«Eskola txikiak herri ta auzo, geroaren bila pausorikan pauso» abestuz Txalburu eskolako ikasle eta irakasleak ekianaren 12ra begira daude. Egun horretan, Abaltzisketa Gipuzkoako eskola txikien festa ospatuko da eta herrian musika eta giro aparta nagusituko dira.
Milaka lagun espero dituzte «eguraldi lagun balin bada behin-tzat, horrelakoetan zaila baita asmatzea, baina eskola txikietako ume eta gurasoekin bakarrik lagun mordoxka bilduko gara eta bestelakoak ere etortzea espero dugu» dio Joseramon Mujikak. Hala ere, abaltzisketarrek dena prest dute aurtengoa ere ahaztu ezina izan dadin eskola txikiko festa handia.
Aste honetan, azken orduko lanak egin behar dituzte: karpak montatu, aulki eta mahaiak ekarri, oholtzak eta bestelako jarri... Lan guzti horretarako «laguntza handia izan dugu. Pozik gaude izan dugun laguntzarekin. Urtean zehar 24 guraso aritu gara ikasleen lagun-tzarekin festa eguna prestatzen, baina laguntza eske ibili garenean herritarrak ere prest agertu dira laguntzeko behar zen guztia egiteko» dio Joserramonek.
Egunean bertan, Mujikaren esanetan «120 bat lagun izango gara lanean», baina ez dira lanean arituko diren bakarrak «umeak ere dantza egin beharko dute, abestu,...» eta abaltzisketarrak zioenez «urduri daude, baina aldi berean ilusio handiarekin». Ilusio hori gurasoek ere ba omen dute «sentsazio ezberdinak sentitzen ditugu, ilusio handia dugulako baina kezka ere bai. Helburu nagusia gauzak ongi ateratzea da eta hori eguna ailegatu eta pasa arte ezingo dugu jakin». Antolatzaileen usteetan «3.000 mila lagun etortzea posible da. Beti ere eguraldiaren arabera, eta kontuan izanda gure aukerak, instalakuntzak eta herriko ezaugarriak kontuan izanik, eguraldia puntu garrantzitsua da».
Esperientzi ona umeentzat
Egun handia ekaianren 12a da Abaltzisketan baina azken hilabeetan Txalburu eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek bizi izan dituzte une bereziak. Ikasturtean zehar hezkuntza programarekin jarraitu dute eta Pilar Maiza, eskolako zuzendariak agertzen zuenez «umeak ez dira oso urduri ibili. Ez dute sumatu gehiegi orain arte festa antolatzeak suposatu duena». Beraien-tzat une politak bizitzeko aukera eman die bereziki «Porrotx eta Pirritx etorri zen egunean primeran pasa zuten». Hurrengoan berriz, Leidorrera joan ziren egunean protagonismo berezia izan zuten Abaltzisketako herri eskolako ikasleek. Egun hura ere, ahaztu ezina izan zen denontzat.
Baina zerrenda ez da hor amai-tzen izan ere, maiatzaren 18an, Realeko jokalari diren Mikel Labaka eta Eñaut Zubikarai izan ziren eskolan. Euren sinadurak jaso zituzten eta hamaika argazki atera zituzten Realeko jokalariekin eta oraindik atzo gogoan zituzten Labaka eta Zubikarai esandakoak.
Herriko zati garrantzitsua
Umeak pozik agertzen ziren ikasturte honetan izan dituzten aukerekin eta dagoeneko zain daude eskola txikien festako eguna noiz iritsiko. Bitartean jaieko abesti errepikatzen dute. Buruz dakite eta gero eta ozenago entzuten da Abaltzisketan. Bertan ere, bat datoz «eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik» leloarekin. «Eskola ez baita hezitzeko erikina bakarrik, gurea bezalako herri batean umeak bertan ikasteak garrantzi handia du. Bizirik mantentzen da herria zati garrantzitsu bat dira. Gurea famili handi bat da, harreman berezia sortzen da ikasleen artean eta abita guraso eta irakasleen artean harremana oso zuzena baita gure artean eta horrek ere garrantzi handia duela uste dugu» dio Pilar Maizak.
Ekainaren 12ko festarekin herri txikietako guraso, ikasle eta irakasleen arteko harremanak estutzeaz gain «eskola txiki asko gaudela eta hemen gaudela» esaterako baliko duela uste Maizak. Orain denon babesa izatea espero dute. Horretarako gonbitea luzatzen dute.