Azken urteetako hitzordua betez, ikasturte amaiera honetan ere udaletxean izan dira San Benito Ikastolako ikasleak, alkatearekin bildu eta Agenda 21 ekimenaren barruan egin duten lanaren berri emateko. Ikasturte honetan biodibertsitatearen gaia landu dute hainbat ikuspegitatik, eta atzokoan kurtso ezberdinetako ordezkariak pleno aretoan izan ziren Patxi Albisurekin batera, hilabeteotan egindako lana laburbildu eta ateratako ondorioak jakinarazteko.
Gelan nahiz kanpoan aritu dira lanean ikasleak, naturarekin harremanak estutuz eta iritziak jasoz. Besteak beste, herriko kale eta parkeen egoera aztertu dute, nahi bezain garbi ez daudela ikusiz. Eta baita Agauntza errekarena ere. Uraren kalitatea aztertu dute, eta ibar basoaren egoera. Azken honi dagokionez, tamalez desagertuta dagoela ikusi dute. «Errekaren uraren kalitatea ona izan arren, herrigunean ibaietako ibarbasoa guztiz galdua dagoela ondorioztatu dugu. Gizakiaren eragina errekaren ibilgu guztian nabaria da, erreka guztiz kanalizatua baitago», nabarmendu dute. Era berean, erreka inguruan hondakin ugari aurkitu zituztela azpimarratu dute. Horrekin batera, landaretza eta fauna zein egoeratan dauden ere begiratu zuten.
Euren eginbeharra ez da egoera aztertzera mugatu, ordea, eta hura hobetzeko gomendioak ere luzatu dituzte. Errekari dagokionez, esaterako, ibarbasoa berreskuratzeko ahaleginak egin beharko liratekeela diote, «bioaniztasuna manten-tzeko eta mehatxaturik dauden espezieak babesteko». Era berean, «espezie inbaditzaileak kendu eta jatorriz ibarbasokoak diren zuhai-tzak landatu beharko liratekeela» azaltzen dute, eta errekara hondakinik ez botatzeko ahalegin berezia eskatzen diete herritarrei.
Urtero moduan, Agenda 21aren baitan egindako lan mardul hau ixteko, hainbat konpromiso jarri zituzten mahai gainean ikasleek: beraiek hartzen dituztenak nahiz Udalari eta herritarrei eskatzen dizkietenak. Azken hauei, esate baterako, parkeak zaindu ditzatela, zakarrontziak erabil ditzatela eta txakurren jabeei hauen kakak jaso ditzatela eskatzen diete. Eta Udalari, berriz, etxekolan zerrenda luzea ezarri diote: herriko zenbait gunetan zakarrontzi gehiago jarri; parkeetan komun publikoak jarri; urtean behin errekaren garbiketa antolatu; herriko berdeguneen kopurua handitzeko gutxiago urbanizatu; hutsik dauden etxeak bete, etxe berrien eraikuntza gutxitzeko; edukiontziak maiztasun handiagoarekin garbitu, eta herritarrei arauak betearazi: zakarrak, txakurren gorotzak...
Patxi Albisuk gogoz hartu zituen eskaera hauek guztiak eta Udalean sartzera doan talde berriarekin batera horien inguruan lan egiteko asmoa azaldu zuen. Dena dela, zenbait urrats jada emanda daudela jakinarazi zien ikasleei, hala nola, Jose Lasan laster komun publiko bat martxan jarriko dela aurreratu zien. Hori bai, berak ere jarri zien lana gaztetxoei: «Ur eta argi gutxiago kontsumitzen saiatu behar dugu denok, eta gutxiago kutsatzen». Horretarako, bidegorri sarea erabilzera animatu zituen. «Eta animatu gurasoak ere horretara», eskatu zien.
Monólogos en el Unik
Hoy viernes, a partir de las 8 y media de la tarde, en el Unik, velada de monólogos de humor a cargo del cómico murciano, Kalderas Cómico (Paramount Comedy).