Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta eta Kilometroak 2011ren harira, gaur burutuko da Sanagustinen prestatutako hiru mahai-inguruetatik azkena. Azpeitiko euskara izango dute gaitzat eta bertan herritarrak izango dira mahai bueltan, Amaia Mendizabal moderatzailea eta Elhuyar-eko kideak gidatuta. Honakoak dira: Estitxu Elduaien kazetaria, Imanol Lazkano eta Jokin Uranga bertsolariak eta Pako Aristi idazlea. Urrestildarrarekin, Azpeitiko euskararen inguruan, solasalditxo bat izan dugu eta aldi berean, gaiaren inguruan gaur azalduko duenaren berri eman ere.
-Nola ikusten duzu euskararen egoera Azpeitian?
-Azpeitiak ez du eduki kontzien-tzia handiegirik euskararekiko. Potentzial handia bai, hiztun pila bat duelako baina kontzientzi pixkat eduki balu, euskaraz egindako kulturaren hiriburua behar luke hizkuntzaren aldetik. Baina, euskararen aldetik, indiferentziaz betetako basamortu bat izan da.
-Eta... ba al dago modurik kon-tzientzia hori pizteko?
-Bi modutara pizten da kontzien-tzia: Zerbait galtzera doala sortzen denean, hau da, galera baten aurrean. Etsipenetik, osasuna galtzerakoan sortzen dena. Kontzientzia depresiboa deitzen diot honi. Eta, estrategikoa da bestea. Inteligen-tziatik sortua. Herri baten aberastasuna erabakitzen denean, eta aberastasun horrekin, plangintza bat egin ohi denean. Azpeitian ez da ez bat eta ez bestea egon: Lehena, arriskurik ez delako egon eta plangintza egiteko, aldiz, euskara ez da ikusi aberastasun bezala. Estrategia bat ere ez da egon.
-Arrazoirik topatzen al diozu kontzientzia falta horri?
-Jendeak erdaraz egiteko ohitura handia du. Erabat euskaldunak direnak ere, gaztelerara pasatzeko ohitura dute. Zatarkeria da niretzat. Hala ere, ez dago zatarkeria kon-tzientziarik, konturatu gabe egiten da. Konplexu pittin bat ikusten dut nik, gutxiespen konplexua. Dotoreagoa iruditzen zaie erdaraz egitea. Bestalde, jaso ohi den informazioa, komunikabideetatik..., erdaraz da eta errepikapen hutsa da. Albisteak gazteleraz jasoz gero, hala konta-tzen dira. Euskarazko potentzialidadea alferrik galdu du urte askoan Azpeitiak, baita ekonomikoki ere.
-Euskarak dirua sortzeko izan dezakeen ahalmena alferrik galdu da orduan Azpeitian.
-Ez da ikusi euskara aberastasun iturri bezalala. Barnetegirik, baserrietan egonaldirik edota ikasleen-tzak hotelik ez da sortu. Horrek dirua ere ekar zezakeen herrira.
-Etorkizunean nola ikusten duzu euskararen egoera herrian?
-Gazteen esku. Potentzialidade aldetik begiratuta, oso ona, baldin eta plangintza bat egiten bada. Bestela, etorkizun kaskarra ikusten dut. Uztarria Kultur Koordinakundea eta barnean euskarazko herri aldizkaria sortu zirenean, aldaketa garrantzitsua eman zen hor. Jendea euskaraz irakurtzen edo euskarazko liburuei heltzeko joera piztu zelako. Aurrera begira, etorkinek garrantzia handia dute. Bi etorkin mota nabarmendu nahi nituzke. Alde batetik, Espainiatik etorriak, ez dute izan beharrik hizkuntza aldatzeko, beren kontzientzian Espainian zeudelako. Baina Hego ameriketatik edo Asiatik etorritakoen jarrera desberdina da. Lehenak, gazteleraz jakin arren, beste berezitasun bat ikusten dute hemen eta integratzeko komenigarria ikusten dute euskara. Bigarrenen kasuan, bi hizkuntzak dira berriak eta modu natural batean, kutsamen ideologikorik gabe, euskara hartzen dute askok eta askok.