Gaztaroa frankismoaren pean pasa genuen askorentzat hauteskundeek paradisu itxura zuten edo, gutxienez, paradisuaren lilura eta urruntasuna zuten. Beste batzuentzat, berriz, ez ziren paradisua, ispilatzea baizik, inozoentzako fabrikatutako gezurra, benetako bidetik urrun-tzen gintuen amarrua, burgeskeria hutsa.
Hil zen diktadorea eta urak bidea oztopatzen dion hesia txirtxilatzen duen bezala jarri ginen batzuk hautestontziaren aurrean, papera eskuan, botoa emateko irrikatan, ohore hori merezi zuenaren bila. Irrika horretan joan zitzaizkigun lehen aukerak, emazte bila dabilen prin-tzearen antzera, botoa eta ezkontza oso desberdinak zirela ulertu genuen arte.
Beste batzuek zuzenean egin zuten irrikatik abstentziorako bidea eta hor daude, bolada batean botoa eman ondoren kontuari inolako graziarik aurkitzen ez diotenen erretiraren zain. Honezkero iruditzen zait handituz doala taldea, hor biltzen dela desengainatu ugari, sekula ilusio hori izan ez dutenekin.
Bitartean, hauteskundeak eta botoa hutsalak zirela pentsatu eta predikatu duen askori sartu zaio duela gutxi irrika hori, botoa emateko premia hori. Bitxia da kontrastea: batzuk, gero eta gehiagok, asperdura eta agian nazka sumatzen dute politikaren eta hauteskundeen aurrean eta beste batzuk, berriz, ez dute beste ametsik. Hemendik aste pare batera jakingo dugu ze talde den ugariagoa, zenbat jende hurbilduko den hautestontzietara.
Politikarekiko nagi hori, ilusio falta hori ez zaigu guri bakarrik gertatu. Alderantziz, mendebaleko herri gehienetan gertatzen dela esan daiteke, are guretzat gaztetan paradisu itxura zuten herrietan.Horregatik sortzen digu harridura Afrikako iparraldean gertatzen ari diren mugimenduak, herri haiek hauteskunde anitzekiko azaltzen duten lilura. Agian hor dago sekretua, ahal dugunok ez dugula nahi eta ezin dutenek nahi luketela.
Gauza da hasiak direla gure kaleak botoa eskatzen diguten aurpegiz josten, etorri zaigula beste kanpaina bat, askok beti kanpainan bizi garela pentsatzen badu ere.
Hunkigarria iruditzen zait politikoek kanpainetan nola edo hala guregana heltzeko egiten duten ahalegina, kanpaina bukatu bezain laster jokaera guztiz aldatuko dutela jakin arren. Horregatik jasotzen diet eskaintzen didaten guztia kale bazterrean edo merkatuan topatzen ditudanean, arrosa, krabelina, gozokia edo propaganda.