten zer eskatzen duten.
-Zer eskatzen dute?
-Gaur egun irudiak gure garaian baino askoz garrantzi handiagoa du, eta irudia esaten dudanean ez dut esaten bakarrik marrazkia... Musikaren garrantzia ere hor dago. Oro har, beste erritmo bat bizi dute, eta errazegia da esatea arinegi doazela, erritmo azkarregian bazoaz arinkerira joko duzula. Kontua da beste era batera xurgatzen dituztela datuak, beste erritmo batean. Guk, hori ulertu beharrean, gutxietsi egiten ditugu etengabe: ez dakite, guk esango diegu zer behar duten eta zer komeni zaien... Horrela lortzen duguna da irakurleak galtzea.
-Zer gustatzen zaie?
-Erantzun horren bila nabil ni ere, etengabe ari natzaie galdezka, baina zerrendaren buruan jarriko nuke erritmoa eta, nolabait, istorioak beraientzat egunerokoak diren euskarri desberdinetan garatu ahal izatea. Askotan laguntza eskatzen diet, galdetuz ea nola egingo luketen liburu batek irakurlea gehiago harrapatzeko, eta botatzen dituzte ideiak, ez da hain zaila, entzun egin behar zaie. Istorio on bat ona zen orain dela 150 urte eta ona da orain. Kontua ez da beste istorio batzuk kontatzea: jantzia aldatu behar zaie, edo bestela ez zaizkie iritsiko gaurko gazteei. Ni ari naiz esperimentutxoren batzuk egiten, eta gehiago egiten jarraitzeko asmoa dut.
-Zer ez zaie gustatzen?
-Esate baterako, ez zaie batere-batere gustatzen moralkeria. Oso azkar antzematen dute liburu bat idatzi den moralkeriak-edo bultzatuta. Garai batean erlijioaren ingurukoa izango zen; gaur egun gehiago da zuzentasun politikoaren edo dena delako horren ingurukoa. Horrelakoetan segituan konturatzen dira, berehala ikusten dute hor istorioa ez dela nagusi. Beraiek nahi dutena da abenturan murgiltzea, istorio bat bizitzen ari direla sentitzea. Azkenean, guri ere hori gustatzen zitzaigun.
-Non irakurtzen zenituen umetan eta gaztetxotan gogoko zenituen istorioak?
-Batik bat etxean eta mendian. Irakurtzeko beti gustatu izan zaizkit bazter bakartiak. Zuhaitzpean etzan eta iruditzen zitzaidan azalduko zitzaidala basajauna edo elforen bat, eta hor sentitzen nintzen erabat irakurtzen ari nintzen liburuaren barruan. Gaur egun irakurketa ia desagertu egin da paisaiatik. Parisen zabiltzala ikusten dituzu parkeetan gazteak irakurtzen mobiletan, liburu elektronikoetan, paperezkoetan... Hori gurean gutxitan ikusten da.
-Normal samarra, gazte askorentzat irakurtzea eskolako lana dela kontuak izanik.
-Bai, ikastetxeko egiteko astuna da gehienentzat, eta gai honen inguruan ezinbestean aipatu behar da irakasle asko, ia beren kabuz, egiten ari diren lan ikaragarria. Ikastetxeetako saioetan ikusten da aldea... Irakasle bat ona denean eta lortzen duenean erabat konektatzea ikasleekin, askoz ere motibatuagoak daude, ikusi dutelako irakurtzea ez dela ezinbestean astuna. Proiektu batean inplikatzeko aukera ematen diezunean, buru belarri sartzen dira. Dena den, irakurtzea beti izan da gutxi batzuen ohitura, gure garaian ere hala zen. Hortaz, kezkatzen nau noski irakurtzen dutenen kopuruak, baina gehiago kezkatzen nau irakurle amorratuak diren batzuk esatea euskaraz ez dutela aurkitzen gustukorik, eta gaztelaniara jotzen dutela. Ez dakit gaizki azaltzen ditugun gure lanak, edo ez dugun asmatzen, eta gure liburuak modan dauden banpiroen eta horien aldean serioegiak ote diren.
-Irakurle gazteak erakartzeko idazlea modetara makurtu behar da, bere ikuspegiari uko eginez?
-Ez da makurtzea. Makurtzea baino gehiago da egokitzea. Gazteak oso azkar antzematen ditu trikimailuak eta, helduak ez bezala, gustatzen ez zaion liburua utzi egingo du, behartuta ez badago ez ditu gogoz kontra irakurriko 200 orrialde. Beraz, nik uste dut egin daitekeela gazteentzat autore literatura, baina beste doinu bat emanda, gazteengana helduko den musika bat. Beste baten ahotsarekin idatzi beharko banu, utzi egingo nioke idazteari, baina nik uste dut bateragarria dela nork bere ahotsari eustea eta idazterakoan irakurleak nolakoak diren eta zer nahi duten oso kontuan edukitzea. Agian horregatik idazten dut gazteentzat, oso eroso eta libre sentitzen naizelako, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga hori haiek bezain gogoko dudalako.