Maiatzaren 29an, igande honetan, III Baserri Eguna ospatuko da Igartubeiti Baserrian, oraingoan museoko 10. urteurrena ospatzeko antolatzen ari diren ekintzen barruan kokatzen delarik egun berezi hau.
Hirugarren aldia da baserri eguna ospatzen dela Ezkio-Itsason eta honetan ekintza desberdinak antolatzen dira. Oraingoan, hasteko, goizeko 11:30ean ferietan beraien produktuak saltzen dituzten Ezkio-Itsasoko emakume baserritarrei omenaldia egingo diete, Aurreskua eta oroigarrien banaketarekin batera. Jarraian, Bertsosaioa egongo da eta honetan Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak arituko dira kantan.
Ordu berean, haurrentzako pintura lehiaketa hasiko da, hau lehenengo aldiz aurrera eramaten delarik. Jasotako margoekin erakusketa bat antolatuko da eta parte har-tzaileak izango dira bai erakusketa eta baita inaugurazioa ere prestatuko dutenak. Pintura lehiaketako parte hartzaileak 5etik 12 urte bitartekoak izango dira eta hauei diplomak banatuko zaizkie.
Arratsaldeko 13:00etan Idi dema erakustaldia hasiko da, Telleria eta Ariztiren eskutik Baserri Museoko aparkalekuan; eta hau amaitu bezain pronto Herri bazkaria hasiko da: oilasko erreak, Lumagorrik eskeinitakoa; gazta pintxoak, Berroetaren esku; txoixo egosi pintxoak Basatxerriri esker; eta Gorrotxategitik Tolosako teila eta zigarrotxoak egongo dira. Ez dira faltako sagardoa, sagar zukua eta kafea. Menuaren prezioa 3 eurokoa izango da.
Azkenik, arratsaldeko 15:00etan 'Igartubeitiko doinuak' Gaizka Sarasolaren kontzertua hasiko da. Gaizka Sarasola, musikan, dantzan eta antzerkian aritua den txistulari lesakarra da.
Euskal Herriko musika tresna tradizionalak erabiliz euskal doinuen eta inprobisazio askearen artean koka daiteke bere lana eta igandean arratsaldean honen musikaz gozatzeko aukera izango dugu.
Goizetatik hasi eta ekitaldi osoan zehar, animalien erakusketa eta Elorza anaiak Trikitilarien musika ikusi eta entzun ahalko da. Eta aldi berean ere Baserri egunean Igartubeiti Baserri Museora hurbiltzen diren guztiek 4 izarretako Iriarte Jauregi Hotelean gau bateko zozketan parte hartzeko aukera izango dute.
Horretarako, egitarau foiletoko kupoia osatu behar dute edo www.igartubeitibaserria.net helbidean kupoia pdf-n deskargatu, inprimatu eta osatu ondoren, maiatzak 29an, igandean, Igartubeitin entregatu eta zozketan parte hartu ahal izango dute.
Autobusa
Igartubeitira igotzeko autobus zerbitzu jarraitua egongo da doan egun honetan. Igartubeitiko parkina idi dema erakustaldirako beharko denez, ezin izango da erabili, eta horren ondorioz, doako autobus zerbitzu jarraitua eskainiko dute Santa Lutziko industriagunetik Igartubeitira, Irizar enpresaren lagun-tzarekin.
X. Urteurrena
Euskal baserriaren historia, bilakaera eta bertan bizi izan ziren biztanleen eguneroko bizimodua hurbiltzeko aukera eskaintzen duen Igartubeiti Baserri Museoak, 10 urte betetzen ditu aurten eta honez gero, Baserri Egunaz gain, ekintza gehiago antolatu dira: Igartubeiti baserriaren zaharberri- tze prozesuan parte hartu zuten teknikariek bisita gidatu bereziak eskainiko dituzte ekaineko egun desberdinetan; ate irekien jardunaldia aurrera eramango da, abuztuaren 14 eta 15ean; «Areago. Soinuetan murgilduz ibili» egitasmoaren aurkezpena egingo da irailean; aurrekoetan bezala Musika kontzertua ospatuko da Igartubeitiko dolarean, urriak 1ean, Antioko musikaldiarekin lankidetzan; eta ezin ahaztu aurten ere faltako ez den Sagardo Asteko ospakizuna.