«Nire ustez, erdaldunak euskarara hurbiltzeko berritu egin behar dugu. Hasteko, irudia berritu behar dugu. Diskurtsoa ere berritu behar dugu, baita praktika ere. Naturalagoak, ez hain sinbolikoak, funtzionalagoak eta praktikoagoak izan behar dugu». Hitzok Lasarte-Oriako alkate Jesus Maria Zaballosek esan zituen atzo goizean, administrazioetako ordezkariei zegokien tartean, hirugarren urtez herrian antolatu diren Udaltop topaketen hasieran. Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera diputatua eta erakunde bereko Euskara zuzendari Estibalitz Alkorta; Bittor Oroz Eudeleko ordezkaria eta Kutxako Mikel Irizar ere bildu ziren nagusiki udak teknikariei zuzendutako jardunaldien irekiera ekitaldira.
Egunean zehar, orain arte gehiegi jorratu ez den arren noiz edo noiz landu beharrekoa zen gaia ikuspegi desberdinetatik aztertzeari ekin zioten hizlariek: zer da euskara erdaldunentzat? nola erakarri euskarara euskara ez dakitenak?
Identitatearen osaketan euskarak duen papera izan zuen hizpide Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak, azken 40 urteotan eman diren aldaketak aintzat harturik eta bereziki erdaldunen bizipen eta ikuspegiei erreparatuz. Kataluniatik iritsitako esperientzia eta testigantzek ere izan zuten noski tartea atzokoan, parte-hartzaile batek azaldu zuenez, bertakoon «inbidiarako». Euskara oso txukunean, 'Hizkuntzen sedukzioa edo sedukzioaren hizkuntza' gaia landu zuen Tallers per la Llengua ekimeneko Gemma Sanguinések.
Esan zuen, besteak beste, gatazkak ez direla ezkutatu behar, ez direla disimulatu behar lotsak, beldurrak, erreparoak, aurreiritziak... Aitzitik, hitz egin behar omen da horri guztiari buruz modu natural eta irekian. Esan gabe gelditu ohi direnak azaleratzeko mekanismoak sortu eta erabili behar dira, «jarrera asertiboak» sustatuz eta gauzen alde ona bilatzen saiatuz; seduzituz, nahiz eta sedukzioaren estrategia hobesteak ez suposatu inondik ere sendotasunari uko egitea.
Hitz egiteko beharra
Hitz egitearen, partekatzearen eta mundu guztiak esateko dituenak entzutearen alde azaldu ziren, halaber, Emun enpresako Gorka Blanco eta Saioa Lizarralde 'Erdaldunak euskarara eta euskara planetara erakartzeko hausnarketa saioak' hitzaldian. Lan egiten duen tokian euskaldunak eta erdaldunak planeta desberdinetan bizi direla sentitzen duen parte-hartzaile batek besterik ulertu bazuen ere, planez aritu ziren Emuneko ordezkariak, ez planetez, euskara planak diseinatzea eta ezartzea baita euren zeregin nagusia.
Gero eta gehiagotan lan hori langile erdaldun asko dituzten tokietan burutzea tokatzen zaienez, euskara ez dakitenei zuzendutako hausnarketa saio bereziak antolatzea erabaki zuten; plana bera euskararen inguruko kontuak beste planeta batekoak balira legez ikusten dituztenei aurkezteko, motibazioa lantzeko eta, bereziki, «haien jarrera eta iritziei buruzko pistak jasotzeko».
Aurreneko pisten arabera, «berba egiteko gogo eta behar handia dute» erdaldunek, eta «kezka asko» ere badituzte. Besteak beste, kezka, arazo eta beldur horiek azaleratzeko balio dute saioek. «Euskararen inguruko prozesuak abian jartzen direnean, kanpo sentitzen dira, arreta gehiago eskatzen dute», azaldu zuen Saioa Lizarraldek, euskararen normalizazioan erdaldunei ere lekua egin behar zaiela azpimarratuz. Eta, saioen helburua hori ez izan arren, badira esperientzian parte hartu ondoren euskara ikasteari edota, ikasi gabe ere, modu batera edo bestera planean parte hartzeari ekiten diotenak.
«Euskararentzat estrategikoa» den eremuan barrena abiatu diren Topaketak gaur amaituko dira, baina gaiaren inguruko gogoetari bide luzea antzematen zaio. Hain zuzen ere, asko dago oraindik esateko eta entzuteko.